El Drogas: "Agertzen doazen txokoetan galtzen saiatzen naiz"
Fito Cabrales musikariak "El Drogas" dokumentalean esaten duenez, Enrique (Enrique Villarreal, El Drogas) adiskidearen inguruan daudenak nekez izango dira gizatxarrak. Bada, Barricadako buru ohiaren hurkoenek berek, Mamen Irujo bikotekideak zein Rosendo Mercado, Kutxi Romer, Fito bera eta Gorka Urbizu musikariek esaterako, gidatzen dute 80 minutuz ikuslea "El Drogas" atzo Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten dokumentalean zehar.
Natxo Leuza iruindar zuzendariak (1977) gaztelaniazko rockaren ikono eztabaidaezin honen gaineko begirada zabala bildu du lan honetan, bihotz-bihotzeko lekukotasunak eta Villarrealek zintzotasunaren barrikadatik egindako hausnarketa engaiatu eta onestak uztartuta.
Ikuskizunaren dirdirak eta fokuen argiek itsutu gabeko begiraden bidez, egunotan Zinemaldiko Zinemira sailean eta irailaren 25etik aurrera Hegoaldeko zinema aretoetan ikusi ahalko den pelikulak Barricadako eta Txarrenako kantari, baxu-jotzaile eta burua ez ezik, kidea, aita eta aitatxi Enrique ere erakusten ditu.
Feminismoa, familia, memoria historikoa, drogak, arrakasta eta ospea, Barricadaren amaiera iskanbilatsua edo taldekideekiko harremanak jorratzen dira, besteak beste ("Dena jaso nahi genuen, baina gai batzuk kentzen joan gara pelikularen gai nagusia lausotzen zutelako", esan digu Leuzak), bestaldean dagoena artez ikusteko oker ibiltzen den musikari zuzen honen jarraitzaileentzat ezinbestekoa den pelikulan.

Natxo Leuza eta Enrique Villarrealekin hitz egin dugu.
Natxo, zure aurreko pelikuletan oso bestelako gaiak jorratu dituzu: Mauritaniako eta Gambiako istorioak. Zergatik erabaki zenuen oraingoan Enriquerena bezalako mundu hurbilari buruz aritzea?
Natxo Leuza: Zuzendari gisa dudan motibazio nagusia istorioak kontatzea da. Ez dit axola non gertatzen diren, baina jendearengana iristea nahi dut. Azken urteetan, lotura handia izan dut Afrikan gertatzen diren istorioekin; bertan umeek egunero pairatzen dituzten bidegabekeria asko salatzen saiatu naiz, bere herrialdean jaiotze hutsagatik indarkeria mota askoren biktima izaten baitira.
Hainbat joan-etorriren ostean, nire hurrengo istorioa prestatzeko ez nuen horren zama emozional handirik izan nahi, eta Punto de Vista jaialdian nirekin batera aritzen ziren lagun batzuekin hitz egin nuen. El Drogas konbentzitzen saiatzea otu zitzaigun, bere historia kontatu ahal izateko, ezinbesteko pieza baiteritzot azken 40 urteetako musikaren historia ulertzeko. Eta, ezustean, baietz esan zigun.

