Lur Olaizola: "Hitzak oso boteretsuak dira zineman"
Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyesen ahotsa eta Yoyes. Desde su ventana liburuko pasarteak; baita Ana Torrent aktorearen eta Lur Olaizolaren beraren interpretazioak ere; eta atzean, leihoa. Osagarri horiek ditu Hirugarren koadernoa Lur Olaizola (Donostia, 1988) zinema-programatzailearen (Tabakalerako ikus-entzunezkoen programaren koordinatzailea da) filmak.
Torrent eta Olaizola alegiazko pelikula bat prestatzen aurkezten ditu pelikulak, aurrez aurre, eta beraien elkarrizketak eta Yoyesen eguneroko hitzek hainbat emakumeren lana ekarriko dute plazara. Atea zabalduko diote Ulrike Meinhofi, Simone de Beauvoirri, Aleksandra Kollontairi eta besteri.
Olaizolarekin hitz egin dugu Zabaltegi Tabakalera sailean lehiatik kanpo ikusiko den pelikula honetaz, zeinetan fikzioak eta dokumentalak bat egiten baitute.
Zer piztu zizun Yoyes. Desde su ventana irakurtzeak, testuak pelikulara ekartzea erabakitzeko? Noiz irakurri zenuen liburua, eta noiz eta zergatik erabaki zenuen filmaren abiapuntua izango zela?
Yoyes. Desde su ventana 17 urte nituela irakurri nuen lehenengo aldiz. Beti egon da liburua gurasoen etxean. Momentu horretan, Yoyesen hitzek zeharkatu egin ninduten, beti inpresionatzen naute lehenengo pertsonan idatzitako hitzek; are gehiago, eguneroko bat bada. Baina Yoyesen kasuan, gainera, bere pentsamenduak eta begirada kritikoak harritu ninduten.
Urte batzuk geroago, nire praktika zinematografikoa martxan jartzean, 80ko hamarkadaren inguruan ikertzen hasi nintzen. Alde batetik, heroina eta hiesa; bestetik, hemengo Historia.
Orduan berrirakurri nuen Yoyesen liburua, eta abiapuntu bikaina iruditu zitzaidan 80ko hamarkadako Historia beste era batean kontatzeko nire zinearen bitartez.
Zer kontatuko zenuen erabaki eta gero, nola kontatu zehaztu zenuen. Zergatik eszenaratu aktorea eta zuzendaria buruz buru erakutsita, oso toki soilean, asmatutako pelikula baten gidoia irakurtzen?
Nire praktika zinematografikoa ez dago gai batzuei lotuta bakarrik, lengoaia zinematografikoaren inguruko hausnarketa bati lotuta joaten da beti. Kasu honetan, ezinbesteko erreferentzia izan zen Marguerite Durasen Le camion filma. Bertan Marguerite Duras eta Gérard Depardieu azaltzen dira lehenengoaren etxean gidoi baten irakurketa egiten.
Nire ustez, hitzak oso boteretsuak dira zineman. Azken finean, hitz bat entzun eta ikusle bakoitzak irudi ezberdin bat imajina dezake bere buruan. Irudimena aktibatzeko erarik interesgarrienetakoa da. Horregatik iruditu zitzaidan dispositibo interesgarria zela.
Gainera, lengoaiarekin zerikusia daukan beste erabaki bat zera izan zen, irakurketa aurrera doan heinean kanpoan iluntzen doala. Zinea, azken batean, argia baita.
Ana Torrentek "Yoyes" Helena Tabernaren 1999ko pelikulan egin zuen Yoyesena. Horregatik aukeratu zenuen aktorea? Nola hartu zuen berak proiektuan parte hartzeko gonbita, eta nolakoa izan da berarekin lan egiteko prozesua?
Bai, horrexegatik aukeratu nuen. Iruditzen zait jendeari Yoyes aipatzen diozunean, askotan, Ana Torrenten aurpegia datorkiola burura Yoyesenaren ordez. Ahalmen hori ere dauka zineak, ezta? Aktore batek benetako pertsonaren irudia ordezkatzea.
Email bitartez izan zen gure arteko lehen harremana. Nire lehenengo bi film laburrak bidali nizkion, eta proiektua gainetik azaldu nion. Eta egia esan, hasiera-hasieratik interesatu zitzaion.
2020ko abenduan, elkar ezagutu genuen Madrilen, eta harrezkeroztik oso ondo moldatu izan gara. Berarekin lan egitea zoragarria izan da, aktore bikaina baita.
Torrentez gain, kamera aurrean agertzen den beste pertsona zeu zara. Zergatik erabaki duzu pantailaren bestaldera lerratzea, eta nola bizi izan duzu esperientzia hori? Eroso egon zara?
Zalantza asko izan nituen erabaki horren inguruan. Ez zait kameraren aurrean egotea gustatzen, eta nire papera aktore batek egitea pentsatu nuen hasieran. Baina, aldi berean, ez zeukan zentzurik aktore batek zine zuzendariarena egiteak ni neu zuzendaria izanik. Dokumental eta fikzioaren artean dagoen proposamen bat izanik batez ere.
Nerbioak pasa nituen filmatzeko orduan. Ez zen bakarrik kameraren aurrean jarri behar nuela, baizik eta Ana Torrenten mailako aktore baten aurrean egin behar nuela. Baina berak asko erraztu zuen egoera.
