Lara Izagirre: "Arruntasunaren edertasuna du abiapuntu 'Nora'k"
Donostiako Zinemaldira, Un otoño sin Berlín bere lehen filma estreinatu zuen toki berera (aipamen berezia jaso zuen orduan), itzuli da Lara Izagirre (Zornotza, 1985) Nora bere bigarren filma estreinatzeko. Berak aukeratu ez dituen gauzek estututa gainez egin duen eta bere buruaren bila bidaia bat abiatu duen 30 urteko emakume baten istorioa kontatzen du film soil eta baikorrak, Ane Pikaza aktorea protagonista duela.
Norak road trip argitsu bat abiatuko du euskal kostaldean zehar, aitona (Hector Alterio aktore handia) hildakoan, horren errautsak amonarenekin batu eta, bide batez, bere buruarekin eskuzabal jokatu eta, eguneroko zamak uxatuta, zoriontsu eta aske izateko ahalegina aitortzeko behingoz.
Izagirrerekin hitz egin dugu, askatasunaz, zaintzaz, beldurrez, ausardiaz, zoriontasunaz eta galeraz diharduen komedia dramatiko honi buruz.
Ane Pikaza aktorea da Nora Lara Izagirreren filmean
Nora filmak adar asko zabaltzen ditu. Zer sentimendu edo asmo dago istorio hau idazteko bulkadaren erroetan?
Idazteko izan nuen bulkadaren atzean emozio askoren zipriztinak daude. Alde batetik, gure aitite-amamentzako omenaldia izan nahi du filmak. Bestalde, emakume arrunta erdigunean jarri nahi nuen eta bere egunerokotasuna jorratu, arruntasunaren edertasuna abiapuntutzat hartuz. Gauzak lehenengoz egiteak sortzen duen zirraraz hitz egin nahi nuen, eta aske izateko geure burua maitatzeko dugun beharraz.
Ane Pikaza aktorearen lana funtsezkoa da Nora-n, filmaren gidari nagusia da. Zergatik aukeratu zenuten bera?
Hasieratik nekien filmaren giltza emakumezko aktore batek izango zuela. Ane Pikazak Norak behar zuen energia zeukala ikusi nuen, castinga egiten sartu zen momentutik. Anek komedia eta dramaren arteko marra fin horretan modu organikoan ibiltzeko gaitasuna du: barregarria da batzuetan, baina emozionatu egiten gaitu.
Pertsonaiak behar zituen ezaugarri guztiak zituen Anek, eta, gainera, aparteko aktorea da. Hortaz, ez zen aukeraketa zaila izan.
Ane Pikaza aktorea eta Lara Izagirre zuzendaria
Nola egin duzu lan berarekin proiektura batu zenetik?
Oso prozesu ederra izan da. Filma grabatu baino urtebete lehenago aukeratu nuen Ane, eta berarekin egin dut filma idazteko bide osoa, berarekin aukeratu ditut beste aktore guztiak… Anek eta biok eraiki dugu Nora, oso ondo ezagutzen dugun laguna bihurtu da pertsonaia.
Edozein lekutan utziko bagenu, badakigu zer egingo lukeen Norak, nola jokatuko lukeen eta zer esango lukeen.
Ez da kasualitatea izango Nora ilustratzailea izatea, esaterako…
Ane aukeratu eta gero bihurtu zen Nora ilustratzaile. Norak bidaia koadernoak idazten zituen, hori bai, baina ilustratzaile bihurtzeko azken urratsa Aneren talentua probesteko eta pertsonaia marrazkiaren bidez deskubritzeko egin genuen.
Ederra izan zen Noraren marrazteko modua ezagutzea, Ane Pikazaren bidetik urrunduz.
Aktore gazteekin eta, berbarako, Ramon Barea, Loli Astoreka, Klara Badiola eta Hector Alterio beteranoekin lan egin duzu filmatzean. Zer eman dizu aniztasun horrek?