Natxo Leuza, "El Drogas"en zuzendaria
Enrique, aurretik antzeko proiektuei uko egin eta gero, zergatik eman zenion baiezkoa Natxo Leuzari? Ez dizu bertigorik eman dokumentalaren pasarte batzuetan zeure burua horren agerian uzteak?
Enrique Villarreal: Hain zuzen ere, intimitatea horren agerian uzteko bertigoak beldurtu nau beti horren modu pertsonalean jorratzen diren gaiei heltzeko orduan. Horregatik, ez daukat inola ere argi zergatik eman nion baiezkoa Natxori.
Are gehiago, bere proiektuarekin aurrera jarraitzeko gauza ez nintzela esateko tentatuta egon naiz behin baino gehiagotan.
Asko kostatu zitzaizun pertsonaren muinera iristea eta Enriquek El Drogas izateari uztea? Nola uztartzen dira artista, ikuskizunaren protagonista, eta pertsona, bere kasuan?
Natxo: Pelikula honekin ikasi dudan gauzetako bat da ez dagoela alde handirik pertsonaren eta artistaren artean; baliteke ikusleak ere berdin jasotzea ikusten duenean.
El Drogas berdina da agertoki gainean eta ogia erosten. Enriquek ezin dio inoiz El Drogas izateari utzi. Bere obra bere buruaren itzala da; horregatik da horren interesgarria, artistaren eta pertsonaren artean arrakalarik erakusten ez duen benetako artista.
Zerk harritu zaitu gehien, hobeto ezagutu eta gero?
Natxo: Niretzat plazera izan da berarekin egotea, edozer gauzari buruz hizketan aditzea. Solaskide nekaezina da, eta berarekin pasatu ditudan une onenak bere istorioak kontatzen edo edozein unetan kantuan entzun dudanean izan dira. Baina atera dudan irakatsirik handiena da helburuak lortzeko egunero egin behar dela lan.
Enriqueri ez diote ezer oparitu, gogor egin behar izan du lan, eta, gainera, ahalegin handia eskatzen dioten erronkak jartzen dizkio beti bere buruari: Zitadelan kontzertua eman zuen 19 artista gonbidaturekin batera, 5 disko atera berri ditu, pianoa jotzen ikasi berri du bere kasa, eta orain zuzenekoetan jotzen animatzen da, eta gozatzen ikus daiteke, nahiz eta berak esaten duen pianoa jo baino gehiago astindu egiten duela.
Nekaezina da, eta seguru nago bere buruari jarriko dizkion hurrengo erronkak ez direla errazak izango eta erarik zintzoenean gauzatuko dituela, lan eta esfortzu handiz. Horrek guztiak artista inkonformista bihurtzen du, berak bere buruari ezarritako erronkak gainditzea arrakasta pertsonaltzat duena. Bere buruaren aurkakoa da orain bere borroka, benetako artista bati dagokion bezala.
Enrique, dokumentalak nondik zatozen eta orain non zauden erakusten digu. Badakizu, baina, nora zoazen?
Enrique: Ez daukat oso argi nora noan, hasten dudan bidea ez baita inoiz izaten bukatzen dudana. Ahal dudan bakoitzean, bidean agertzen diren txokoetan galtzen saiatzen naiz, toki eta momentu horretan hor egon ezean inoiz aurkituko ez genituzkeen gertaerak ezkutatzen baitituzte.
Horregatik, bidaia baten alderik ederrena ez da helmuga, ezpada bidea.

Eta dokumentala ikusi berri duen pertsona baten buruan zer pentsamendu egotea gustatuko litzaizuke?
Enrique: Espero dut dokumentala ikusten dutenek zirrara sentitzea denok bizi ditugun egoera jakinak ikusiz.
Filmean kontatzen duzunez, Barricadaren amaierari, drogak uzteko erronkari eta amaren gaixotasunari aurre egin behar izan zenien garai ilunetan literaturak salbatu zintuen, Kutxi Romeroren (Marea) bidez ezagutu ostean. Zer eman dizu irakurtzeak?
Enrique: Zure obsesioek ito nahi zaituzten ezjakintasunetik ateratzen zaitu irakurtzeak. Heldulekua eskaintzen dizun iltze goria da. Berdin dio bost minuturen buruan irakurritako guztia ahazteak, irakurraldi hori baita zure errautsei lapurtu diezuna. Hori da garrantzitsuena, txinparta.
Orduko edo beste garairen bateko irakurketarik azpimarratuko zenuke?
Enrique: Nire bizitzako une kritiko batean, Kutxik niretzat idatzi dutela dirudien poeta pilo bat ezagutzeko bidea eman zidan: Cesar Vallejo, Leopoldo Maria Panero, David Gonzalez… Ehunka idazle. Milaka hitz, ordenatuta zein nahasita, bakoitzari bere umiltasuna aurkitzen laguntzen diotenak, agian pertsona jakintsu baten bertuterik handiena izango dena.

