"Fede handia dugu 'Maldita'ren aukeretan: ikusleek asko maite dute eta erantzun polita jasotzen ari gara"
Sevdah bosniar musika malenkoniatsuak maiteminari kantatzen dio, doinu gozoz eta ahots sarkorrek gidatutako eta hautsitako egitura askez. Maitasun grina bizi eta askotan etsi edo tragikoez dihardute kantu nostalgiko indartsu horiek, eslaviarren kantu lirikoak, otomandarren doinu kromatikoak eta sefardien tradizioa uztartuta.
Hain zuzen ere, sevdah musika hori jorratzen duen balkandar artista bat, Bozo Vreco, da Raul de la Fuente eta Amaia Remirez zinemagileen ("Minerita", "El infierno", "Beste egun bat bizirik"…) film labur dokumentalaren protagonista.
Sevdalinka sevdah musikako aleak bezala, maitasun kantua da "Maldita: A love song to Sarajevo", larunbatean sortzaile bikoteari bere hirugarren Goya eman liezaiokeen pelikula (otsailaren 11n banatuko dituzte sariok, Sevillan). Musikari, sentikortasunari eta bizitzari zuzendutako ikus-entzunezko besarkada bat da filma, baina bizitasuna, askatasuna eta argia darizkio, bosniar kantu tradizionalei ez bezala.
De la Fuenteren eta Remirezen kameraren zuri-beltzezko begirada dotorearen azpian, Vrecok eta Clara Peya bartzelonar pianistak "Maldita" kantu hunkigarria idatziko dute lau eskutara, zubiak eraikitzen jarraitzeko; zubiak, Sarajevo eta Bartzelona artean, tradizioaren eta abangoardiaren artean eta generoen artean.
Amaia Remirez "Maldita: A love song to Sarajevo" filmaren zuzendari eta gidoilariarekin hitz egin dugu ezberdintasuna aldarrikatzen, maitatzen eta txalotzen duen pelikula honi buruz.
Zorionak izendapenagatik! Nola jakin zenuten "Maldita" film labur dokumental onenaren Goya sarirako bost izendatuen artean zegoela?
Blanca Portillo eta Nora Navas aktoreek eman zituzten jakitera duela hilabete. Raul de la Fuente zuzendari kidea atzerrian zegoen beste filmaerrodaje batean, eta ni lanean... Lagunen mezuengatik jakin genuen.
Ikusi dituzue zuen sailean izendatuta dauden gainerako lanak? Zer iruditu zaizkizue?
Batzuk bakarrik ikusi ahal izan ditut oraindik. Dokumental, fikzio zein animaziozko laburretan, maila handia dago.
Gainera, euskal lan bat izendatu dute kategoria bakoitzean: fikzioan, Esti Urresolaren "Cuerdas"; eta animazioan, Unikok ekoitzitako "Loop", Pablo Polliedrirena.
Hiru aldiz egon zarete Goya sarietarako izendatuta eta bi aldiz lortu duzue garaikurra. Esperientzia horretatik, nola bizi nahiko zenukete otsailaren 11ko gaua?
Aurreko esperientzietatik ikasi dugu, argi eta garbi, edozer gerta daitekeela eta faktore askok eragiten dutela erabakian: lana zenbat ikusi den eta zenbat aipatu den prentsan, saririk jaso duen edo zinemaldi nabarmenetan egon den, ospe handiko norbaitek lagundu duen, zer gai jorratzen duen, konpetentzia...
Faktore horien guztien ondorioz, edozer gerta daiteke. Guk fede handia dugu "Maldita"ren aukeretan: ikusleek asko maite dute eta erantzun polita jasotzen ari gara.
Badaukazue zerbait prest, Goya jasotzera atera behar baduzue-edo?
Atera behar izanez gero, prest edukiko dugu zerbait! Oso zorrotzak dira esker onetarako denborarekin, minutu bat dago bakarrik.
Zer ematen diete sariek pelikulei? Zer balio ematen diezue sariei?
Sariek bizi berria ematen diete pelikulei. Ikusle gehiago interesatzen da, zinemaldi eta erakunde gehiagok eskatzen dute programatzeko, plataformen interesa pizten da… Dagoeneko, jende askoz gehiagok ikusi ahal izan du promozioan.
Sariak oso inportanteak izan dira Kanaki Films gure ekoiztetxearen bidean; hurrengo pelikuletarako kide berriak lortzeko, finantzatzeko, protagonisten baietza lortzeko...
Nola ezagutu zenituzten Bozo Vreco eta Clara Peya? Nola deskribatuko zenuke biotako bakoitza eta zergatik uste duzu funtzionatzen duela horren ondo bien arteko baturak?
Bozo Vreco artista duela hainbat urte ezagutzen zuen Ivan Zahinosek, Medicus Mundi Mediterraniako proiektu zuzendariak, Bartzelonak Sarajevorekin duen kooperazio historia luzea dela medio.
Eta Clara Peya Bartzelonan bizi den lagun batek, Nekane Navarrok, deskubritu zidan aspaldi. Txundituta utzi ninduen.
Bozoren eta Clararen arteko harremana deskribatzeko, hitz hauek erabiliko nituzke: garbia, naturala, espontaneoa, artistikoa. Txinparta momentuan piztu zen bion artean.
Gainera, biek konpartitzen dute oso harreman berezia musikarekin: sendagarria da beraientzat. Bozori epilepsia sendatzen lagundu zion gaztetan, eta Clararentzat, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa eramangarriagoa egiteko esparrua da musika.