Aniztasunak kolorea eman dio filmari, itzal desberdinak, doinu desberdinak… Honetaz gain, Catherine Domain bidaiari ospetsuak eta IZARO abeslariak ere hartu dute parte filmean.
Adin eta jatorri desberdinetako aktoreak, ez-aktoreak, animaliak, umeak eta agureak modu organikoan ikusiko ditugu Nora-n. Nik uste dut ederra dela.
Nolakoa izan da beraien arteko harremana?
Aktoreen zati handi bat nire adin ingurukoak izan dira, lagunartekoa bezalako harremana egin dugu, oso komunikazio ona izan dugu eta askatasunez parte hartu dute pertsonaien sorreran. Beraien artean ere oso ondo moldatu dira.
Ramón, Loli eta Klara, aldiz, nire gurasoen adinekoak dira eta beraiekin lan egiteko modua desberdina izan da. Beraien esperientziak lasaitasuna eman digu, eta oso eskuzabalak izan direla iruditzen zait. Ane bereziki zaindu dute; lagunak ziren filma egin baino lehenagotik eta polita izan da babes hori ikustea. Denak zeuden prest Aneren lana hobetzen laguntzeko.
Héctor Alterio, ordea, nire amamaren adinekoa da eta izugarri miresten dudan aktorea da. Anek eta Hectorrek oso kimika ona izan dute, eta gertu-gertuko harremana izan dute prozesu osoan zehar.
Hector Alterio eta Ane Pikaza
Drama komediaz ugari zipriztinduta ageri da istorioan. Nola landu duzu oreka hori?
Niretzat bizitza drama komikoa da. Beti dago irribarrerako aukera, egoera tristeenetan ere bai, eta negar anpuluak gutxien espero ditugunean ateratzen dira. Bizitza irudikatzen saiatu naiz, eta oreka berez etorri da.
Zer helbururekin erabili duzu umorea?
Umorea arnasa hartzeko aukera da, bai bizitzan eta bai zineman. Nora-n ere helburu horrekin erabili dut, ikusleari arnasteko eta filmean aurrera egiteko aukera emateko.
Krisi pertsonal bat jorratuagatik, bizinahia dario filmari. Nolako ikusleengana zuzenduta dago?
Niretzat oso garrantzitsua da filma publiko zabal batera heltzea, ez dut bereziki ikusle batzuengan pentsatu. Ikusle arruntarentzat egiten ditut filmak, nire herriko zine aretoa betetzen duten emakume nagusientzat, nire lagunentzat, nire familiarentzat…
Proiekzioa amaitutakoan, ikuslearen buru-bihotzetan zer ibiltzea nahiko zenuke?
Ikusleek ematen diotela zentzua filmari. Proiekzioa amaitutakoan beraien buru-bihotzak zerbaitetan badabiltza, nahikoa izango da. Filmak ikusleengan zerbait, edozein emozio, pizten badu, helburua lortutzat emango dugu.
2015ean Zinemaldian bertan estreinatu zenuen Un otoño sin Berlín zure lehen filma. Zer oroitzapen dituzu?
Oso garrantzitsua izan zen 2015eko aurkezpen hura. Ederra, hunkigarria, ahaztezina… Ez nuen horrelakorik espero, eta dena izan zen berria niretzat. Victoria Eugenian aurkeztea ametsa izan zen.
Nola bizi izaten duzu Zinemaldia?
Urtearen arabera, oso desberdina izaten da. Askotan lan batzar mugagabeak izaten ditugu. Beste batzuetan, ikusle bezala gozatu izan dut. Aurten, 2015ean bezala, beste era batera biziko dut. Urte berezia izango da hau, duda barik.
Aurten, gainera, Ya no duermo (Marina Palacio) zure ekoiztetxeak bultzatutako film laburra ere Zabaltegi Tabakalera sailean ari da lehian. Zer kontatu ahal diguzu lan honetaz?
