Bajo Ulloa: "Ezin diot utzi mundua mirarien agertoki handi gisa ikusteari"
Juanma Bajo Ulloa zuzendari eta gidoigilea (Gasteiz, 1967) Espainiako Zinema Akademiak banatzen dituen Goya sarietarako izendatuta dago berriz, zuzendari onenaren atalean, “Baby” film aztoragarri, iradokitzaile, ausart eta muturrekoagatik, zeina musika onenaren atalean (Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarte) ere izendatuta baitago.
Rosie Day, Harriet Sansom Harris eta Natalia Tena aktoreak protagonista direla, bere umetxoa haurren salerosketan diharduen emagin bati ematen dion ama drogazale bati buruzkoa da “Baby” elkarrizketarik gabeko filma. Damututa, umea berreskuratzen saiatuko da ama, “izutik maitasunera egindako bidaia mingarri eta ederrean”.
Izendapena baliatuta, Bajo Ulloarekin, solaskide elokuente eta beti interesgarriarekin, mintzatu gara.
Zorionak, Juanma! Espero zenuen “Baby”k zuzendari onenaren sarirako izendapena ekartzea? Nola jaso duzu albistea?
Eskerrik asko. Ustekabe moduko batez hartu dut, “Baby” ez delako justu espainiar industriak saritu ohi duen moduko zinema politikoki zuzena. Gainera, urte amaieran estreinatu da, bozketak jada martxan zeudenean.
Horregatik, oso eskertzekoa da gu “lerratu” izana eta Akademiako kideek zinemarako gure grina aintzat hartu izana.

"Baby"
Zure pelikulek zazpi Goya sari irabazi dituzte, Urrezko Maskorra ere badaukazu… Zer balio ematen diezu zinema munduko sariei?
Norberak ematen dien balioa besteek ematen diotenarekin lotuta dago. Sari batek ez dio obra bati kalitaterik gehitzen eta beti ez dira bidezkoak izaten, baina ateak zabaldu ahal dituzte. Eszeptikoak konbentzitzen laguntzen duten aurkezpen txartelak dira.
Hori bai, nire ama ez da intelektuala, sariak atsegin ditu eta kito, eta esana dit ez itzultzeko etxera saririk gabe.
Estreinatu eta jaialdietatik (Sitges, Seminci…) pasatu eta gero, nola erantzun dute “Baby”ren ikusleek? Zer harreman duzu kritikariek eta publikoak zure lanen gainean ematen dituzten iritziekin?
Babes handiena eta oniritzi zabalena eman didan nire pelikuletako bat izan da. “Baby”ren inguruko gauza benetan politak entzun eta irakurri ditut.
Besteekin partekatzeko kontatzen ditugu istorioak, sentitzen dugun baina nekez adieraz dezakegun hori azaleratzeko. Horregatik, narratzailea publikoarentzat bizi da. Atsegin dut solasaldiak egitea eta ikusleen interpretazioak entzutea. Horien bidez ohartzen naiz zergatik egiten ditudan pelikulak.
Antzeko zerbait gertatzen da prentsa zinematografikoarekin, baina horiek bere burua salatzen duten interesen alde jarduten dute batzuetan.

Juanma Bajo Ulloa, "Baby" filmatzen
Zer helburu izaten duzu pelikula bat estreinatzen duzunean?
Nire publikoa aurkitzea dut helburu, ni epaitu gabe nirekin emozionalki bat egin dezaketen pertsona horiek.
Giza arimaren zitalkeria eta handitasuna eta indarra eta hauskortasuna transmititzea dut helburu. Zerbaitegatik du izena nire ekoiztetxeak Frágil Zinema. Zinema honek inplikazio pertsonala eskatzen dio ikusleari, ia guztia alferrekoa eta ahazteko modukoa denean. Horrek negoziazio eta urrats bakoitzean egiten digu kalte.
