Zinemaldia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

“Tender loving care” Mike Leighen pelikulak irabazi du Urrezko Maskorra

Kate O’ Flynnek, britainiar zinemagilearen filmeko protagonistak, irabazi du Interpretazio Protagonista Onenaren Zilarrezko Maskorra, Asta Kamma August “Growht of the soil” norvegiar filmeko protagonistarekin batera “ex aequo”. “Border” Ah Biao txinatar zuzendariaren filmak epaimahaiaren aipamen berezia lortu du, eta “Txakun txakür” dokumentalak irabazi du Euskal Zinemaren Irizar saria.

Iragarkia
18:00 - 20:00

“Tender loving care” Mike Leigh britainiar zuzendariaren filma da Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioaren irabazle nagusia. Pelikula horrexek irabazi du jaialdiaren Urrezko Maskorra, baita Interpretazio Protagonista onenaren Zilarrezko Maskorra Kate O’ Flynn bere protagonistarentzat, Asta Kamma August “Growht of the soil” norvegiar filmeko aktore nagusiarekin “ex aequo”. Gidoi onenarena saria ere Leighentzat beretzat izan da.

83 urteko britainiar zuzendariak iragarria du elkartasunari, adiskidetasunari eta zaintzei buruzko istorio hau bere azken pelikula izango dela “seguru asko”, bere osasun egoera dela eta. Hori dela eta, ezin izan da Donostiara bertaratu, eta bideo bidezko mezu batean adierazi du sariarekiko esker ona. 

Donostiako Zinemaldiko 74. edizioko saridunen familia argazkia

Ira Sachs estatubatuar zinemagilea buru izan duen epaimahaiak, halaber, aipamen berezia egin dio “Bian jing / Border” Ah Biaoren film txinatarrari, eta zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra  Amanda Kernell suediarrari eman dio, “Garrat du váimmu / Brace Your Heart” filmagatik. Antzeztaldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra Javier Camarak jaso du, “5 minutos más” filmean egindako lanagatik.

Kideen artean Patricia Lopez Arnaiz euskal aktorea eta Bill Skarsgard izan dituen epaimahai ofizialaren azken saria argazkilaritza onenaren saria izan da, eta Oskar Dahlsbakkeni eman diote, “Growht of the soil” filmean egindako lana aitortzeko.

“Txakun txakür”, Euskal Zinemaren Irizar saria

Marta Etura donostiar aktoreak gidatu duen epaimahaiak “Txakun txakür” Elsa Oliarj-Inesen dokumentala aukeratu du Euskal Zinemaren Irizar sariko irabazle gisa. Film honek Sohütako ikastola bateko ikasle talde baten bizipen eta hausnarketak jaso ditu kamera aurrean, zortzi urtez, eta besteen begietara nola hazten garen hartzen du hizpide, baita gizartean dugun tokia nola hartzen dugun ere.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Palmaresa aletuta, jatorrizko musika onenaren SGAE saria Amine Bouhafarentzat izan da, “7h 40 ce matin-là / milo” filmagatik; Zabaltegi Tabakalera saileko saria “Teenage sex and death at camp Miasma” pelikularentzat (Jane Schoenbrun); Horizontes atalekoa “La ilusión de un verano sin fin” Alessandra Sanguinettiren pelikularako; eta Kutxabank-New Directors saria “Body of glass” Naëmi Adaren pelikularentzat.

Azkenik, “Naza” Palestinako genozidioa hizpide duen filmak Europako pelikula onenaren Publikoaren Saria irabazi du, eta galara bertaratutakoek elkartasuna adierazi diete, une horretan, palestinarrei. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Film onenaren Donostia Hiria publikoaren saria, bestalde, “La bola negra” Javier Calvo eta Javier Ambrossiren filmarentzat izan da. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Aurtengo Zinemaldiarekikoak kitatuta, datorren urteko edizioari begira jarriko da jaialdia. 75.a izango da, eta, horrez gain, Maialen Beloki zuzendari berriak haren gidaritzan egingo duen lehenengoa. 

Gaurko galan, publikoak agur esan die Jose Luis Rebordinos orain arteko zuzendariari eta Lucia Olaciregui haren lankide eta zuzendariordeari. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X