Iciar Bollain: "Maixabelen historia sinesgaitza da ia, eta oso inspiragarria"
Indartsu hasi da Zinemaldia. Bart inaugurazio gala egin eta Marion Cotillardek Donostia saria jaso ondoren, Iciar Bollain zinemagileak euskal zinemaren urteko estreina nagusietako bat aurkeztu du gaur jaialdiaren Sail Ofizialean: "Maixabel".
Urrezko Maskorrerako lehian izango den pelikulak Maixabel Lasaren benetako historia eraman du pantaila handira. Juan Mari Jauregui ETAk 2000. urtean tiroz hil zuen politikariaren alargunak senarra hil zutenekin biltzea onartu zuen, hilketatik hamaika urtera. "Mundu guztiak merezi du bigarren aukera bat", esan zuen zergatik egin zuen galdetu ziotenean.
Isa Campok eta Bollainek berak idatzi dute "Maixabel"en gidoia, eta oso lantalde zaildua izan dute ondoan, hala nola Blanca Portillo (Maixabel), Luis Tosar (Ibon Etxezarreta), Maria Cerezuela (Maria Jauregi) eta Urko Olazabal (Luis Carrasco) aktoreak, baita Alberto Iglesias (musika), Javier Agirre (argazkilaritza), Mikel Serrano (arte zuzendaria), Alazne Ameztoy (soinua) eta Karmele Soler (makillajea).
Bollainekin hitz egin dugu, EITBren parte-hartzea duen pelikulari buruz.
Zerk bultzatu zintuen ekoizleen proposamena onartu eta Maixabel Lasaren historia pantailara eramatera?
El País egunkarian duela hainbat urte biktimei egindako elkarrizketa batzuetan izan nuen topaketen berri, eta benetan hunkituta gelditu nintzen. Harritu egin ninduen hain aurkakoak diren, aurretiaz elkarrengandik horren urrun dauden, pertsonak aurrez aurre eseri eta elkarrekin hitz egiteko gai izatea, eta neure buruari galdetu nion nola iritsi diren horraino, nola den posible biktima batek min handiena egin dion pertsonaren aurrean eseri nahi izatea eta zer bide egin duten hil egin duten gizon hauek honaino, biktimaren aurreraino, iristeko.
Nola bizi du sortzaile batek benetako gertakarietara mugatu behar izatea? Nola neurtzen da lizentziak hartzeko aukera eta, hartuz gero, zertan oinarrituta justifika daitezke?
Benetako gertakarietara mugatzea bidezkoena zen, kasu honetan, bizi izan zituztenekin, baita aberatsena ere, Maixabalen historia ia sinesgaitza baita batzuetan, eta oso inspiragarria.
Lizentzia eta moldaketak egon badaude, nahiz eta ahalik eta gutxien izatea saiatu ginen, baina ez dira inola ere gauza garrantzitsuei buruzkoak edo gertatutakoaren funtsa aldatuko zutenak. Pelikula gisa kontatzeko, hamarkada batean baino gehiagoan gertatu ziren jazoera eta prozesu pertsonalak bi ordu baino gutxiagoan dramatizatu behar dira, eta denborak pixka bat kontzentratu ditugu, baina betiere funtsean gertatu zena kontatzeko.
Nolakoa izan da gidoia Isa Camporekin batera lau eskutara idatzi eta gero pelikula zuk zuzentzea?
Isa gidoigile zoragarria da. Berarekin lan egitea aurkikuntza ederra eta plazer handia izan da. Ikerketa lana elkarrekin egin genuen: inplikatuekin elkarrizketak izan; Maixabelekin, noski, eta parte hartu zuten beste biktima batzuekin; bitartekariekin; prozesua oso gertutik jarraitu zuten Maixabelen laguntzaileekin; eta berarekin elkartu ziren bi gizonekin, Ibon Etxezarretarekin eta Luis Carrascorekin.
Guk biok asko hitz egin genuen horri heltzeko moduaz, istorioak jaso behar zuenaz, eta gero Isak bere gain hartu zuen gidoia idazteko zama handiena. Bertsioak nirekin partekatzen zituen, eztabaidatu egiten genuen, egitura orrazten genuen eta Isak berriro ekiten zion horri. Eta horrela, azken bertsioa izan arte.
