“Decorado”ren aurrestreina hartuko du Bilbok, Fant jaialdiaren eskutik
Oraindik 2026ko maiatzera arte itxaron beharko da Fant Bilboko Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaz gozatzeko, baina, Prefant markaren babesean, jaialdiak hainbat ekimen gauzatuko ditu ordura arte.
Gaur, urriak 20, esaterako, Alberto Vazquez zuzendariaren "Decorado" filmaren aurrestreinaldia egingo dute, 19:30ean, Azkuna Zentroko Golem-Alhondiga zinema-aretoetan. Sarrera librea izango da aretoa bete arte; gonbidapena jaso beharko da zinemako leihatiletan, asteleheneko 16:30etik aurrera.
Alberto Vazquez animaziozko lanen galiziar egileak zuzendu du ostiralean, urriak 24, zinema aretoetara iritsiko den filma, eta Ivan Miñambres portugaleteztarrak ekoitzi du, Uniko ekoizpen etxearen baitan.
Decorado EITBren parte-hartzea duen filmak krisi existentzial batean harrapatutako Arnold adin ertaineko saguaren bizipenak kontatzen ditu. Bikote bizitza gainbehera doa, bizitza zentzugabea iruditzen zaio, eta susmatzen hasten da inguruko guztia fartsa handia besterik ez dela.
Bere lagunik onena egoera susmagarrian hiltzen denean, Arnold konbentzitzen da zerbait arraroa ari zaiola gertatzen. Eguneroko paranoia moduan hasten dena askatasun antza duen zerbait lortzeko ihesaldi desesperatu bihurtuko da.