Marinaren filma opari bat izan da ekoiztetxearentzat. Benetan ederra, sotila, fina eta delikatua den filma egin du zuzendariak. Familian egindako banpiro pelikula izanik maila oso profesionalera eraman du proiektua eta Zabaltegi Tabakaleran aukeratu izanak pozez betetzen gaitu. Euskal zuzendari berri hau deskubritu behar duzue!
Urriaren 9an iritsiko da Nora zinema aretoetara
Albiste gehiago zinema
Biba Zinema eta Lege Berriak!
Begoña del Tesok gaur egun zinema kontsumitzeko moduaren analisia egin du.
Marisa Paredes omenduko du Zinemaldiak 73. edizioko kartel ofizialean
Bestalde, gaur jakitera eman da Esther Garcia ekoizleak jasoko duela aurtengo Donostia sarietako bat, "Espainiako eta Latinoamerikako zinemagintza nazioartekotzeko egin duen lanagatik".
‘Zeru Ahoak’, Almandozen azken lanaren lehen irudiak aurkeztu dituzte
Lau ataleko serie noir laburra da eta Nagore Aranburu aktore azpeitiarra da protagonista. Orain ikusi ez den Bilbo erakustea da asmoa. Donostia Zinemaldiaren 73. Edizioko Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan hartuko du parte.
Alauda Ruiz de Azua zuzendari bizkaitarra lehen aldiz lehiatuko da Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko, ‘Los Domingos’ filmarekin
Film honek klausura-komentuko kontenplazio-bizitzak erakarri egingo duen gazte aparteko eta idealista baten istorioa jorratzen du. Ruiz de Azuaren lehen film luzea 'Cinco lobitos' izan zen.
"Gaua" eta "Decorado" euskal ekoizpenak Sitgeseko zinema jaialdian lehiatuko dira
Paul Urkijoren film berria eta Alberto Vázquez galiziarraren animaziozko lana urriaren 9tik 19ra Kataluniako kostaldeko herrian egiten den zinemaldiko Sail Ofizialean izango dira.
Urriaren 10ean estreinatuko dute “Karmele” filma
Lehenago, Asier Altunaren filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean proiektatuko dute. Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy dira protagonistak, eta “Elkarrekin esnatzeko ordua” Kirmen Uriberen eleberrian oinarrituta dago.
Karmele, Maspalomas eta Zeru ahoak Zinemaldiko Sail Ofizialean egongo dira
Donostiako Zinemaldiak aurtengo programazioan egongo diren Estatuko ekoizpenak aurkeztu ditu gaur, Madrilen. Euskarazko hiru jasoko ditu aurtengo edizioaren Sail Ofizialak: Koldo Almandozen Zeru Ahoak, Asier Altunaren Karmele eta Moriartiren Maspalomas. Azken hori, gainera, Maskorra eskuratzeko lehian izango da.
Euskarazko hiru ekoizpen jasoko ditu Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialak
“Maspalomas” Moriarti hirukotearen filma Maskorretarako lehian izango da, eta “Karmele” Asier Altunaren filma eta “Zeru ahoak” Koldo Almandozen seriea, lehiatik kanpo. Donostiako Zinemaldiak aurtengo programazioan egongo diren Estatuko ekoizpenak aurkeztu ditu gaur, Madrilen.
Ion de Sosak Locarnoko zinema jaialdian estreinatuko du “Balearic”
Donostiar zinemagilearen film luzea Concorso Cineasti del Presente sailean lehiatuko da Suitzako hiriko jaialdian.

"Jone, batzuetan" Sara Fantovaren filma irailaren 12an estreinatuko dute
Malagako zinema jaialdian eta D’A Film Festivalen sariak jaso eta gero, Josean Bengoetxea eta Olaia Aguayo protagonista dituen pelikula zinema aretoetara iritsiko da.