Biba Zinema eta Lege Berriak!
Begoña del Tesok gaur egun zinema kontsumitzeko moduaren analisia egin du.
Pandemiatik hona zeharo, erabat, aldatu dira gure zinema ikusteko eta aretoetara joateko moduak.
Ez COVID-19K ez itxialdiak ez dute baina erru osoa izan, aspalditik ari baitziren mudatzen zinemarekiko gure harremanak. Telebistak gero eta handiagoak izaten hasi zirenetik, gero eta bereizmen zehatzagoa lortu zutenetik. Bazen ere gure etxeetako egoeraren kontu bat: joandako garaietan, oraingoak baino askoz ilunagoak ziren horietan, jendeak zinema zuen aterpe. Eta ez bakarrik kanpoan, ai, latza eta zakarra zelako bizitza eta saloi zinematografiko horien barruan, aldiz eta eskerrak, amets egitea posiblea zelako, sosa batzuen truk. Ez, aterpe fisikoaz ari natzaizue. Hotza egiten zuen gure gurasoen edo aitona-amonen etxeetan. Ez ziren ez erosoak ez gozoak. Sarri, sarriegi, bizpahiru familia bizi ziren pisu berean.. Eta pisu horietako askok ez zuten ez komuna ez bainu pribaturik, beste auzoekin partekatu beharrekoa baizik... Jendeak ez zuen nahi etxe haietan orduak eta orduak eman. Zineman beroa egiten zuen eta eserlekuak ez ziren zur txarreko aulkiak besaulkiak baizik. Zineman bi pelikula segidan ikus zenezake, arratsalde osoa ematen zenuen bertan, etxetik merienda eramanda.
Gustura joaten zen jendea gordeleku horietara non, ametsak ere merkeak ziren.
Pasa hamarkadetan, jendeak ez zuen, ez, guk geuk egun ditugun horrenbeste estimulu. Futbola existitzen zen, egia. Zezenketak ere. Zirkua noizbehinka iristen zen herri eta hirietara. Baina ez zegoen gaur dauden horrenbeste kontzertu, horrenbeste erakusketa, horrenbeste taberna, horrenbeste... pantailarik (telebista ez zegoeneko denboraz ari naiz ni). Ez zegoen sare sozialik eta jende gutxik zuen telefonorik. Ez zegoen ez diru askorik...
Beraz, zinema zen pena (eta amodio) guztitatik libre sentitzeko gordeleku bakarra. Astelehenean bertan erreserbatzen ziren larunbat edo iganderako sarrerak. Txartel-leihatiletan, jakina eta ez telefonoz, ez online...
Antigoaleko denboraz, garaiez eta aroez ari naiz ni. Hobera egin du gure egoerak. Baita (badakit hau esatea ausart edo baikorregi dirudiela...) munduarena, gizartearena ere. Badugu mila kontu gure tarte libreak bete ahal izateko, kasik gainezka egin arte. Baditugu gutxi-asko dibertitzeko diru, denbora eta aukera adina... Aldatu dira ba zinemarekiko hartu-eman gureak.
Ez, COVID-19k ez du erru osoa. Ezta konfinamenduak ere. Baina bizimodua hankaz gora jarri ziguten bi gertakari horiek aldrebestu zituzten gure usadio hamaika. Tabernetan ere. Euskaldunon afari-meriendarako ohitura adoptatu zuten denok. Terrazetan eta tabernetako barretan. Oso gutxi ateratzen gara orain gauez; aitzitik, arratsa luzatzen dugu oro.
Hitza ere asmatu dugu gaztelaniaz: ‘tardeo’. Ez da zaila, nik uste, euskarara ekartzen... ‘hamaiketakoa’ eta ‘hamarretakoa’ esaten badugu ‘arratsekoa’ esan dezakegu, lasai asko...
Zinemara ere ez gara, jada, gauez joaten. Beraz, gaueko emanaldiak bertan behera utzi izan dituzte. Ostiralekoak eta larunbatekoak izan ezik. Beste aldetik, zinema programatzen dutenek probestu egiten dituzte jaietako bezperak ere. Beraz, jai egun handi bat suertatzen bada ostegun batean, normalean ostiraletan izaten diren estreinaldiak asteazkenera pasatzen dituzte...
Bai, aldatu da oso zinemarekiko gure atxikimendua. Kasu askotan, onerako. Plataforma askok ematen digute telesailak jatorrizko bertsioan entzuteko beta. Eta ohitu gara. Ondorioz, gero eta ugariagoak dira jatorrizko bertsioetan estreinatzen diren filmak. Eta ez bakarrik gutxiengo batentzat eginak diruditen pelikulak. Baita superheroienak ere. dinosauro erraldoiak protagonista dituzten horiek ere. Alde batetik, bertakook usatu garelako. Bestaldetik, gero eta handiagoa baita kanpotik etorritako ikasle edo zientzialari edo ikerlari edo irakasle edo eliteko kirolarien kopurua. Baita lur hau bizileku aukeratu duten familiena ere.
