Jone Laspiur: "Antzezle lana ez zen aukera bat niretzat"
Jone Laspiurri (Donostia, 1995) indarra dario kameraren aurrean. Ikusleari ez zaio inondik ere oharkabean pasatuko, pantailan agertzen denean, dela “Akelarre” filmeko sei gazteren taldeko kide kartsuaren gorputzean, dela “Ane” filmean, galdera asko dituen alaba nerabe bere baitara bilduaren paperean.
Hain zuzen ere, David Perez Sañudok zuzendutako film horretan Anerena egitearren izendatu du Espainiako Akademiak Goya sarietara, emakumezko aktore berri onenaren atalean.
Berarekin hitz egin dugu.
Zorionak, Jone! Espero zenuen izendapena?
Duela hilabete batzuk ezinezkoa iruditzen zitzaidan, baina azken asteetan izendatuen aurreikuspenen hainbat kiniela egin zituzten hedabideetan, eta, nire harridurarako, haietan agertzen nintzen. Beraz, horrek nolabaiteko alerta egoeran jarri ninduen eta aukeretako bat zela sinesten hasi nintzen.
Hala ere, gauza bat teoria da, eta ondoren, benetan gertatzen denean, sorpresa erraldoia da, egoera aurrez zeure buruan mila aldiz imajinatu izan arren ere.
Non eta nola jakin zenuen berorren berri? Zer garrantzi maila ematen diezu sariei?
Antzerki eskolako atsedenaldian atera nintzen izendapenak zuzenean jarraitzera, eta klasekideekin batera jaso nuen albistea. Goya sariak Espainia mailako kulturaren gertaera garrantzitsua dira, eta sari hauen historiaren eta artista zerrendaren parte izatea ohore handia da benetan; are gehiago “Ane” bezalako pelikula txiki batekin, zuzendariaren lehen film luzea izanik eta euskaraz izanik.
Paula Usero (“La boda de Rosa”), Milena Smit (“No matarás”) eta Griselda Siciliani (“Sentimental”) dituzu lagun emakumezko aktore berri onenaren atalean. Ikusi duzu haien lana? Zer iruditu zaizu?
Ezagutzen dut Griseldaren lana, baina oraindik ez dut Paula eta Milenaren lana ezagutzeko aukerarik izan; irrikan nago bi pelikulak ikusteko. Hala ere, badakit hirurek egin dutela oso lan ona.

Jone Laspiur, "Ane"n
Bestalde, 2020ko zer film edo antzezpen azpimarratuko zenituzke zuk ikusi dituzunen artean?
Miranda Julyren “Kajillionaire” pelikula sorpresa handia izan zen niretzat. Beste pelikula bat ikustera nindoala sarrerekin nahastu nintzen, eta azkenik hau ikusten amaitu nuen. Izugarri gozatu nuen; izan ere, osagai oso desberdinak ditu: umorea, absurdoa, drama… Pertsonaia benetan xamurrak ikus daitezke, eta harremanak oso modu politean lantzen ditu inozentzia edo azalekotasun baten atzean.
“Ane”k Euskal Zinemaren Irizar saria eta kritika onak metatu zituen Donostiako Zinemaldian eta estreinatu eta gero. Non datza filmaren arrakastaren sekretua, zure ustez?
“Ane” pelikula freskoa dela esango nuke eta pertsonaia errealak erakusten dizkigula, haien kontraesanekin eta inperfekzioekin. Niretzat oso gauza ederra da hain gertuko pertsonaiekin aurkitzea eta haiekin enpatizatu ahal izatea, alde ilunenak ere erakutsita.
Horrez gain, tentsio maila ondo neurtuta dagoela esango nuke, eta erritmoan baduela koherentzia bat hasieratik bukaerara arte. Gainera, komunikazioaren gaia oso beharrezkoa ikusten dut.

Jone Laspiur, Donostiako Zinemaldian. Argazkia: Efe.
