Igor Legarreta: 'Istorioa bihurritu egin behar da baina erabat hautsi gabe'
Igor Legarretak ibilbide luzea du kameraren atzealdean: hainbat film labur zuzendu ditu (El trabajo, El gran Zambini…) eta pelikula zenbaitetan jardun du gidoigile taldean zein bigarren unitateko zuzendari gisa (Autómata Gabe Ibañezena, Zipi eta Zape Oskar Santosena…).
Orain, debuta egin du film luzeen zuzendari gisa, Cuando dejes de quererme lanarekin. Lauraren (Flor Torrente) istorioa kontatzen du pelikulak: aitak abandonatu dituelakoan, Euskal Herritik Argentinara joango zen, umetan, eta Buenos Airesen bizi da, aitaordearekin (Eduardo Blanco).
Egun batean, dei bat jasoko du. Horrela jakingo du aitaren gorpua basoan lurperatuta agertu dela eta, auzitegiko medikuen arabera, duela 30 urte hil zutela, garondoan tiroa jota. Eneko Sagardoy gizonezko aktoren berri onenaren Goya saria irabazi berri duen aktoreak egiten du filmean aitarena.
Laura Euskal Herrira itzuliko da orduan, aitaordearekin batera, eta aitaren heriotzaren nondik norakoak ikertzeari ekingo dio Javier Egoskue (Miki Esparbé) aseguru agentearen laguntzaz.
Legarretarekin hitz egin dugu, Cuando dejes de quererme-ri buruz gehiago jakiteko.
Zerk bultzatu zintuen Cuando dejes de quererme-ko istorioa kontatzera?
Batik bat Javier Echanizek, Ion Iriartek eta Asier Guerricaechebarriak idatzitako gidoia irakurtzeak. Istorioak harrapatu egin ninduen: tonua, pertsonaiak… Eta protagonista bi aitaren arteko maitasunaren erdian harrapatuta egoteak. Beti iruditu zait oso gatazka interesgarria.
Bere bizitzaren zati bat itxitzat eman eta 30 urtera, Laura Euskal Herrira itzuliko da. Zein neurritan baldintzatzen gaitu gure iraganak edo horren inguruko ezjakintasunak?
Laurak 4 urte bete aurretik uzten du Euskal Herria, eta ozeano bat jartzen du tartean. Baina lotura emozional handia sortzen da bere baitan, erabat irrazionala, atzean uzten duen lurrarekin, nahiz eta apenas gogoratzen duen ezer orduko familiaz, aitaz eta abarrez.
Atsegin dut iraganarekin batzen gaituen lokarri emozional hori, mozten horren zail egiten zaiguna. Are gehiago, batzuetan ezinezkoa da moztea.
Aktore protagonistak Flor Torrente eta Miki Esparbé dira. Zer eman dio bakoitzak filmari?
Beren nortasuna eman diote, pertsonaiak bere eginez. Esango nuke Florri esker "euskal-argentinar" pertsonaiak egiantzekotasuna irabazi duela eta, aldi berean, pertsonaia horri beti ikusi diodan alde bat indartu duela: umezaroko nolabaiteko tristura dario. Florrek nortasuna eta hauskortasuna islatzen ditu aldi berean.
Mikik, bestalde, pertsonaiari gertutasuna eta sinesgarritasuna ematen lagundu du, eta berez zituen argia eta sendatzeko indarra zabaldu ditu. Indar handia du.

Gainera, publiko orokorrak hobeto ezagutzen duen aktore bat ere zuzendu duzu, Eduardo Blanco ("El hijo de la novia", "Luna de Avellaneda"…). Zelan moldatu zara berarekin?
Oso erraza izan da Eduardorekin lan egitea, beste guztiekin bezala. Baina bere babesa eta konfiantza funtsezkoak izan dira hasiberri batentzat, esperientzia eta ospe handiko aktorea dela kontuan izanda.
Gainera, oso ona da gidoiak irakurtzen, eta hori oso lagungarria izan zait elkarrizketa batzuk eta hainbat sekuentziaren tonua doitu eta argitzeko. Gozatu handia.

Eneko Sagardoy ere agertzen da filmean…
Enekok talentu eta sentiberatasun handia ditu, langile nekaezina da… Jenio bat! Eta durangarra, gainera!
Oso deigarria da nolako heldutasuna erakusten duen, hain gaztea izanda.
Euskal Herriko toki asko hautatu dituzu grabatzeko: Urkiola, Altsasu, Bilbo, Oñati… Leku ezagunetan filmatzea garrantzitsua zen lurrak baldintzatzen gaituela islatzen duen lan batean?
Oso argi izan genuen hasieratik lokalizazioak funtsezkoak zirela filmean. Mikel Saldise lokalizazioen arduradunak lan ikaragarria egin du. Pertsonaiak inguratzen dituzten espazioek zerbait gehitzea behar genuen; mendiak behar genituen, harrobiak, basoak, lainoa…
Irudiei dagokienez, ez dut hoberik ikusten Laura bere iraganaz ezer ez dakiela Euskal Herrira itzultzen denean lainoa nagusi den giro batean agertzea baino.
Itzultzen denean, haren buruko paisaia ia-ia gogoratzen ez duen toki horretan islatzen saiatu gara nolabait.