“Baby” film pertsonal eta formalki berezia da; ez dauka elkarrizketarik, esaterako. Kostatu zaizu proiektua aurrera ateratzea? Zeri egin behar izan diozu aurre proposamen estilistikoa burutzeko orduan?
Denetariko erresistentziak izan ditu, kateak, jaialdiak eta banatzaileak, nahiz eta salbuespenak dauden; Festival Films, adibidez.
Honezkero, ezohiko zinema egiteko abentura ez da gomendagarria, algoritmoek umetutako eta nagusi den ideologiaren mesedetara jarritako merkatu bat zehazten dute.
Zinemaren fikzioa kaltedunekiko bere kontzientzia garbitzeko erabiltzen duen gizarte bat da, benetako bizitzan horiei ezikusiarena egin arren. Bere burua aurrerakoitzat saltzen duen industria erabat kontserbadorea.

Pelikulak giro ilun eta iradokitzailea sortzen du, baina, aldarte horretan ere, edertasunak bide egiten du. Nola bilatzen da edertasuna mendekotasunak eta pertsonen salerosketa nagusi diren unibertso batean?
Narratzailea baino lehenago, behatzailea naiz, eta ezin diot utzi mundua mirarien agertoki handi gisa ikusteari.
Edertasuna ez dago barnealdean, baizik eta begiradan, eta gure begiradak erabakitzen du ikusten duenarekin liluratu edo samindu. “Baby” bizitzaren eta heriotzaren metafora da, beti beste aukera bat dagoela erakusten digun ipuin itxaropentsua.
Eta itxaropena, putzu sakon baten hondotik ere, ederra soilik izan daiteke.
Bingen Mendizabalek eta Koldo Uriartek egindako musikak lausenguak eta sariak jaso ditu dagoeneko, hala nola Sitgeseko jaialdiko musika onenaren saria eta Goyarako izendapena, besteak beste. Nola landu zenuen arlo hori “Baby”n? Zer eskatu zenien musikariei?
Oso goiz hasten naiz beti musika lantzen. “Baby”ri dagokionez, filmatzen hasi baino urtebete lehenago (2018ko azaroan) hasi zen Koldo ideia bidaltzen.
Nire pelikula ia guztietan egin dut lan Bingenekin, eta berak bazekien zer eskatuko nien: arima nire eskuetan uzteko. Horrekin jantzi behar zituzten nire pertsonaiak: bere izaerarekiko harremana galdu duen ama adiktoa, ume eder eta tragikoa, eta familia bitxi, zauritu eta beldurgarria.
Pelikulen “erabilera bulimikoa” dagoela esan duzu, irentsi, kanporatu eta aztarnarik uzten ez duten pelikula gehiegi daudela. Zer pelikulak utzi dizute zuri arrastoa ikusle bezala 2020. urtean?
Mendebaldeko gizartean, geure buruarekiko eta gure ekosistemarekiko jatorrizko konexio naturala aldatu dugu, “aurrerapena”ren izenean, gero eta sofistikatuagoa den konexio baten truke.
Horrela, pantaila birtualei lotuta amaitu dugu, umeak ere nahasten dituen eta Sistemarentzat oso baliagarria den mendekotasun unibertsal batean.
Horregatik bultzatzen da erraz kontsumitzen dena, aztarnarik uzten ez duen eta eztabaidarik sortzen ez duena. 2020an, arrastoa utzi duen pelikula pantailetatik at zegoen, eta bigarren zatia du 2021 honetan.

"Baby"
Baduzu zerbait aurreratzerik esku artean dituzun proiektuen gainean?
Proiektu berriak abiatzen saiatzen ari gara. Bata “Muerte mortal (al borde del límite)” zorakeria da, azaltzeko absurdoegia. Bestea “El Mal” izeneko thrillerra da, gure ezinbesteko alde iluna onartzeko gaitasunik ezean sakontzen duena.