Hain zuzen komunikazioa (eta, hortaz, inkomunikazioa) eta ezkutuan gelditzen den guztia funtsezkoak dira “Ane”n. Interpretazioaren aldetik, nola landu zenuten, erakutsi baino gehiago, ezkutatzeko erronka hori?
Agerian gelditzen ez den hori ikusi ahal izateko lana bikoitza dela esango nuke, ikusten dena eta ikusten ez dena landu behar baitira. Horretarako oso argi eduki behar da nor den pertsonaia hori, nondik datorren, zein den bere motxila, eta bere iragan hori guztia eraiki behar da.
Kasu honetan ama-alaben arteko harreman hori puntu horretara heltzeko puzzlearen piezak eraiki behar dira. Daviden (zuzendaria), Marinaren (gidoilaria), Patriciaren (Lide) eta lauron arteko elkarrizketak izan ziren funtsezkoena: entsegu asko hizketan pasatzen genituen, pertsonaia hauen bulkaden arrazoiak ulertzen saiatzeko.
ELKARRIZKETA DAVID PEREZ SAÑUDO "ANE"REN ZUZENDARIAREKIN
David P. Sañudo: "Komunikazioari buruzko tesia proposatzen dugu 'Ane'n"
Pertsonalki, atzera begirako ariketa bat eskatu dit Anek, hamazazpi urteko niarekin aurkitzea eta aldi berean Lide ere ulertzea. Enpatia ariketa bat izan dela esango nuke.
Patricia Lopez Arnaiz (Lide), “Ane”ko zure ama, ere izendatu dute Goyetan bertan egindako paper protagonistagatik. Zer iruditzen zaizu haren lana eta nola moldatu zineten elkarren ondoan lan egiteko?
Oso argi neukan Patriciak izendapen hau merezi zuela eta saritik gertu ibiliko dela esango nuke. Bere lana erradikala iruditzen zait benetan. Une oro lehertzear dagoen makinaria bat da Lide, tentsioa dario leku guztietatik eta, aldi berean, zein zaurgarria den ere erakusten digu bere bakardade momentuetan.
Asko miresten dut. Berarekin lan egitea erraza izan da, beraz.
“Akelarre”n ere lan egin duzu, oso bestelako paper batean: askoz film koralagoa da, dantzan eta abesten ere aritzen zarete… Nolakoa izan zen “Akelarre”ko seikoteko nesketako bat izatea?
Oso prozesu berezia izan zen, alde batetik, nire lehen aldia zelako nesketako gehienentzat bezala, eta, bestetik, lan prozesua kolektiboa izan zelako: denok elikatzen ginen bata besteaz, eta gutako bakoitza ezinbestekoa zen talde izaera hori lortzeko.

"Akelarre"ko neska seikotea, Jone Laspiur tartean. Argazkia: David Herranz.
Bestalde, XVII. mendeko estetika eta atmosfera horren barruan lan egitea erakargarria da, eta istorioan sartzen laguntzen du. Aste luzez izan ginen lastoz inguraturiko ziegan, esaterako, garai hartako kamisoiekin. Horrela lan eginda, denboraren zentzua aldatu egiten da, eta badirudi aste horietan bizitza erreala pausatu egiten dela.
2020a oso urte oparoa izan da zuretzat, emaitza aldetik (“Ane”, “Akelarre”, “Alardea”, “Polvo somos”…). Zein neurritan aldatu dira zure bizimodua eta interpretazioaren aurreko zure begirada eta iritzia?
Bizimoduak antzekoa izaten jarraitzen du, baina perspektiba argiagoa daukat orain egin nahi dudanarekin. Esperientzia hauen aurretik, antzezle lana ez zen aukera bat niretzat, eta orain, aldiz, egin nahi dudan bidea da.

Foto: Patricia Arranz
Zertan aritu zara 2020an? Ikusiko zaitugu laster beste proiekturen batean?