Pelikula Zinemaldian aurkeztu da, zinema aretoetara iritsi baino lehen. Zein harreman duzu zinemarekin? Zer pelikula gustatzen zaizkizu gehien edo zeinek utzi dizu arrasto sakonena?
Enrique: Horretan oso sinplea naiz. Kantuek bezala, kontatzen duen istorioak harrapatzen banau utziko dit arrastoa pelikula batek.
Hori azaltzen duten hiru titulurekin laburtzearren: "La guerre des boutons", Frantziako herri batean kokatuta dagoen arren Txantrea auzoan nire haurtzaroa nolakoa izan zen islatzen duena; "Ladri di biciclette" eta gerraosteko zapore hori, amaiera tristea duena, haurtzaroan auzoan bizitakoak dakarzkit, autoak ikusi aurretik kalean denak bizikletak zirenekoak; eta, azkenik, "El violín" eta mugako bide hautseztatuko poesia tragikoa.
Nire aktore gogokoenak Anna Magniani, Glenda Jackson eta Charo Lopez dira, eta ez dira hiru pelikula horietako batean ere agertzen.
Zer espero duzue pelikula Zinemalditik pasatu eta aretoetan estreinatu eta gero?
Natxo: Tira, espero dut publikoak ondo hartzea eta aretoetatik ibilbide ona egitea, jendea has dadila beldurra gainditzen eta aretoetara joaten zinemaz gozatzeko. Hori da garrantzitsuena.

"El Drogas" irailaren 25ean iritsiko da zinema aretoetara
Zure interesekoa izan daiteke
Michaël R. Roskamen 'Le Faux Soir' filmarekin emango diote amaiera Zinemaldiari
II. Mundu Gerran Belgikako Erresistentziaren operazio batean gertatutakoa azaltzen duen filma lehiaketatik kanpo proiektatuko da irailaren 26an, Kursaalen, palmaresa iragarri ondoren.
Fatih Akinen "Ghost Song" filmak inauguratuko du Zinemaldiko Sail Ofiziala
Zuzendari alemaniarraren film berriaren mundu mailako estreinaldiak irekiko du irailaren 18an Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko Sail Ofiziala. Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Kursaal Auditorioan proiektatuko da filma, eta Akinek Urrezko Maskorra lortzeko lehian parte hartuko duen lehen aldia izango da.
Los Javis, Araujo, Dhont edo Hamaguchiren film berriak eskainiko dituzte Zinemaldiko Perlak sailean
Guztira 16 film luze proiektatuko dira Perlak sailean eta guztiak, Olivier Nakache eta Eric Toledanoren 'Juste une illusion' izan ezik, Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehiatuko dira.
Zinemaldiko Belodromoko saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko
Donostiako belodromoak 'Karateka' eta 'Muguruza FM 40 Tour' filmen mundu mailako estreinaldiak hartuko ditu, baita 'Go! azen' telesailaren denboraldi berriaren lehen atala ere.
Hayden Panettiere aktorea hil da, 'Scream' eta 'Heroes'-eko protagonista, 36 urte zituela
Aktorearen ordezkariak baieztatu du albistea, baina oraingoz ez dute jakinarazi zergatik hil den.
Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko lehian arituko diren sei film gehiago iragarri ditu
Jesse Eisenbergen eta Fred Cavayeren lanak, besteak beste, aurretik iragarritako hamar izenburuei batuko zaizkie Zinemaldiko Sail Ofizialean.
Leihoa irekita izan arren, pantailarik ez
Werner Herzog, Donostia saria
Zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktore alemaniarrari Zinemaldiko ohorezko sari ospetsuenetako bat emango diote. Herzogek inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria, eta bere azken filma aurkeztuko du: Bucking Fastard.
Manolo Solo espainiar aktorea hil da
Andaluziar aktoreak, "Cerrar los ojos" eta "Una quinta portuguesa" flimen protagonistak, 62 urte zituen.
Hamalau zinemagilek beren lehen edo bigarren filmak aurkeztuko dituzte New Directorsen
Javier Giner barakaldar zuzendariak “Esta soledad” bere estreinako pelikula aurkeztuko du Zinemaldiaren atal honetan.