Mireia Gabilondo: "Oso argi nuen komedia garratz samarra nahi nuela"
Ezkon agurrak beti izaten dira bilgune zoroak: alkohola, drogak, emozioak puri-purian… Askoz zoroagoak izan daitezke, gainera, “Erlauntza”n gertatzen den bezala, horri guztiari erantsiz gero barru-barruko aitorpenak eta lagun taldeko kide bakoitzak bere zoroan aurrera egiteko bere buruari ezartzen dion itsutasun eta gorreria amaitzeko erabakia.
Txikitako sei lagun (Leire Ruiz, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia, Itziar Atienza, Naiara Arnedo eta Sara Cozar) landetxe batera joango dira komedia zoro honetan, Aitziber Garmendiak gorpuzten duen pertsonaia ezkonduko dela eta. Bertan itxita, hipokresiaren itzaletan geratu ohi direnak azaleratzen joango dira, eta lagun taldeak horiei aurre egin beharko die.
Mireia Gabilondo filmaren zuzendariarekin hitz egin dugu.
“Erlauntza” antzezlana izan da pelikula izan baino lehenago, eta arrakasta handia izan du zuk zuzentzen duzun obrak antzokietan. Zeri zor izan zaio, zure ustez?
Bai, arrakasta handia izan du euskaraz, gaztelaniaz, Euskal Herrian eta Estatuan ere. Orain dela bi urte hasi ginen honekin, eta oso istorio polit, interesgarri, barregarri eta sakona iruditu zitzaidan hasieratik.
Antzerkigintza Berriak laborategirako idatzi zuen testua Kepa Errastik, eta, nik bertan parte hartzen dudanez, hasieratik egon naiz berorretatik oso gertu: nola idatzi zuen, prozesua nola izan den… Testua bukatutakoan, agertokira eramatea erabaki zuten, eta nigan pentsatu zuten zuzentzeko. Kasualitateak gehitzen joaten dira horrelakoetan.
Baina ez dago jakiterik arrakasta zergatik izan duen. Askotan, komedia izateak laguntzen du jendea hurbiltzeko, eta, horrez gain, uste dut testua oso benetakoa dela, oso barrukoa. Kepak oso argi zuen hau idatzi nahi zuela, neska lagunen kuadrilla bat izatea nahi zuela…
Eta uste dut tonu eta estiloan ere asmatu dugula. Oso argi nuen komedia garratz samarra izatea nahi nuela.
Noiz eta zergatik erabaki zenuten pelikula egitea?
Iaz pentsatu genuen egoki izan zitekeela zinemarako filmatzea, eta gidoia prestatu genuen Kepak eta biok. Aurkeztu genuenean, baina, ez ziguten dirulaguntzarik eman errodatzeko, eta hor gelditu zen.
Hala ere, konfinamenduan konbentzitu ginen filmatu behar genuela, egiteko modukoa zela: lokalizazio bakarra zen, diru aldetik ez du eskatzen beste proiektu batzuek eska dezaketen beste... Horrelaxe sortu zen, gogoagatik.

Getari Etxegarai, Sara Cozar, Leire Ruiz, Itziar Atienza, Aitziber Garmendia eta Naiara Arnedo
Antzerkiarekin alderatuta, zer muga eta abantaila ezarri dizkizue zinemarako aldaketak? Hasierako eta amaierako plano irekiak, esaterako, antzerkiaren fokua aldatzen du erabat.
Zinemak beste arma batzuk ematen dizkizu kontatzeko, eta bai, hasierako plano horrek beste kolore bat ematen dio pelikulari. Gehiago ulertzen da barruan egon eta ezin ateratzeak eragiten duen klaustrofobia.
Pixkatxo bat aldatu da, gainera, antzerkian leku bakar-bakarrean gertatzen dela istorioa, sukalde-egongela horretan, eta pelikulan komuna ere agertzen da, esate baterako. Badaude ezberdintasunak.
Lehenengo planoen bidez ere, zer erakutsi nahi duzun erabakitzen duzu, eta antzerkian ikusleak erabakitzen du nora begiratu, nahiz eta fokua garbi egon. Beste hizkuntza bat da.
Pandemia garaian, lokalizazio bakarrean eta hiru astean filmatu duzue. Nolakoa izan da filmatze lana?
Konfinamendutik atera, eta orduantxe egin genuen. Horregatik, oso gogotsu geunden denok bi hilabetez etxean egon eta gero normaltasuna sentitzeko.
Gainera, dena gelditu zenez, bai aktoreek bai nik antzerkian genituen emanaldiak bertan behera gelditu ziren, eta denok libre geunden, pelikula egiteko modua zegoen.
Fikan egon ginen, arte zuzendaritzaz eta jantziez arduratu den Ana Turrillasen etxean, eta konfinatuta egon ginen denak berriz, aktore guztiak une oro baitaude pantailan eta lantalde txikia baikinen. Polita izan zen, eta disfrutatu egin genuen.
