Garrat du válmnu-Tenka ezazu bihotza
Amanda Kernell suediarra da nazionalitatez eta hegoaldeko samia etniaz. Kristo aurreko 7000. urtean bazegoen, jada, sami herria Europako Iparraldean, kasik zeruarekiko mugan. Arrantzan jarduten zuten, elur-oreinak ehizatu, larreratu ere. Gaurko Laponian, Suedian, Finlandian eta Errusian zeuden euren lurrak, euren lur elurtuak. Eremu izoztu haietako biztanle lehenak izan ziren samiak. Jatorrizko populazioa.
Pasa ziren Lurraren aroak eta Gizadiaren garaiak. Bertaratu ziren konkistatzaileak. Hasi ziren sarraskiak, samiak suntsitzeko ahaleginak. Ezpataz, txispaz, goseteak eragiten, herriaren duintasuna erasotzen, emakumeak antzutzen, gizonezkoak mozkorrarazten, gizaki zurien munduan sartzera indarrez behartzen, ohiko, usadiozko manera konkistatzaileenak.
Alta, nola edo hala, kostata baina fier, samiek eutsi egin zioten. Pagatu beharreko prezioa altua izan zen oso: egun, 92.000 sami baino gehiago ez daude munduan.
Herri zapalduak maiz jartzen dira berriro zutik. XIX. mendean ekin zioten samiek antolatzen, euren tradiziozko festak berriro ospatzen. Zurien gizartea ere, apurka-apurka hasi zen aldatzen, samiak zanpatu zituzten haien ondorengoek lotsa eta errua sentitu zituzten barrenetan…
Zinema hor zegoen. Lekuko. Aldaketaren eragile. Borroka eta salaketarako tresna.
Izan dira pelikula interesgarriak samien inguruan. Bitxiak ere, Frantziarekin batera ekoitzia, Jour polaire-hartan, hilketa bat aztertu behar zuten bi polizietako bat Ipar Afrikako berberea zen eta bestea, samia.
1952koa da berriz Valkoinen peura (Orein-elur zuria) fantasiazkoa. Pantailan agertzen dira samien tradizio anitzak, festak, dantzak, erritoak. 2023ko Ellos eatnu - La elva leve (Utzi ibaia bideratzen) horretan, bere sami jatorriaz beldurtuta, lotsatua den irakasle baten burujabetze prozesua kontatzen zaigu. 2008ko Kautokeino-opprøret (Kautokeino matxinada) filmak 1852ko orein-elurren artzainen altxamendua azaltzen du…
Beharbada istorio kuriosoena Walt Disneyen Frozen-en dugu. Bai, Iparraldeko lur eta jauregi izoztuetan bizi dira printzesa ahizpa biak. Bai, badaukate sami odola zainetan. Lehengo pelikula kaleratu orduko, sami herriaren ordezkariak ekoiztetxe erraldoiarekin jarri ziren harremanetan. Laguntza osoa eskaini zioten bigarrenak sami kutsu egiazko(ago)a izan zezan. Hollywoodek onartu eta Frozen II horrek sami ukitu mila ditu. Benetakoak…
Zinema hor. Lekuko, bandera eta kamera lepoan harturik.
Amanda Kernell suediarra da nazionalitatez eta hegoaldeko samia jatorriz. Amanda Kernell zinemagilea da. Amandaren Sameblad (samiodola) lehen luzeak Suedia zuri eta europarrean gizarteratu ahal izateko bere jatorria ezkutatu behar duen 13 urteko neskatila baten erretratua egiten du. Amandaren lehen luzea Venezian estreinatu zen.
Amanda Kernellek bere bigarren lana, lan bortitz, ausarta erakutsi berri du Donostiako Zinemaldian, eta zuzendaririk onenari eskaintzen zaion saria eskuratu du. Garrat du válmnu du izenburu, eta, etnia aldarria baino askoz gehiago bada ere, inporta handia du samien artean filmatua izateak, samiek antzeztua, samiek egina.
Samiek ez dute hizkuntza bakarra, hamaika baizik. Samiek kostata ulertzen dute elkar. Amanda hegoaldeko samiz mintzatzen da. Filma, ordea, sami lurretako iparrean da kokatua. Amandak hilabeteak eman zituen bertakoen hizkuntza ikasten… Eta urteak, proiektua aurrera ateratzeko ahaleginetan. 15 ekoizle ditu Tenka ezazu bihotza pelikulak, Bulgariako batzuk barne.
Amandak gaztelaniaz, samiz eta ingelesez egin zuen berba Donostian. Plazera sentitu zuen euskara duen herrian, euskara defendatzen duen herrian, samiz mintzatu filma aurkeztean. Ba omen da euskararen herri gurea sami herriarentzako eredu…
Egun beretan, Elsa Oliarj-Inèsek, Okzitanian jaiotako euskaldunak, Txakun-Txakür partekatu zuen ikusleekin eta Irizar saria irabazi. Xüberoako esküaraz da mintzatua, mendeetan zehar gorde izan duten Xüberoako eüskaraz.
Zinemaldia
“Txakun txakür” jolasetik jokora
Bukatzeko edo, Netflix plataforman Ann-Helen Laestadius idazle suediarraren Stöld (Lapurtua) eskura duzue. Thriller bat da, noir bat, polar bat, kontakizun beltza, iluna. Ann-Helen Laestadiusek sami jatorria du, eta, mintzo aldetik, Finlandiako mugan existitzen den meänkieli delakoaz (gure hizkuntza nahi du esan izenak) egiten du hitz.
Izan zaitezte zorionekoak hizkuntza gutxitu guztiak! Zineman ere.