Zer kontatu nahi zenuten erabaki eta gero, dotoreziaz nola kontatu erabaki zenuen, gidoian. Zer irizpide ezarri zenituzten istorioa kontatzeko?
Dokumentalaren formari eta gidoiari buruz, erabaki asko hartu genituen grabatu aurretik; hasteko, pelikula amodiozko kanta baten sormen prozesuaren narrazioa izango zela.
Ondoren, Bartzelonaren eta Sarajevoren arteko harremana zela eta, genero epistolarrean pentsatu nuen. Baina era modernoan gutunek bideo deien forma hartu dute mugikorrei esker; hor, Raulek pantaila banatua erabiltzea pentsatu zuen.
Zuri-beltzezkoaren erabakia intuizioa izan zen, hasieratik. Bozo Vreco ezagutu, eta dualtasunean pentsatzen da nahitaez. Eta dotorezian. Zuri-beltzak bi horiek ematen ditu.
Sarajevoko gudak presentzia eduki behar zuen, baina orainari tokia utzita. Horregatik, bi momentutan agertzen da bakarrik: Bozok bere haurtzaroaz hitz egiten duenean eta amaierako sekuentzian, niretzat pelikulako ederrena denean, non ezinezkoa den geure burua gudan murgilduta ez imajinatzea, Bozo eta Clararen emanaldia moztu eta bat-batean zibilak frankotiratzaileen suaren azpian hiriko kaleetatik korrika ikustean.
Sarajevo hiria ere, Bozo Vreco bezala, zauritua baina bizipozez ageri da dokumentalean, kultura askoren oinordeko moduan, 90eko gerrak bertako dibertsitatea murriztu bazuen ere. Nolako hiria aurkitu zenuten, Gerratik 30 urtera?
Guk Sarajevo batez ere Bozoren bitartez eta produkzioan handik lagundu duten pertsonen aldetik ezagutu dugu; abegikorra, dibertigarria eta dibertsoa iruditu zitzaigun.
Ikusi dute pelikula Bozok eta Clarak? Zer iruditu zaie?
Bartzelonan egin genuen aurrestreinaldian ikusi zuten biek. Clara oso kritikari zorrotza da, eta beraren onespena jaso dugu! Bartzelonaren irudia triunfalista eta instituzionala izateak kezkatzen zuen bera ikusi aurretik, baina pozik geratu da.
Bozok malkoak begietan eskertu zigun lana Rauli eta bioi.
Baduzue beste proiekturik esku artean?
Bat baino gehiago! Aurten amaituko dugu elkarrekin zuzendutako gure bigarren proiektua, "Bayo Bayo Baby" film luze dokumentala, Sierra Leonan sei urtez jarraitu ditugun bi gazteren istorioak.
Beste bat grabatzen ari gara, Euskadirekin eta Afrikarekin zerikusia daukana, eta bi ideia berri idazten.
Zure interesekoa izan daiteke
Michaël R. Roskamen 'Le Faux Soir' filmarekin emango diote amaiera Zinemaldiari
II. Mundu Gerran Belgikako Erresistentziaren operazio batean gertatutakoa azaltzen duen filma lehiaketatik kanpo proiektatuko da irailaren 26an, Kursaalen, palmaresa iragarri ondoren.
Fatih Akinen "Ghost Song" filmak inauguratuko du Zinemaldiko Sail Ofiziala
Zuzendari alemaniarraren film berriaren mundu mailako estreinaldiak irekiko du irailaren 18an Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko Sail Ofiziala. Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Kursaal Auditorioan proiektatuko da filma, eta Akinek Urrezko Maskorra lortzeko lehian parte hartuko duen lehen aldia izango da.
Los Javis, Araujo, Dhont edo Hamaguchiren film berriak eskainiko dituzte Zinemaldiko Perlak sailean
Guztira 16 film luze proiektatuko dira Perlak sailean eta guztiak, Olivier Nakache eta Eric Toledanoren 'Juste une illusion' izan ezik, Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehiatuko dira.
Zinemaldiko Belodromoko saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko
Donostiako belodromoak 'Karateka' eta 'Muguruza FM 40 Tour' filmen mundu mailako estreinaldiak hartuko ditu, baita 'Go! azen' telesailaren denboraldi berriaren lehen atala ere.
Hayden Panettiere aktorea hil da, 'Scream' eta 'Heroes'-eko protagonista, 36 urte zituela
Aktorearen ordezkariak baieztatu du albistea, baina oraingoz ez dute jakinarazi zergatik hil den.
Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko lehian arituko diren sei film gehiago iragarri ditu
Jesse Eisenbergen eta Fred Cavayeren lanak, besteak beste, aurretik iragarritako hamar izenburuei batuko zaizkie Zinemaldiko Sail Ofizialean.
Leihoa irekita izan arren, pantailarik ez
Werner Herzog, Donostia saria
Zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktore alemaniarrari Zinemaldiko ohorezko sari ospetsuenetako bat emango diote. Herzogek inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria, eta bere azken filma aurkeztuko du: Bucking Fastard.
Manolo Solo espainiar aktorea hil da
Andaluziar aktoreak, "Cerrar los ojos" eta "Una quinta portuguesa" flimen protagonistak, 62 urte zituen.
Hamalau zinemagilek beren lehen edo bigarren filmak aurkeztuko dituzte New Directorsen
Javier Giner barakaldar zuzendariak “Esta soledad” bere estreinako pelikula aurkeztuko du Zinemaldiaren atal honetan.