Filma zuzentzeko orduan, gidoiko hainbat alderdi berriz lantzen dituzu. Filmatzen hasi aurreko asteetan, castingarekin entseguak egiten, agertokiak bilatzen eta abar ari ginela, gidoian ez zeuden hainbat eszena otu zitzaizkidan, eta gero, edizioan ere, gidoia apur bat gehiago aldatu zen azken emaitza lortu arte.
Hasieratik zenuten argi pelikula nola hasi eta nola bukatuko zen edo planteamendua aldatzen joan da?
Beti izan zen horrela. Pelikula 2000. urtean hasten da, atentatuarekin. Kontatuko dugun istorioaren oinarriak ezartzen dituen hitzaurreko moduko bat da. Handik 2011ra arte, topaketetara, egiten dugu salto, pelikularen muinera.
Eta amaiera beti izan da orain dena. Benetan gertatu zen zerbait da, eta modu ia sinesgaitzean ixten du zirkulua. Batzuek galdetu digute amaiera hori benetan horrela gertatu ote zen. Eta bai, hala izan zen.
Lehenengoz egin duzu lan Blanca Portillorekin, eta Luis Tosarrekin errepikatu egin duzu. Zergatik egin zenuen horien aldeko apustua erronka gaitz honi aurre egiteko?
Bi aktore harrigarri dira, oso handiak… Horrelakoak behar genituen erronka honi heltzeko.
Maixabelen, berak bizi izan duenaren, larruan sartzea eta horri sinesgarritasuna eta Blancak ematen dion emozioa ematea harrigarria da. Eta Luis ere berdin, Ibonen pertsonaiarekin.
Ibon Etxezarretak eta Luis Carrascok bidaia luzea eta zaila egin dute: ETAko militante izan eta horren mende egotetik egin dituzten hilketen errudun direla aitortzera, egindako kaltea aintzat hartzera eta bere biktimetako bati hala esatera iritsi dira… Muturreko bizipenak dira, eta izugarria da Luisek nolako egiazkotasunarekin transmititzen dituen.
Beraiekin egin dudan lanari dagokionez, Blanca erabat murgildu zen auziaren inguruko guztian. Luisek ere bere lana egin zuen, eta entseguetan zehar asko hitz egin genuen hirurok, esaldi bakoitza aztertuz, bakoitzak une bakoitzean zer esan nahi duen.
Nik gehienbat benetako protagonistek, bitartekariak barne, esan zidatena helarazi nien, baita nire ustez pertsonaia bakoitzak bere elkarrizketak nondik esaten zituen. Eta gero tartea uzten saiatu nintzen, emozio hori aurkitu eta komunika zezaten.
Nolako harremana izan duzue pelikulan irudikatzen diren benetako pertsonekin?
Guztiekin hitz egin genuen; Maixabelekin, sarri askotan. Oso gertutik jarraitu du prozesu osoa, Isak askotan deitu zion gidoia idazten ari zela, eszena askoren gaineko detaile jakin batzuen berri izateko.
Eta gero nik berarekin harremanetan jarraitu nuen, bere etxera joan nintzen, Juan Mariren argazki eta koadroak laga zizkigun, pelikulan Maixabelen etxean agertzen direnak, eta hamaika detaileri buruz gehiago jakiteko deitu nion. Oso jarrera ireki eta eskuzabala izan du beti. Eta errodajera ere etorri zen hainbatetan, horietako batean Maria alabarekin.
Eta Ibon Etxezarreta eta Luis Carrascorekin ere elkarrizketa luzea izan genuen Isak eta biok gidoia idazteko. Gero biok jarri gara berriz beraiekin harremanetan, eszena batzuen xehetasunak jakiteko, eta beti agertu dira laguntzeko prest.
Ikusi dute pelikula benetako protagonistek? Zer erantzun jaso dituzue orain arte?
Ia guztiek ikusi dute, eta erantzuna oso ona izan da. Guretzat oso garrantzitsua zen eroso egotea bere bizipenen erretratuaren aurrean.
Horregatik irakurri zuten gidoia bere garaian, beren adostasuna ez zuen ezer ez egoteko pelikulan.
Errealitate oso konplexuak ditu oinarri pelikulak. Zer ikusle mota izan duzue buruan gidoia idazteko orduan, kontatzen diren gertakarien inguruko erreferentziak erantsi edo kentzeko?
Egia da istorioak oso xehetasun zehatzak dituela, zailak batzuetan, hala nola Langraizen dauden presoek ETAko beste presoen aldean duten egoera, adibidez.
