Eta Erregeak Trintxerpen sartu ziren
Ekialdetik etorri diren Azti/Jakintsu hiru horiek opari ederra utzi dute Donostiako Kresala Zineklubeko kideen zapatetan, hil honen 13an estreinatuko duten Panamako Ana Endara Misloven Querido Trópico filma, alegia, zeinak duela bi urteko Zinemaldian hartu baitzuen parte, Horizontes Latinos sailean, zeinak bi aktore emakume markaz fuerako dituen, Paulina García eta Jenny Navas. Kontatzen da bertan irudiz, soinu eta hitzez bi bakardaderen topaketa, enkontrua. Alde batetik, dementziaren ondorioz, nortasuna galtzen ari den goi klase sozialeko emakume batena; bestetik, haren zaintzailearena, bakarrik eta laguntzarik gabe egonik, sekretu izugarri batek mundutik bereizten duen etorkin batena, hain zuzen.
Sotila, leuna da filma. Hitz eta keinu gutxirekin, kontu bete, sakon, mamitsu hamaika gureganatzen du. Delikatua, hauskorra kasik izan arren, barruko indar harrigarria du bai gidoian, bai planoetan, bai Paulina eta Jennyren antzezpenetan.
Errege/Azti/Jakintsu hiru horiek pelikula preziatu hau non aurkitu duten badakigu guk. Ez pentsa Panamatik pasatu behar izan dutenik. Ez, Euskal Herrirako bidean zeudela, geraldia egin berri dute itsaso aurrean, Pasai San Pedrotik horen hurbil dagoen Trintxerpen. Jo dute han Jose Arana kaleko 15 zenbakiko ate bat, eta Silvia Cruzek edo Julieta Juncadellak egin diete harrera, harrera beroa.
Biak dira Vitrine Films izeneko zinema banaketa etxearen fundatzaileak, sortzaileak. Ekoizle afanetan, baita balentrietan ere, dira murgilduak. Ez dute katalogo hala moduzkoa. Kategorixekoa baizik. Merkataritza gunetan sekula ikusiko ez diren pelikulez gainezka dagoena. Saltoki gunetan ez, bai, ordea, zine jaialdietan, zineklubetan, kulturguneetan dastatuko ditugunez lepo dute bilduma eurena.
Zabaldu dute munduan ez bakarrik Erregeek aukeraturiko Querido Trópico. Baita joan den Zinemaldian bilatu genuen Albertina Carriren azken-aurreko atrebentzia, ¡Caigan las rosas blancas! ere. Edo Kleber Mendonça Filhoren Bacurau, zeinak 2019an Cannes osoa utzi zuen ahoa bete hortz. Etorkizun hurbilean gertatzen den komedia epiko eta misteriotsua dugu…
Ekoizle lanetan, Amat Vallmajor Del Pozok Berlindik Lisboaraino paseatu zuen Misión a Marte sostengatu zuten sutsu, esaterako. Igualik ez duen 16 mm-ko pelikula honetan, garrantzi ikaragarria dute hasierako Hertzainak taldeak grabaturiko maketa zaharrek…
Ez da harritzekoa, jakintsuak izanik, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Trintxerpen geratu izana. Hor baita aurrejuzgurik gabeko zinemajale bati erregalatzeko moduko altxor handia.
Silvia eta Julieta Filmin plataforman ikusgai dagoen proposamen oldarkor baten bermatzaileak ere badira; Taiwaneko Tsai Ming –Liangen Ibiltariaren Sailaz ari natzaizue.
Bertan, hamar ataletan, monje bat ikusiko dugu astiro, astiro-astiro, astiro oso kameraren aurrean pausoak ematen. Bat bestearen atzetik. Astiro. Astiro oso... Zuetako inork imajinatuko ez lukeen geldotasun bizi batez, zeinak denbora bera geldiarazten duen, ikusleari pentsatzeko oparia eginez.
Vitrine Filmseko balent horiek Venezian urrea lortua den Tsai Ming-Liang Donostiara gonbidatu zuten irailean. Maisuak hemen aurkitu zituen bere monjearen hurrengo ibilialdiaren kokapen berriak.
