Jabi Elortegi: "Istorio unibertsal bat kontatzen du 'El vasco'k"
El vasco Jabi Elortegi bermeotarrak zuzendu duen komediak ireki du bart, Donostiako Zinemaldia hastearekin bat, Zinemira euskal zinemaren saila. Mikelek (Joseba Usabiaga) Bermeo utzi, eta Argentinara egingo du, bizitzarekin desengainua hartuta, Chelo (Eduardo Blanco) senide urrunaren gonbita onartu eta gero.
Han, Argentinako herri txiki batean, euskal komunitateak besoak zabalik hartuko du iritsi berria, "euskaldun benetakoa", eta amuma Dolores aitonaren arreba (Itziar Aizpuru) eta Ines (Ines Efron) haren laguntzailea ezagutuko ditu Mikelek.
EITBren parte hartzea duen filmak umorea du ardatz, baina tarteka, folklorearen, diasporaren, topikoen, memoriaren eta familiaren inguruko hainbat hausnarketa zirriborratzen ditu Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko 100 minutuko joan-etorrian.
Elortegirekin hitz egin dugu.
Nola erne zen "El vasco"? Nola jaio zen proiektua?
Egia esan, duela zortzi urte jaio zen proiektua. Xabi Zabaleta gidoilaria eta biok beti ibili izan gara elkarrekin istorioak sortzen, eta bestaldean, Argentinan-eta, bizi diren euskaldunen inguruko hausnarketari heldu genion halako batean.
Xabi istorioa idazten hasi zen, eta bukatutakoan bi urtez egon da kajoi batean sartuta. Harik eta Zinemaldiak argentinar ekoizleekin topaketa bat antolatu, eta produktore batekin gelditu ginen arte.
Horietako batekin egon ginen, gidoia pasatu genion, eta hotelera eraman eta bertan irakurriko zuela hitzartu genuen. Handik hiru ordutara deitu zigun, gustatu zitzaiola eta pelikula ekoitzi nahi zuela esateko.
Orduan hasi zen benetako bidea: dirua lortu, pandemia ere egon da… Azkenean, iaz filmatu genuen, orain gauden urteko sasoi berean gutxi gorabehera.
Zinemaldian erne zena Zinemaldian loratuko da, orduan.
Hori da. Hemen hasi ginen ekoizleekin harremanetan, eta orain hemen ikusiko da. Alde horretatik, uste dut Zinemaldiak lan ikaragarria egiten duela, mundu honetako pertsonak elkarrekin harremanetan jartzen baikaitu.
Zuk zuzendu duzu filma, baina Xabi Zabaletak eta Arantxa Cuestak idatzi dute. Nolakoa izan da elkarlan hori?
Oso landuta dugu jario hori. Aspalditik egin dut lan Xabirekin, eta batzuetan iruditzen zait nik idatzita dagoela.
Xabi hasi ohi da zirriborro bat idazten, gero Arantxa Cuestari pasatzen dio, eta ni ere hasten naiz irakurtzen eta doitzen. Gero, irakurketak egiten ditugu, pertsona adituekin, eta aktoreekin ere irakurtzen dugu.
Kasu honetan, Argentinako hizkerara ere pasatu dugu testua, eta hor guztiz aldatu da. Argentinako aktoreek, gainera, asko inprobisatzen dute: ez dute esaldi bera birritan berdin botako!
Prozesu jarraitua da.
Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru euskal aktore ezagun-ezagunak dira protagonistak, baina Eduardo Blanco eta Ines Efron argentinarrengan ere bermatzen da pelikularen pisua. Zer espero zenuen beraiengandik eta zer eman diote pelikulari?
Bost dira aktore nagusiak. Alde batetik, Joseba eta Itziar Aizpuru, eta bestetik, argentinarrak: Eduardo Blanco protagonista, Ines Efron eta Laura Oliva.
Eduardo Blancoren lana bikaina izan da. Argi genuen bera izan behar zela, eta oso aberasgarria izan da bere ondoan egotea: proposamenak egiten ditu eta exijitu ere egiten dizu, baina komedia handiko gizona da, eta dena izaten du kontrolpean.
Ines Efron Donostiako Zinemaldian bertan ikusi genuen Xabik eta biok aspaldi; bi pelikularekin etorri zen hona. Eta hainbeste gustatu zitzaigun beraren lana, Xabik istorioa idatzi zuenean, "Ines" izena jarri geniola pertsonaiari haren omenez.
Laura Oliva antzerkian eta telebistan ibili da gehiago, oso ezaguna da Argentinan, eta niretzat sorpresa handia izan da: lan bikaina egin du pelikulan.
Bermeo eta Argentina artean filmatu duzue. Nolakoak izan ziren filmatze lanak?