“Polvo somos”en eta “Alardea”n aritu nintzen pandemia egoeraren aurretik eta tartean, baina, batez ere, ikasten aritu naiz. Hala ere, urte zaila izan da orokorrean gauzei ekiteko. Oraingoz, hiru proiektu txikiagotan nabil.
Zer aurreikuspen dituzu martxoaren 6ko gala bitxiari begira?
Uste dut urduriago nengoela izendapenei begira nengoenean orain, izendatuta nagoenean, baino. Aurtengo gala ezohikoa izango da covida dela eta, baina gozatu egin nahi dut.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Zure interesekoa izan daiteke
Javier Ginerrek urriaren 30ean estreinatuko du bere lehen film luzea
Esta soledad pelikulan, barakaldar zinemagileak, Yo adicto serie sarituaren egileak, “anabasaren eta bakardadearen samurtasun basatiz bizirauten duten bi gazte” irudikatu ditu.
FANTek "Bajo tus pies" filma estreinatuko du
Fant Bilbao zinema jaialdiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra izango da, baina, aurretik, Bajo tus pies Cristian Bernard zuzendariaren film luzea emango du astelehen honetan; Urko Olazabal eta Sofía Otero aktoreek parte hartzen dute, eta beraiekin hitz egin dugu, eta Ibai Atanes eta Maribel Verdú ere ageri dira antzeztaldean.
“Sucia” eta “Black water” sarituko ditu Giza Eskubideen Zinemaldiak
Bàrbara Mestanza eta Marc Pujolarren dokumentalak film luze onenaren Ikusleen saria jasoko du, eta Black water Natxo Leuzaren lanak Amnesty International saria. Gaur bukatuko da jaialdia, eta Imanol Uribek ohorezko saria jasoko du.
Imanol Uribe: "Intolerantziaren aurkako borrokak gidatu nau"
Euskal zinemagileak, La fuga de Segovia, La muerte de Mikel, Días contados eta El rey pasmado filmen egileak, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren sari berezia jasoko du ostegun honetan, "errealitateari atxikia" duen zinemari esker.
Lara Izagirre “Yerma”ren bertsio garaikide eta urbanoa filmatzen ari da euskaraz
Zinemagilearen hirugarren film luzearen protagonistak Ane Pikaza eta Aitor Borobia dira, eta Maria Goiricelayarekin batera dago idatzita, Lorcaren lan hori antzerkirako arrakastaz moldatu zuen antzerkigilearekin.
Euskal zinemak ongietorria egin dio Maialen Belokiri
Jose Luis Rebordinosek, lekukoa emango dion zuzendariak, eta Koldo Almandoz eta Lara Izagirre zinemagileek Beloki Zinemaldiko buru izendatu izanaz hitz egin digute.
Maialen Beloki izango da Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria 2027tik aurrera
Zinemaldiaren Administrazio Kontseiluak aho batez aukeratu du Beloki, Jose Luis Rebordinosen ondorengo gisa.
Lander Garro: "Memoria pertsonaia bat gehiago da 'Lutxi eta zuhaitza'n"
1987an Pasaian, Guardia Zibilaren esku, egoera nahasian hilik gertatu zen Lucía Urigoitia ETAko kidearen istorioa kontatzen du dokumentalak. Fikziozko zatiak eta lekukoen adierazpenak uztartzen ditu Lander Garroren pelikulak.
"I lit the Fire!" Valeria Lemesevskayaren filma izan da Punto de Vista jaialdiko lanik onena
Epaimahaiak bielorrusiar zuzendariaren dokumentala aukeratu du Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdiko Sail Ofizialeko film luze onentzat. Film labur onenaren saria, EITBk babestutako golardoa, 3cm of Complexity Anna Vasofen filmari eman diote.
Urrats historikoa eman du euskal ikus-entzunezkoen sektoreak: Zinemaren Akademia eratuko du
Etorkizuneko akademia espazio "inklusiboa eta anitza" izatea nahi dute, sektorearen garapena bultzatzeko balioko duena. Euskal Herriko 150 profesionalen baino gehiagoren babesa du ekimenak.