Euskal zinema, Sevillara begira
Euskal zinemaren presentzia nabarmena da azken urteotan mundu osoko jaialdi eta sariketetan: Estibaliz Urresolak Berlinaleko Sail Ofizialean estreinatuko du "20.000 especies de abejas" laster, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean "Suro" eta "La consagración de la primavera" egon ziren, "Irati"k bi sari erdietsi zituen Sitgeseko zinema jaialdian, "Tula" Beatriz de Silvaren film laburra Oscar sarietatik urrats bakarrera gelditu zen eta gogoan ditugu oraindik, berbarako, "Handia"k eraman zituen hamar Goya sariak.
Bide emankor horren beste erakusgarri bat izango dugu gaur, Sevillan ikusgai eta kontagai. Espainiako Zinema Akademiak 2022ko pelikulak sarituko ditu, Goya Sarien 37. edizioa, alegia, eta euskal zinemak itzala izango du bertan, hainbat pelikula eta zinema profesionalen izendapenetan gorpuztuta.
"Cinco lobitos" drama sozialak, Alauda Ruiz de Azuak gaur egungo bat-batekotasunari, prekarietateari eta beste hainbat ajeri egindako ikus-entzunezko argazkiak, hamaika izendapen bildu ditu, esaterako, pelikula onenarena tartean; oso bestelako lan batek, "Irati" Paul Urkijok euskaraz filmatutako fantasiazko film epikoak, bost sari irabaz litzake larunbat iluntzean, gidoi egokitu onenarena eta jantzi diseinu onenarena esate baterako.
Alauda Ruiz de Azuak bezala, lehen film luzea du Mikel Gurreak "Suro" film sakon eta sendoa, eta bi ataletan izendatu dute donostiarrak Katalunian katalanez filmatutako istorio izerditsu eta gogoetagarria, zuzendari berri onenarenean (Gurrea bera) eta emakumezko aktore protagonista onenarena (Vicky Luengo).
Bina izendapen dituzte, halaber, "Unicorn Wars" Uniko bilbotar ekoiztetxeak ekoitzitako animaziozko film politikoak (abesti onenarena tartean, Joseba Beristain azkoitiarrarentzat) eta "La consagración de la primavera" euskal ekoizpenak, zeinak gizonezko aktore berri onenaren Goyarako izendapena ekarri baitio Telmo Irureta zumaiarrari.
Izendapen bat dute, bestalde, "No mires a los ojos" Felix Viscarret nafarrak zuzendutako lanak, "Maldita: A love song to Sarajevo", ezberdinak direnei zuzendutako maitasun eta eskertze gutuna den film laburrak, "Cuerdas" Estibaliz Urresolaren film labur sarituak, "Loop" animaziozko film laburrak eta "Labordeta, un hombre sin más" Gaizka Urrestiren dokumentalak.
Animazioa
Animaziozko pelikula onenaren atalean, bost izendatuetatik hiru euskal ekoizpenak dira: "Unicorn Wars" gerren aurkako aldarrikapen zintzoaz gain, "Black Is Beltza 2: Ainhoa" Fermin Muguruzaren zigilua duen abenturazko film politikoaren bigarren alea eta "Inspector Sun y la maldición de la viuda negra" Julio Soto Gurpideren filma.
Gainera, euskal filmez haraindi, bestelako lanetan lan egiten duten hainbat euskal profesional ere badaude Goya saria irabazteko hautagaien artean, hala nola Ibon Cormenzana ekoizlea eta Aitor Berenguer soinu zuzendaria "As bestas" gaueko faboritoagatik (17 izendapen bereganatu ditu Sorogoyenen pelikula itzelak) eta Fernando Velazquez orkestra zuzendaria "Los renglones torcidos de Dios" filmeko musikan egindako musikagatik.
Ramon Barea bilbotar aktore beteranoak, bestalde, hiru lan ditu sarietarako izendatuta. Bera dago, hasteko, inoizko bere lehen izendapena eman baitio "Cinco lobitos"en antzeztaldeko gizonezko aktore gisa egindako lanak, baina, gainera, ahotsa jartzen du "Unicorn Wars" animaziozko film izendatuan eta protagonista da "La entrega" fikziozko film laburrean.
Larunbatean jakingo dugu zeinek eramango dituzten Goya sariak, hamarretan abiatuko den gala amaitutakoan. Izendapen gehien dauzkaten lanak dira "As bestas" (hamazazpi), "Modelo 77" (hamasei), "Alcarrás" (hamaika) eta "Cinco lobitos" (hamaika), laurak ere film onenerako izendatuta "La maternal"ekin batera.
EITBk parte hartzen du pelikula izendatu hauetan: "Cinco lobitos", "Irati", "Suro", "Unicorn Wars", "La consagración de la primavera", "Cuerdas", "Black Is Beltza 2: Ainhoa". Gainera, gala hasi baino ordu batzuk lehenago, eguerdian, EITBko ordezkariek harrera egingo diete Sevillara joandako sektoreko euskal ordezkariei: aktore, zuzendari, ekoizle… hirurogei eta hamar bat lagun bilduko dira. Topaketa horretan Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua ere egongo da.
Ekitaldi honen eta 37. Goya sarien galaren aurretik eta ondoren gertatzen den guztiaren jarraipen zabala egingo dute EITBko hedabideek.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
“Palestine 36” filmak irekiko du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia
Apirilaren 23tik 30era 23. edizioa egingo duen jaialdiko pelikuletan hizpide hartuko dituzte, besteak beste, emakumeek erlijioetan duten zeregina, larrialdi klimatikoa, prekarietatearen feminizazioa eta pertsona transek landa giroan duten egoera.
Piztu ziren argi gorriak Hernaniko eskalextrikean
"Argi Gorriak" telesailaren zortzi ataletan, krudela oso da komedia, bizitza nola. Zortzi atal horietan, algarak izozten dizkizute gidoilariek eztarrian.
Stephen Colbertek "Eraztunen jauna" sagako film berria idatziko du, lehen liburuan oinarrituta
Film berria, Eraztunen jauna: eraztunaren komunitatea liburuko lehen kapituluetan oinarrituko da, Peter Jacksonen zinema-egokitzapenean sartu ez ziren kapituluetan, hain zuzen ere.
Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean
Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.
Fant zinema jaialdiak Eugenio Mira zuzendaria sarituko du
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Film Laburren Sail Ofizialak 19 lan proiektatuko ditu, horietako hamar euskal ekoizpenak. Fantasiazko zinemaren jaialdiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra egingo dute.
Crossover jaialdiak Donostia telesailen hiriburu bihurtuko du aste honetan
Bederatzigarren edizioak estreinaldiak, topaketak eta larunbatera arteko jarduerak bilduko ditu, euskarazko programazio zabalarekin.
Chuck Norris hil da
Aktorearen ibilbidea arte martzialei lotuta dago. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.
Iñarritu: "Kamera ikusleari eman diot eta bakoitzak esperientzia ezberdina biziko du"
Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagile mexikarrak "Carne y arena" instalazioa aurkeztu du EITBren Bilboko egoitzako 5. platoan. Zuzendariak espazio honetan sortzen diren sentsazio eta bizipenak azaldu dizkigu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.