Jende gutxi egon gara, oso lantalde txiki eta gertukoa, eta adiskidetasunez aritu gara adiskidetasunari buruzko film batean.

Aitziber Garmendia
Euskaraz eta gaztelaniaz filmatu duzue, gainera, pelikula. Nola egin duzue?
Bai, plano bakoitza bi hizkuntzetan egiten genuen. Bat ontzat ematen zenean, hizkuntza aldatu eta plano berdina egiten genuen. Kontzentrazio handia eskatu zuen aktoreentzat, baina lan hori eginda zegoen antzezlanarekin: aktoreek testua bereganatuta zuten bi hizkuntzetan.
Oso ohituta gaude antzerkigintzan hemen lan egin izan dugunok, eta garbi eduki nuen ez nuela bikoiztu nahi, nahiz eta jakin filmatzeko hiru aste horiek denbora laburragoa bihurtuko zirela horrela. Azkenean, bi pelikula dira, oso antzekoak izan arren ez direlako berdin-berdinak. Bi pelikula, bi errodaje, bi muntatze, bi etalonatze…
Aktoreengan dago pelikularen zama ia erabatekoa, eta antzezlaneko aktoreengana jo duzue filmerako.
Argi eduki nuen hasieratik antzezlaneko aktore berekin filmatu nahi nuela. Arazotxo bat eduki nuen, ze bi urte pasatu dira hasi ginenetik eta bi ordezkapen egin behar izan ditugu antzerkirako: Itziar Atienzaren ordez Vito Rogado aritu zen, eta Dorleta Urretabizkaia Leire Ruizen ordez.
Orduan, grabatzeko momentuan, erabaki nuen hasierako antzezle taldearekin egingo nuela. Pena da bi aktore kanpoan uzteak, baina horrelakoa da gure bizitza.
Etxe batean itxita egoteak aztoratu egiten ditu filmeko pertsonaiak, eta denok ere ikasi dugu zerbait azkenaldian, tamalez, itxialdiez. Nola eragiten digu itxita egoteak?
Kasualitatea izan da. Orain dela bi urte zeinek pentsatuko zukeen horrela biziko ginela?
Ikuskizunerako, oso garrantzitsua da ezin alde egitea. Toki batean bazaude eta zeharo haserretzen bazara, eguneroko munduan, hartu eta ospa egiten duzu; horrek askatasuna ematen digu pertsona bezala.
Itxita bazaude, ordea, leihoa puskatu besterik ezin duzu egin, baina hori ere ez da hain erraza. Itxita egoteak bultzatzen ditu protagonistak beren arteko harremanean aurrera edo atzera egitera.
Askotan, harremanak hozten joaten dira, normala den bezala, urteen poderioz bide ezberdinak egiten ditugulako, baina txikitako harremanak oso inportanteak dira jakiteko nola iritsi garen egun garen pertsona izatera. Bene-benetako sentimendu horiek, askotan, horrelako jendearekin ateratzen dira, nahiz eta denbora pasatu ahala konturatzen zaren aldendu egin zarela. Hori kontatzen du pelikulak.

Komedia muturrekoa izanagatik ere, amatasuna, gaixotasuna, zaintza eta hipokrisia ere jorratzen dira filmean. Filma ikustetik ateratzen denak zer gorpuzkera edukitzea gustatuko litzaizueke?
Ez da barre egiten bakarrik. Tranpa txiki bat eginda daukat, eta kontrastatuta daukat hau antzerkian. Publikoa hunkitu ere egiten da, barre egiteaz gain. Negar asko entzuten da, momentu batzuetan, eta une batetik bestera pasatzen da barretik minera.
Jendea istorioaren barruan sartzea nahiko nuke, eta itsasontzian bezala, itsasoa nola dagoen, olatuak badaude mugitzea, bare badago lasai egotea, eguzkia badago epel… Azkenean, istorioaren barruan sartzea da politena.
Ziurgabetasun egoera honetan, pentsatu duzue atzeratzea edo estreinatzeko une egokia dela uste duzue?
Gu aurrera goaz. Ez dago jakiterik zein den une egokia. Azaroaren 6an estreinatzea planteatu ziguten, eta aurrera goaz.
Etxean konfinatzen ez bagaituzte eta zinemara joaterik badugu, toki oso segurua dela hartu behar dugu kontuan. Erosketak egiten edo autobusean gertutasun handiagoa dugu, eta zinemetan oso kontrolatuta egoten da egoera.
Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Guk orain deskubrituko dugu “Erlauntza”, baina zuretzat igarotako etapa bat da dagoeneko. Zer duzu orain esku artean?
“Sisiforen paperak” lanaren entseguetan ari gara, gogotsu, azaroaren 19an estreinatzekotan.