Zein ezaugarri izan behar ditu, zure ustez, suspensezko pelikula batek?
Imajinatzen dut istorioa bihurritzen jakin behar dela, erabat haustera iritsi gabe.
Zure lanean umore zipriztinak ere ageri dira. Nola erabili duzue umorea?
Umorea da gidoia irakurtzean arreta eman zidan elementuetako bat. Oso ondo dator arintzeko, dramari eta misterioari pisua eta handikeria kentzen baitie.
Kontuan izan behar dugu istorioan ageri den ikerketa ez dela munta handikoa: gure ikertzaileak jende arrunta dira, ezagupen maila ertainekoak. Eta umoreak "normatasun" horri eusten laguntzen du (gure egunerokoan beti egoten da umorea). Gainera, intentsitate maila ere moteltzen du, zeren askotan istorio askok serioegi hartzen baitute beren burua, nire aburuz.
Pertsonaiek hainbat portaera zuritzeko erabiltzen dute maitasuna, zenbait unetan. Noiz da zilegi, inoiz izatekotan, irrazionaltasuna arrazoiaren aurretik jartzea?
"Maitasunez zoratzen egotea", adibidez, esaera kezkagarria da. Filmean, beren burua ulertarazteko erabiltzen dute pertsonaiek maitasuna (edo maitasunik eza).
Errazagoa da maitasuna aipatzea hainbat jarrera zuritzeko, nire ustez. Ematen du horrela dena dagoela justifikatuta.

Balio izan dizu aurreko esperientziak zuzendari nagusi gisa lehen film luzea egiteko?
Jakina, denak laguntzen du. Asko ikasi dut filmatzen eta idazten. Zuzendari lagun batek esaten duenez, ogirik egin ezean inor ezin da okina izan. Dena dela, film luze bat filmatzea … tira, film luze bat filmatzea da. Lan karga eta erantzukizuna biderkatu egiten dira, eta arazoak ere bai.
Niretzat, helmugara iristeko gakoa inguruan ahalik eta lantalde onena izatea da. Eta niri dagokidanez, hala izan da.
Sei urte behar izan dituzue filma egiteko. Zein izan da gainditu behar izan duzuen arazo nagusia?
Finantzazioa lortzea, batez ere. Zinema egitea garestia da, eta askotan prozesuak asko luzatzen dira. Baina, salbuespena ematen badu ere, ez da horrenbesterako. Irakurri nuenez, Hollywooden, batez beste, bost urte behar izaten dituzte filmak egiteko. Ez gara gehiegi luzatu.
Zer bide opa diozu Cuando dejes de quererme-ri?
Beti esan dut nire helburu nagusia film ona egitea zela. Eta lortu dugulakoan nago. Beraz, pentsatu nahi dut hori nahikoa izan behar dela filmak bide komertzial sendoa izateko; hots, pelikula ikus-entzuleen gustukoa izateko eta publikoa hunkitzeko.

Ba al duzu beste proiekturen bat esku artean?
Bai, pare bat gauza daukat. Zinemako prozesuak nolakoak diren kontuan izanda, beti izan behar da zerbait esku artean.
Zure interesekoa izan daiteke
Michaël R. Roskamen 'Le Faux Soir' filmarekin emango diote amaiera Zinemaldiari
II. Mundu Gerran Belgikako Erresistentziaren operazio batean gertatutakoa azaltzen duen filma lehiaketatik kanpo proiektatuko da irailaren 26an, Kursaalen, palmaresa iragarri ondoren.
Fatih Akinen "Ghost Song" filmak inauguratuko du Zinemaldiko Sail Ofiziala
Zuzendari alemaniarraren film berriaren mundu mailako estreinaldiak irekiko du irailaren 18an Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko Sail Ofiziala. Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Kursaal Auditorioan proiektatuko da filma, eta Akinek Urrezko Maskorra lortzeko lehian parte hartuko duen lehen aldia izango da.
Los Javis, Araujo, Dhont edo Hamaguchiren film berriak eskainiko dituzte Zinemaldiko Perlak sailean
Guztira 16 film luze proiektatuko dira Perlak sailean eta guztiak, Olivier Nakache eta Eric Toledanoren 'Juste une illusion' izan ezik, Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehiatuko dira.
Zinemaldiko Belodromoko saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko
Donostiako belodromoak 'Karateka' eta 'Muguruza FM 40 Tour' filmen mundu mailako estreinaldiak hartuko ditu, baita 'Go! azen' telesailaren denboraldi berriaren lehen atala ere.
Hayden Panettiere aktorea hil da, 'Scream' eta 'Heroes'-eko protagonista, 36 urte zituela
Aktorearen ordezkariak baieztatu du albistea, baina oraingoz ez dute jakinarazi zergatik hil den.
Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko lehian arituko diren sei film gehiago iragarri ditu
Jesse Eisenbergen eta Fred Cavayeren lanak, besteak beste, aurretik iragarritako hamar izenburuei batuko zaizkie Zinemaldiko Sail Ofizialean.
Leihoa irekita izan arren, pantailarik ez
Werner Herzog, Donostia saria
Zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktore alemaniarrari Zinemaldiko ohorezko sari ospetsuenetako bat emango diote. Herzogek inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria, eta bere azken filma aurkeztuko du: Bucking Fastard.
Manolo Solo espainiar aktorea hil da
Andaluziar aktoreak, "Cerrar los ojos" eta "Una quinta portuguesa" flimen protagonistak, 62 urte zituen.
Hamalau zinemagilek beren lehen edo bigarren filmak aurkeztuko dituzte New Directorsen
Javier Giner barakaldar zuzendariak “Esta soledad” bere estreinako pelikula aurkeztuko du Zinemaldiaren atal honetan.