Argentinan, ni hiru hilabetez egon nintzen preprodukzioa eta errodajea direla eta. Bost aste egin genituen guztira Argentinan filmatzen: lau aste, Cordobako probintzian, Villa Marinan eta Morrisonen; eta astebete, Mendozan.
Gero, astebete egon ginen Bermeon.
Umorea da nagusi filmaren aurkezpenean, baina drama traza batzuk ere baditu. Nola zaindu dituzue uztartze eta oreka hori?
Bai, pelikula komediatik doa batez ere, baina badago momentu bat beste bide bat hartzen duena, beste tonu batera lerratzen dena.
Protagonistek modu ezberdinean bizi dute deserria, batzuek azaletik eta beste batzuek sakon-sakonetik. Nola heldu diozue errealitate horri?
Ikaragarria da bertakoak nola identifikatzen diren gure herriarekin –nahiz eta joan zirenen hirugarren belaunaldia izan–, nola mantentzen dituzten gure tradizioak, kantak, dantzak…
Ni San Inazio bezperan iritsi nintzen bertara, eta biharamunean, gonbidapena nuen San Inazio egunean haritz baten azpira joateko, aurreskua dantza ziezadaten. Harrituta gelditu nintzen!
Beraientzat oso garrantzitsua da euskalduna izatea, eta askok, orain, seme-alabak geurera etortzea nahi dute, zoritxarrez, bertan ezin baitute egonkortasunik aurkitu.
Nahiko ziklikoa da guztia.
Argentinar eta batik bat euskal kulturari eginiko keinuz gainezka dago pelikula. Zer publikorengan pentsatuta egin duzue?
Gure ustez, istorio unibertsal bat kontatzen du. Euskaldun baten ordez protagonista Argentinara edo New Yorkera joan zen italiar bat dela esaten baduzu, pelikula berdina izango da eta berdin ulertuko da.
Migrazioa jorratzen du, eta edonork ikus dezake bere burua islatuta. Euskal Herrian oso ondo ulertuko da, eta Argentinan ere bai, Latinoamerikan jende gehiena kanpotik etorritakoa baita, eta oso ondo ulertuko dute istorioa, nonahikoak direla ere.
Non eta Donostiako Zinemaldian aurkeztuko da filma, Zinemira sailean. Zer da zuentzat erakusleiho horretan estreinatu ahal izatea?
Urduri egongo gara seguru asko, jendeak lehenengo aldiz ikusiko duelako, baina niretzat oso polita da Zinemaldian aurkeztea, zinema asko bizitzen den tokia baita.
Gure pelikula oso txikia da, eta zarata handiagoa egiten lagunduko digu.
Noiz ikusi ahalko da Zinemaldia bukatu eta gero?
Urriaren 7an estreinatuko dugu zinemetan, Hegoaldean.
Zinemaldia termometro moduko bat izango da. Gero, gure asmoa mundutik mugitzea da, eta dagoeneko badaukagu horretarako banatzailea.
Zure interesekoa izan daiteke
Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean
Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.
Fant zinema jaialdiak Eugenio Mira zuzendaria sarituko du
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Film Laburren Sail Ofizialak 19 lan proiektatuko ditu, horietako hamar euskal ekoizpenak. Fantasiazko zinemaren jaialdiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra egingo dute.
Crossover jaialdiak Donostia telesailen hiriburu bihurtuko du aste honetan
Bederatzigarren edizioak estreinaldiak, topaketak eta larunbatera arteko jarduerak bilduko ditu, euskarazko programazio zabalarekin.
Chuck Norris hil da
Aktorearen ibilbidea arte martzialei lotuta dago. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.
Iñarritu: "Kamera ikusleari eman diot eta bakoitzak esperientzia ezberdina biziko du"
Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagile mexikarrak "Carne y arena" instalazioa aurkeztu du EITBren Bilboko egoitzako 5. platoan. Zuzendariak espazio honetan sortzen diren sentsazio eta bizipenak azaldu dizkigu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.
Albiste izango dira: Oscar sariak, EAEko aireportuen kudeaketari buruzko bilera Madrilen eta udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Aldarrikapen politikoek ez dute Oscarren bataila irabazi
Munduko egoera geopolitiko eta humano aldrebesak ez du Conan O’Brienek aurkeztu duen galako erdigunea hartu, Javier Bardem espainiar aktoreak gerraren kontra eta Palestinaren askatasunaren alde eginiko aldarri argiaz haratago.
Oscar sarien 98. edizioko palmaresa
One Battle After Another filmak sei Oscar lortu ditu, gaueko sari nagusia barne, film onenarena; Sinnersek, 16 ataletan izendatuta egonik, lau estatuatxo erdietsi ditu.
Oscar sarietako unerik onenak
Oscar sariek une gogoangarriak eta look apurtzaileak utzi dituzte. Hemen adibide batzuk.