Oso istorio indartsua da, Fernando Bernuesek zuzentzen du eta 12 aktore daude agertokian. Arriagak, Principal antzokiak eta Victoria Eugeniak hartu dute parte produkzioan, baita Madrilgo Centro Drámatico Nacionalek ere, eta eskertzekoa da diru publikoak ahalbidetzen baitu horrelako istorioak kontatu ahal izatea.
Aspaldi ari zen Fernando “Egunkaria”ren itxieraren auzia kontatu nahian, eta antzerkira eramango dugu hasteko. Urteak pasatu dira, eta oraindik ez da kontatu. Eta kontatzen ez dena ahaztu egiten da, eta ematen du jende askorentzat ez dela inoiz gertatu.
Bi mundu paralelo ikusiko dira agertokian: erredakzioa eta Poliziarena. Polizia erredakzioan sartu zenekoa, Madrilera eraman zituztenekoa, atxiloaldia eta ebazpena ikusten dira.
Zure interesekoa izan daiteke
"One Battle After Another" nagusi, Urrezko Globoen izendapenetan
Paul Thomas Andersonen filma dago Hollywoodeko atzerriko prentsaren sarietako izendapenen zerrendaren buruan, eta Affeksjonsverdi, Sinners, Hamnet eta Frankenstein ere nabarmendu dira. Jacob Elordik bi sari lortzeko hautagai da: Frankenstein filmagatik bigarren mailako gizonezko aktore onenaren sailean, eta The Narrow Road to the Deep Northgatik, minisail bateko gizon protagonistaren atalean.
Galiziatik Euskal Herrira egindako zeharkaldia ikusarazten du Mikel Urdangarin abeslariak zuzendutako "Itsasora" filmak
Musikariak bere belaontzi zaharberritua ekartzeko laguntza eskatu zion Unai Basurko nabigatzaileari, eta negu betean egindako bidaia hori jorratzen du lanak. Urdangarinen filmak hasiera eman dio Mendifilm jaialdiaren 18. edizioari.
Hind neskatoak Herman “reichsmarschalla” gainditu
Ez dut uste erraturik nagoenik: Palestinak Israel gainditu du kontakizunean.
EITBren parte-hartzea duen Alberto Gastesiren "Singular" thrillerra zinema-aretoetan ikusgai dago
Filma Sitgesen estreinatu zen, eta Patricia Lopez Arnaiz eta Javier Rey ditu protagonista. Dianaren eta Martinen istorioa kontatzen du. Semea hil eta hamabi urtera, bikoteak lakuko bere etxe zaharrean berriz elkartzea erabakitzen du. Hildako semearen antza duen gazte enigmatiko bat etxean agertzen denean, antzinako sekretuak eta susmo berriak argitara ateratzen dira.
“Correct me if I’m wrong” film laburrak irabazi du Zinebiko Sari Nagusia
Hao Zhou txinatar zinemagilearen lan dokumentalak jaso du Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko epaimahaiaren aintzatespen nagusia. Euskal film labur onenaren saria “Habana industrial” Ainhoa Ordoñezen lanak irabazi du, eta Aitor Gametxoren "Geratzen den hori" filmak Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia.
"Los domingos" eta "Maspalomas", Feroz sarietarako film izendapen gehien dituzten filmak
Los domingos, bederatzi izendapenekin, eta Maspalomas, zazpirekin, dira 2026ko Feroz sarietarako izendapen gehien jaso dituzten filmak.
Billy Wilderren 32 film emango ditu Tabakalerak 2026ko zinema programaren barruan
Tabakalerako 2026ko zinema denboraldi berria Donostia Kulturak, Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Tabakalerak berak diseinatu dute, eta urtarrilaren 8an hasiko da.
Mendi Film, Bilboko nazioarteko mendi zinemaldiaren XVIII. edizioa
Euskalduna Jauregia izango da jaialdiaren kanpaleku nagusia eta abenduaren 5etik 14ra 55 film proiektatuko dira, horietatik 12 euskal ekoizpenak. Jaialdiaren irekiera ekitaldian Entre Juan y Juanito izango da ikusgai, Juanito Oiarzabali buruz Javier Alvarok zuzendu duen filma. Bestalde, iazko Mendi Film bekari esker sortutako Luis Arrietaren filma aurkeztuko da: Sustraiak.
Norma Vila "Salitre" izeneko bere lehen film luzea filmatzen ari da, Nagore Aranburu protagonista duela
Egunotan Arrigorriagan Norma Vila zuzendariaren Salitre pelikula filmatzen ari dira, drama intimoa eta thriller psikologikoa uztartzen dituen film luzea. Nagore Aranburu eta Haizea Carneros dira protagonistak.
Zinebik "Llámame sinsorga" dokumentala aurkeztu du
EITBren parte-hartzea duen filma Zinebi film laburren eta dokumentalen Bilboko jaialdian proiektatuko dute, hilaren 28an zinemara iritsi aurretik. Al Borde Flims etxearen filmak La Sinsorga Bilboko espazio feminista eraikitzeko prozesua jasotzen du.