Ez gaitu ustekabez harrapatu, ezta pentsatu ere, Erregeak Trintxerpen pausatu izanak. Haiek bezala gu denok buruz jakin beharko genuke Vitrine Filmseko katalogoa.
A, ez penatu hilaren 13an ezin baduzue Kresalak egoitza duen Donostiako Trueba aretoan izan. Querido Tropico Filminen ere badago, Mision a Marteren ondoan.
Mokofinak dira gero, zeluloidezko delicatessenetan, Errege Ekialdekoak.
Zure interesekoa izan daiteke
"El mal", EITBren partaidetza duen Bajo Ulloaren thriller berria, urtarrilaren 16an estreinatuko da
Gasteizen filmatua, Juanma Bajo Ulloaren azken filmak ikuslea eta gaizkia aurrez aurre jartzen ditu. Thrillerraren protagonistak Martin, damurik gabeko hiltzailea, eta Elvira, Martini buruzko liburu batekin arrakasta lortu nahi duen kazetaria dira.
Gizatasunaz, naturaz eta etorkizunaz jardungo dira Zinema eta Zientzia zikloan
Planet of the Apes filmak irekiko du zikloa Gasteizen (urtarrilak 7), Iruñean (urtarrilak 8), Donostian (urtarrilak 9) eta Bilbon (urtarrilak 10), gaztelaniazko azpidatziekin. Film batzuk Donibane Lohizunen ere proiektatuko dira, ohi bezala.
Brigitte Bardoti agur jendetsua, Frantziako Saint-Tropez herrian
Brigitte Bardoten hilkutxa 11:20an sartu da Jasokundeko Andre Mariaren elizan, eta zeremonia pribatu eta xumea egin diote. Hileta-elizkizunean 400 gonbidatu baino ez dira izan, batez ere Brigitte Bardot Fundazioko kideak eta haren gertukoak. Hala ere, zuzenean transmititu da, Saint-Tropezen jarri diren hainbat pantaila erraldoitan.
Brigitte Bardot aktore frantziarra hil da, 91 urte zituela
Aktore eta abeslaria Frantziako zinemaren ikonoa eta 1950eko eta 1960ko hamarkadetako ikur erotikoa izan zen.
“Salitre” Nagore Aranburu protagonista duen pelikula filmatzen bukatu dute
Norma Vila bilbotarraren lehen film luzea “ama-alaba batzuen arteko harremanaren kontakizun makurra da, drama intimoaren eta beldur psikologiko eta fisikoaren artean mugitzen dena”.
Honelakoa da "Aro berria", zinemetan ikusgai den Irati Gorostidiren filma
Aro berria EITBren parte-hartzea duen filma bigarren astea egiten ari da zinema aretoetan; Irati Gorostidiren filma Gasteizen, Bilbon, Bermeon, Galdakaon, Donostian, Errenterian, Irunen, Altsasun eta Iruñean dago ikusgai. Donostiako Zinemaldiko New Directors sailean aipamen berezia jaso zuen filmaren sekuentzia bat aurreratzen dizugu Orainen, primizian.
EZAEk Zinemaren Euskal Festa ospatuko du larunbat honetan
Ekimenak publikoarekin loturak indartzea eta zinema-aretoen balio kulturalaren aitortza bultzatzea du helburu. Sarrera guztiak 3 euroko prezio sinbolikoan eskainiko dira.
Ikusi primizian "El mal" Bajo Ulloaren film berriaren trailerra
EITBren parte hartzea duen filmean, inoizko hiltzaile handienari buruzko liburu bat idazteko proposamena jasoko duen kazetari baten istorioa kontatzen du Juanma Bajo Ulloa zinemagile gasteiztarrak.
Odola! Odol gehiago!
Telebista-emankizun batentzako kamerak har dezaken horretatik harago doaz beti Albert Serraren eta Imanol Rayoren objektiboak, errealitateak ezkutatzen duen ‘egia’ horren bila. Eta ez egia biribila, osoa, aldaezina den hori, baizik eta gauzen, gizakion, bizidunen, momentuen esentzia dardartia gordetzen duena.