Yoyesen egunerokoan jasotako hitzetan, hainbat idazle agertzen dira, hala nola Ulrike Meinhof, Simone de Beauvoir, Rocio Diazescobar eta Aleksandra Kollontai, baita Sartre, Cortazar eta Tina Modotti ere. Irakurketa horiek guztiak egin dituzula esan duzunez gero, zer harik lotzen ditu zure ikuspegitik?
Hasteko, Yoyesek berak lotzen ditu. Zinema-programatzailea izango balitz bezala, idazle eta pentsalari guzti hauengana eraman nau Yoyesek. Hitz batetik hurrengora. Pentsamendu batetik bestera.
Tina Modotti eta Aleksandra Kollontairen kasuan, badago istorio polit bat: Modottiren argazkigintza hainbeste baldintzatu zuen zine sobietarra Kollontaik Mexikon programatu zuelako ezagutu zuen Modottik. Sentsazioa dut sortzaile hauen guztien artean hainbat hari daudela. Agian, bakoitzak egin behar du bata bestearekin lotzeko ibilbidea.
Koadernoak eta egunerokoak une jakin bateko argazkiak direla esaten du Yoyesek. Gisa berean bizi ditu zinemagileak bere bidean egindako filmak? Nolako harremana duzu denborarekin eta egindako pelikulekin?
Gustatzen zait galdera hau. Orain arte ez dut honetan pentsatu, baina arrazoi duzu, egin ditudan pelikulek bizitzaren momentu ezberdin bat markatzen dute, film bakoitza iraganeko momentu batekin lotuta dago.
Eta uste dut oso lotuta dagoela film bat egiteko prozesuarekin ere: ikerketa, filmaketa, muntaketa, postprodukzio eta proiektatzeko momentuarekin alegia. Baita norberak bizi duen momentuarekin eta inguratu zaituen jendearekin ere.
Cinema du Reel Parisko Pompidou Zentroko zinema jaialdian estreinatu zenuen filma martxoan. Zer moduz joan zen? Zer erantzun jaso zenituen publikoaren aldetik?
Oso berezia izan zen Cinéma du Réeleko proiekzioa. Ez nire film labur bat nazioartean ikusi den lehenengo aldia izan zelako bakarrik, ezpada Parisen zelako ere. Paris hiri onenetakoa da horrelako esperientzia bat izateko, zinearekin daukan harremanagatik.
Oso harrera ona izan zuen Hirugarren koadernoak, nahiz eta han, Yoyes eta beraren historia ez ezagutu hemen adina.
Orain, etxeko jaialdian aurkeztea ezberdina izango delakoan nago.
Urduri nago ilusio handia egiten didalako Zinemaldian Hirugarren koadernoa aurkezteak. Igandea iristea nahi dut, eta, aldi berean, pena handia emango dit pasatzen denean.
Zer etorkizun opa diozu "Hirugarren koadernoa"ri?
Egiten dituzun sorkuntza guztiekin gerta daitekeen onena jendearengana iristea dela uste dut. Hori opa diot Hirugarren koadernoari.
Baduzu beste proiekturik esku artean? Zerbait aurreratzeko moduan?
Oraingoz ez daukat proiektu zehatzik. Urtarrilera arteko epea eman diot neure buruari esku artean ditudan programatzaile lanekin ibiltzeko, eta urtarriletik aurrera hasiko naiz proiektu berriarekin.
Nahiz eta oraindik erabat irekita egon, emakumea eta Historia hor egongo dira zalantzarik gabe.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Zure interesekoa izan daiteke
Stephen Colbertek 'Eraztunen jauna' sagako film berri bat idatziko du, lehen liburuan oinarrituta
Film berria, 'Eraztunaren Elkartea' liburuko lehen kapituluetan oinarrituko da, Peter Jacksonen zinema-egokitzapenean sartu ez ziren kapituluetan, hain zuzen ere.
Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean
Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.
Fant zinema jaialdiak Eugenio Mira zuzendaria sarituko du
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Film Laburren Sail Ofizialak 19 lan proiektatuko ditu, horietako hamar euskal ekoizpenak. Fantasiazko zinemaren jaialdiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra egingo dute.
Crossover jaialdiak Donostia telesailen hiriburu bihurtuko du aste honetan
Bederatzigarren edizioak estreinaldiak, topaketak eta larunbatera arteko jarduerak bilduko ditu, euskarazko programazio zabalarekin.
Chuck Norris hil da
Aktorearen ibilbidea arte martzialei lotuta dago. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.
Iñarritu: "Kamera ikusleari eman diot eta bakoitzak esperientzia ezberdina biziko du"
Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagile mexikarrak "Carne y arena" instalazioa aurkeztu du EITBren Bilboko egoitzako 5. platoan. Zuzendariak espazio honetan sortzen diren sentsazio eta bizipenak azaldu dizkigu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.
Albiste izango dira: Oscar sariak, EAEko aireportuen kudeaketari buruzko bilera Madrilen eta udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Aldarrikapen politikoek ez dute Oscarren bataila irabazi
Munduko egoera geopolitiko eta humano aldrebesak ez du Conan O’Brienek aurkeztu duen galako erdigunea hartu, Javier Bardem espainiar aktoreak gerraren kontra eta Palestinaren askatasunaren alde eginiko aldarri argiaz haratago.
Oscar sarien 98. edizioko palmaresa
One Battle After Another filmak sei Oscar lortu ditu, gaueko sari nagusia barne, film onenarena; Sinnersek, 16 ataletan izendatuta egonik, lau estatuatxo erdietsi ditu.