Indarrean ezarri dira inon idatziak ez diren zinema ikusteko lege, arau, modu berriak. Oraindik, horixe pena bakarra, ez da berreskuratu izurrite aurretik izan ziren ikusle kopuruak. %70 bueltatu da aretoetara eta zazpi ahaleginetan daude zinema pantailetara eramateko ardura (eta negozio) duten horiek falta den %30 hori konbentzitzeko: estreinaldi bereziak, familia osoa elkarturik, gurasoek eta haurrek ikus ditzaketen pelikulen eskaintzak... Badira tentazio ugari, zinema dastatzeko manera gaurko hauetarako egokitzeko. Azken kontu kurioso bat: programazio korrientetik at dauden emaldietara jende gehiago hurbiltzen da astelehenetan eskaintzen badituzu ostegunetan baizik. Zergatik? Auskalo. Ikusle horiei galdetu behar... beraiek baitira lege berriak ezartzen dituztenak...
Zure interesekoa izan daiteke
Werner Herzog, Donostia saria
Zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktore alemaniarrari Zinemaldiko ohorezko sari ospetsuenetako bat emango diote. Herzogek inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria, eta bere azken filma aurkeztuko du: Bucking Fastard.
Manolo Solo espainiar aktorea hil da
Andaluziar aktoreak, "Cerrar los ojos" eta "Una quinta portuguesa" flimen protagonistak, 62 urte zituen.
Hamalau zinemagilek beren lehen edo bigarren filmak aurkeztuko dituzte New Directorsen
Javier Giner barakaldar zuzendariak “Esta soledad” bere estreinako pelikula aurkeztuko du Zinemaldiaren atal honetan.
Eta sirenek kantu ez bazuten egin?!
Sirenen isiltasunaren kontra (edo alde) egin behar izan zuten borroka The Odissey filmaren musikaz arduratu zirenek, Suedian jaiotako Ludwig Göransson musikari hiru Oscar sariduna buru zela. Erabaki sendoak, ezin utzizkoak hartu zituzten. Lehengo eta kasik garrantzi handienetakoa: orkestrarik ez zen izango.
Urriaren 9an iritsiko da zinemetara “Inurri itsuak” Igor Legarretaren filma
Euskarazko pelikulak Ramiro Pinillaren eleberri bat du oinarri, eta antzeztaldea Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Carlos Santosek osatzen dute.
Pablo Larrain, Mike Leigh eta Yesim Ustaoglu lehiatuko dira Donostiako Urrezko Maskorra lortzeko
Zinemagile horien film luze berriak Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira, Nicole Garcia, Maha Harada, Hans Petter Moland eta Benjamín Naishtaten azken lanekin batera.
Ione Hernandezen "Hermanas" filma Torontoko zinema jaialdian estreinatuko da
Pelikulak EITBren babesa du, eta Bizkaiko eta Madrilgo hainbat tokitan filmatu dute. Elena Anaya eta Emma Suarez aktoreak dira protagonistak.
Mikel Gurrea, Koldo Almandoz eta David Perez Sañudoren film berrienak Zinemaldiko Sail Ofizialean izango dira
“Sants” Mikel Gurrearen filma Urrezko Maskorrerako lehian arituko da Donostiako zinema jaialdian, eta “Azken agurra” Almandozena eta “Sacamantecas” Perez Sañudorena, biak ere euskarakoak, lehiatik kanpo ikusiko dira. Zinemaldiak 74. edizioan pantailaratuko dituen hainbat euskal film aurkeztu ditu, Madrilen.
Oliver Laxe, Tabakaleran, "HU, egin dantza inor begira ez balego bezala" proposamenarekin
Sirāt eta O que arde filmen zuzendariak aurkeztu du, Donostiako zentroan, urriaren 12ra arte ikusgai egongo den erakusketa. Jatorriz Reina Sofía Museorako sortua, instalazioak artistaren azken hamar urteetako filmazioak ditu abiapuntu, Sirāt film sarituaren unibertso bisualarekin lotura dutenak.
Ontziratu al ziren Fuchs anaiak "Winnipeg" barkuan?
Jakina fuchstarrak ez zirela itsasontziratu 2.500 iheslari Espainiako Gerraren osteko krudelkeriatik urrundu zituen Winnipeg barkuan.