Maixabel irailaren 24an, ostiralarekin, estreinatuko da zinema-aretoetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro Gonzalez Iñarritu, irudiaren bardoa
Amores perrosekin goizetik gauera zinemagintzaren panorama inarrosi zuenetik Bardo (o falsa crónica de unas cuantas verdades) azken filmera arte, EITBren Bilboko egoitzan Carne y arena instalazioa erakutsiko duen mexikar zinemagileak ezinbesteko ibilbidea egin du XXI. mendeko autore zinemagintzan.
Robert Duvall aktorea zendu da, 95 urte zituela
Apocalypse Now eta Aitajauna filmetako aktore ospetsua igande gauean hil zen, Virginan, Luciana Duvall haren alargunak iragarri duenez. 2003an, Donostia saria eman zion Zinemaldiak.
Hemeretzi film lehiatuko dira Punto de Vista jaialdiaren Sail Ofizialean
Zinema Dokumentalaren Nafarroako Nazioarteko Jaialdiaren 20. edizioaren programazioa Benita Alain Berlinerren filmak irekiko du, eta Una película de miedok itxiko du.
Horrelakoa da “Cada día nace un listo”, Arantxa Echevarriak “La infiltrada”ren ondoren egin duen filma
Pelikula, “satira garratz bat”, Malagako zinema jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztuko dute, lehiatik kanpo, maiatzaren 22an zinema aretoetan estreinatu aurretik. Cada día nace un listo, Arantxa Echevarría bilbotar zinemagilearen film berria, Malagako zinema jaialdian estreinatuko dute; martxoaren 6tik 15era egingo dute jaialdia. Echevarriak eta Patricia Campok idatzia, Hugo Silva, Susi Sánchez, Dafne Fernández, Jaime Olías, Ginés García Millán, Diego Anido, Markos Marín, Marina Ostolaza, Sofía Otero eta Javier Tolosa dira aktoreak, eta Belen Rueda, Pedro Casablancek eta Gonzalo de Castrok ere hartu dute parte. EITBren parte-hartzea du Lazona Zinemaren eta Lamia Produccionesen ekoizpenak. Echevarriaren seigarren film luzea da Cada día nace un listo (2026), Carmen y Lola (2018), La Familia Perfecta (2021), Chinas (2023), Políticamente Incorrectos (2024) eta La infiltrada (2024) lanen ondoren.
Argazki zuzendaria letra handitan agertzen denean…
El cuento de una noche de verano film labur onenaren Goya sarirako izendatutako lanean, Ion de Sosa donostiarra ibili da argazki zuzendari.
Asier Altuna: "Jendea hunkitu egiten da 'Karmele' ikustean"
Donostiako Zinemalditik eta Euskal Herriko areotatik pasatu eta gero, Karmele filma Primeran plataformara iritsi da. Asier Altuna filmaren zuzendariarekin hitz egin dugu, hori dela eta.
Batman, FANT zinema jaialdiaren ikurra
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdia maiatzaren 8tik 16ra arte egingo dute aurten. Gotham Cityko superheroia Bilbori begira ageri da kartelean.
“Las hijas”, manipulazioaren aurkako borroka pantailan
Daniel Romero madrildar zinemagilearen lehen lan luzea Bizkaian filmatu dute, eta Yune Nogueiras, Jone Laspiur, Edurne Azkarate, Ainara Elejalde eta Ainhoa Larrañaga ditu protagonista, baita Karra Elejalderen parte-hartzea ere.
Euskal ekoizpenak protagonista, Goya sarietako izendatuen jaian
Goya sarietako izendatuen jaia egin dute Madrilen. Euskal produkzioek 47 izendapen dituzte guztira eta haien presentzia nabarmena izan da. Euskal zuzendari, ekoizle eta aktoreak irribarretsu ikusi ditugu alfonbra gorrian, pozik eta ilusioz beterik. Jai honekin otsailaren 28an Bartzelonan ospatuko den galarako atzerako kontaketa hasi da.
Euskal zinemaren industria etengabeko hazkundean dago, eta Euskal Herriko Zinema Eskolan nabaritu dute
Datozen urteetan arlo profesionalera salto egiteko asmoz, gero eta aktore gazte gehiago dago zine eskoletan. Euskal Herriko Zinema Eskolako ikasleek aitortu dute sektoreak bizi duen gorakadaren ondorioz etorkizunari itxaropenez eta motibazioz begiratzen diotela.