Zure interesekoa izan daiteke
Ikusi primizian "El mal" Bajo Ulloaren film berriaren trailerra
EITBren parte hartzea duen filmean, inoizko hiltzaile handienari buruzko liburu bat idazteko proposamena jasoko duen kazetari baten istorioa kontatzen du Juanma Bajo Ulloa zinemagile gasteiztarrak.
Odola! Odol gehiago!
Telebista-emankizun batentzako kamerak har dezaken horretatik harago doaz beti Albert Serraren eta Imanol Rayoren objektiboak, errealitateak ezkutatzen duen ‘egia’ horren bila. Eta ez egia biribila, osoa, aldaezina den hori, baizik eta gauzen, gizakion, bizidunen, momentuen esentzia dardartia gordetzen duena.
Oscarren banaketa ekitaldia Youtuben ikusi ahal izango da 2029tik aurrera
Hollywoodeko Akademiaren eta bideo plataformaren arteko akordioa 2033ra artekoa da gutxienez.
"Las hijas" filmaren grabaketan izan gara, Urduñan
Urduñan (Bizkaia), Las hijas filmatzen ari dira, EITBk parte hartzen duen pelikula. Emakumeak protagonista dituen thriller psikologikoa da eta hausnarketa sakona egitera gonbidatuko gaitu. Bost aste daramatzate grabazioak egiten, eta filmaketaren azken egunetan daude; beraz, laster ikusiko dugu pantaila handian.
Rob Reiner aktore eta zine zuzendaria eta Michele Singer haren emaztea hilda aurkitu dituzte Los Angelesen
Los Angeleseko Polizia ustezko homizidio gisa ikertzen ari da gertaturikoa.
'Los domingos' eta Jose Ramon Soroiz garaile Forque sarietan, Goyen atarian
Donostian Urrezko Maskorra eskuratu ostean, Alauda Ruiz de Azuaren filmak irabazi du larunbat honetan fikziozko film luze onenaren saria. Patricia Lopez Arnaizek eta Soroizek eskuratu dituzte aktore onenen golardoak.
Ikusi primizian "Aro berria" filmaren sekuentzia bat
Irati Gorostidiren lehen film luzeak aipamen berezi bat jaso zuen Donostiako Zinemaldiko New Directors sailean, eta ostiralean, abenduak 12, zinema aretoetara iritsiko da. Primizian erakusten dizugun txatalean, Oliver Laxe zinemagilearen kolaborazio berezia agertzen da. Donostian, 1978an, hainbat langilek asanblea egingo dute, greba bat bideratzeko, baina azkenean ez dute adostasun nahikorik lortuko. Etsirik, aldaketa sozialerako irrika bizitza pertsonalera eramango dute, eta komunitate bat sortuko dute, mendialdean. EITBren parte-hartzea du filmak.
"One Battle After Another" nagusi, Urrezko Globoen izendapenetan
Paul Thomas Andersonen filma dago Hollywoodeko atzerriko prentsaren sarietako izendapenen zerrendaren buruan, eta Affeksjonsverdi, Sinners, Hamnet eta Frankenstein ere nabarmendu dira. Jacob Elordik bi sari lortzeko hautagai da: Frankenstein filmagatik bigarren mailako gizonezko aktore onenaren sailean, eta The Narrow Road to the Deep Northgatik, minisail bateko gizon protagonistaren atalean.
Galiziatik Euskal Herrira egindako zeharkaldia ikusarazten du Mikel Urdangarin abeslariak zuzendutako "Itsasora" filmak
Musikariak bere belaontzi zaharberritua ekartzeko laguntza eskatu zion Unai Basurko nabigatzaileari, eta negu betean egindako bidaia hori jorratzen du lanak. Urdangarinen filmak hasiera eman dio Mendifilm jaialdiaren 18. edizioari.
Hind neskatoak Herman “reichsmarschalla” gainditu
Ez dut uste erraturik nagoenik: Palestinak Israel gainditu du kontakizunean.