Heriotza
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Maggie Smith aktore britainiarra hil da, 89 urterekin

1952an hasi eta sei hamarkadatik gorako ibilbide luzean, era guztietako roletan egin zuen lan, trebetasun miresgarriaz, eta komediarako duen graziagatik izan zen bereziki ezaguna.
Maggie Smith, 2015eko argazki batean. EFE.
Maggie Smith, 2015eko argazki batean. EFE.

Maggie Smith aktore britainiarra hil da, 89 urte zituela, haren familiak ostiral honetan jakitera eman duenez. Besteak beste, Harry Potterren filmetan eta "Downton Abbey" telesailean egindako lanagatik egin zen ezagun aktorea. 

Toby Stephens eta Chris Larkin semeek ohar baten bidez azaldu dutenez, ama "bakean hil da" ospitalean, ostiral goizean.

"Tristura handiz iragarri behar dugu Maggie Smith damaren heriotza", idatzi dute haren bi semeek. "Dama" deitu diote 1990ean Elizabeth II.a erreginak titulu hori eman baitzion, "sir" tituluaren parekoa. 

"Bakean hil da ospitalean, gaur, irailak 27, ostirala, goizeko lehen orduan. Oso pertsona isila zen, eta lagunek eta senideek lagundu diote amaieran. Bi seme eta bost iloba maitekor utzi ditu, eta lur jota gaude, ama eta amona aparta galdu dugulako", adierazi dute oharrean.

"Aukera hau aprobetxatu nahiko genuke Londres mendebaldeko Chelsea eta Westminster Ospitaleko langile zoragarriei azken egunetan emandako arreta eta eskuzabaltasuna eskertzeko", gaineratu dute.

"Eskerrak eman nahi dizkizuegu guztioi zuen mezu adeitsuengatik, eta erakutsitako babesagatik, eta gure pribatutasuna errespetatzeko eskatzen dizuegu", adierazi dute oharrean.

1934an Londres ekialdean jaioa, Smith britainiar zineman eta antzerkian ikono izan zen, baita telebistan ere, eta bi Oscar irabazi zituen bere ibilbidean zehar: 1970ean 'The Prime of Miss Jean Brodie' filmagatik eta 1979an 'California Suite' lanagatik.

1952an hasi zuen eta sei hamarkadatik gora izan duen ibilbide luzean, era guztietako roletan egin zuen lan, trebetasun miresgarriaz, eta komediarako duen graziagatik izan zen bereziki ezaguna.

Azken urteetan, Harry Potter magoaren zinema-sagan Minerva McGonagall gorpuztu zuen, J.K. Rowling idazleak pertsonaia hori Smithek antzeztea nahi izan baitzuen.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

“Argi gorriak” seriea martxoaren 20an estreinatuko da Primeran plataforman

Itziar Ituño protagonista duen komedia garratza ordu erdiko zortzi atalez osatuta dago. Martxoaren 18an hiru atal estreinatuko dituzte, Kursaalen. Alex Merino, Alejandra Arróspide eta Alberto Gastesi dira seriearen sortzaileak, eta Gastesik berak zuzendu du. Antzeztaldea Iñigo Gastesi, Yangxi Chen, Iñigo Rodríguez, Klara Badiola, Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Ziyi Yang, Guiomar Puerta, Aitor Beltran eta Jon Lukas Puertas aktoreek osatzen dute. Elena Mugika izeneko bikoizketako aktorearen rola betetzen du Itziar Ituñok. Bere urterik sutsuenak atzean utzita, errutinan murgilduta bizi da. Baina iktusa izan duen eta heriotza-mehatxu arriskutsu batean nahastuta dagoen senar ohiaren itzulerak dena aldatuko du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X