Beren senetik irten diren pelikulen alde, topa
Gordeta genuen garagardo lata berezi-berezi bat. Aspalditik gordeta ere. Alberto Vazquezen Dekoratua Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astean estreinatu zenetik, hain zuzen ere. Hain ederrak, hain mingarriak, hain filosofikoak, hain erromantikoak diren marrazki bizidun horiek babesteko, bultzatzeko eta pantailetarako, sarietarako akonpainamendua egiteko, izugarrizko merchandising egoki eta atrebitua sortu zuten ekoizleek. Hitz egin genuen hemen filmaren sekretuak agerian uzten zituen art-liburuaz, baina ez ginen mintzatu Gordexolako Laugar zerbeza maisu eta maistrekin plazaratu zuten garagardo esklusiboaz. Pale Ale izugarri gozoa zen, eta nazioarteko estreinaldi osteko festa guztietan edan zuten akademikoek, aukeratzaileek eta sarietan botoa emango zuten horiek.
Gordeta nuen nik, altxor, lata horietako bat. Euskal ekoizpena eta euskarazko bertsio ederki taxutua dituen film honek Goya eskuratu bezain pronto ireki, eta edan. Ez nuen bukatu, baina, beste film biren alde nahi bainuen topa egin ezohiko garagardo horrekin.
Gustuko ditugu gutako hainbatek batere konbentzionalak ez diren zeluloide proposamenak, akastunak izan arren. Egiari zor, akatsak dituzten horiek nahiago, perfekzioa, hobeezintasuna, askotan, gehienetan, hutsa suertatzen baita. Sorkundez garbiak diren fotogramak behin baino gehiagotan sumatzen ditugu, batzuok hutsalak, guztiz kontrakoa lortu nahi duten arren.
Hasi orduko beren onetik, beren senetik joanak, irtenak, abiatuak diren filmak hamaika aldiz nahiago, zin degizuet. Haiekin mozkortzea gozoagoa baita. Errazagoa ere. Zirraragarria ere bai.
Adibiderik nahi, behar? Hona hemen txundigarri oso diren pare bat: Maggie Gyllenhaalen The Bride! eta Anders Thomas Jensenen The Last Viking.
Aktore lanetan ere ibilia den Gyllenhaalek eskaintzen digun bihurrikeria Guillermo del Tororen Frankenstein markaz fuerakotik harago, oso haratago, doa. Mary W. Shelleyk asmatutako nobela monumentala arakatzen du gutizia aseezinaz, nahikari ekaiztsuz, gormandiza eutsezinaz. 1932an James Whaleren The Bride of Frankenstein maisulana ere hartzen du aitzakia, abiapuntu edo auskalo zer. Gozatu egiten du Bonnie and Clydek gogora eta bihotzera ekartzen dizkion irudi eta manerekin. Barre egiten du, barre fresko, freskagarri eta maltzurra, iaz 50 urte gazte bete zituen The Rocky Horror Picture Show mitikoarekin eta belauniko (belauniko baino errebelde) jartzen da Joker-en aurrean. Are gehiago, gur egiten dio munduak hain oker ulertu zuen film horren jarraipena izan zen Joker Folie à deux mugarik gabeko horri.
Ez pentsa, ordea, Maggiek aipaturiko horien guztien kopia hutsa luzatzen digunik. Ez. The Bride!-k izaera propioa du. Nortasun matxinoa. Ahal duen endredu guztietan sartzen da animotsu eta denetatik ateratzen da airos. Horrexegatik hartu genuen guk bere alde Dekoratua filmerako asmaturiko zerbezaren azken aurreko zurrupada.
Tantta batzuk baino ez zitzaizkigun geratzen. Norekin hartuko bagenekien, duda izpirik gabe: The Last Viking-eko pertsonaiekin. Xelebreak dira, gero, Bitxiak dira, gero. Gizarte arautu batean ez dute lekurik, ez dute kabidarik. Kartzelan izan dira, eroetxean izan dira. Bakoitzak bere harrikada pertsonala du. Pertsonala eta besterenezina. Alta, besterenezina izan arren, denok partekatzen dugu, maleziarik gabeko konplizitatean. Ez pentsa, otoi, Anders Thomas Jensenen film eztitsua denik. Inolaz ere ez. Hasieran eta bukaeran kontaturiko ipuin zaharrean, pertsonaia guztien hitz eta begiradetan aspaldian hartutako minak agertzen dira. Min horiek pixkatxo baretzen direnean, hartzen dugu guk Dekoratua-ren garagardo lata eta tantta horiekin bustitzen dugu guztion etorkizun zalantzazkoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Aranzazu Calleja musikagileak FANT zinema jaialdiaren ohorezko saria jasoko du
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdia “La casa en el árbol” Luis Calderonen filmak irekiko du.
Oscarretako alfonbra gorria zabaldu dute Dolby antzokian
Dena prestatzen ari dira Los Angelesen, Euskal Herriko astelehen goizaldean Oscar sariak banatuko baititu bertan Hollywoodeko Akademiak. Conan O'Brien izango da galako aurkezlea, eta Sinners filmak beste edozein pelikulak inoiz baino izendapen gehiago jaso ditu, hamasei.
"Carne y arena" instalazioa ostegunean ez da irekiko
Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagileak sortutako murgiltze zeharkaldi birtualaren irekiera “aldi baterako atzeratu” da, arazo teknikoak direla eta.
Estibaliz Urresola Solaguren: “Zinema pantaila ispilu bat bezalakoa da”
Laudioar zinemagileak erreferenteen gorazarrea egin du “M8 - Ikusi eta Izan” EITBk sustatutako ekimenean. Hiru minutuko fikzioan, 26 euskal emakume zuzendariren filmen txatalak josi ditu, erreferente feministei eta zinemaren munduari buruzko hausnarketa egiteko. Estibaliz Urresola Solagurenen (20.000 especies de abejas, Cuerdas…) ikus-entzunezko pieza Primeran plataforman ikus daiteke.
Zinemaldiaren zuzendari berria aukeratzeko lehiaketa publikoa hasi da
Jose Luis Rebordinosek 2026ko abenduaren 31n utziko du zinema jaialdiaren gidaritza, eta haren ordezkoa “goi mailako unibertsitate titulua, ingeles maila handia eta euskaraz nahiz gaztelaniaz komunikatzeko gaitasuna dituen pertsona bat” izango da.
AEBko aktoreen sindikatuak bultzada eman dio "Sinners"i
Oscar sarietarako bi aste falta direla, banpiroen dramak film onenaren saria irabazi du bart SAG-AFTRA Hollywoodeko aktoreen sindikatu nagusiaren sarien 32. edizioan. Michael B. Jordanek aktore onenaren saria jaso du 'Sinners' filmean egindako lanagatik, Leonardo DiCaprio (One Battle After Another), Ethan Hawke (Blue Moon), Jesse Plemons (Bugonia) eta Timothée Chalameten (Marty Supreme) aurrean. Emakumezkoen atalean, Jessie Buckley irabazi du saria, Hamnet filmean egin duen paperari esker.
Alauda Ruiz de Azua: "Ametsetako gaua da"
Barakaldar zinemagilea pozik agertu da "Los domingos" filmak bost Goya sari irabazi eta gero.
Jose Ramon Soroiz: "Puztuta, bete-bete eginda nago"
Legorretar aktoreak gizonezko aktore protagonista onenaren Goya saria irabazi du Bartzelonan, "Maspalomas" filmean egindako lanagatik.
Nagore Aranburu: "Poz-pozik nago"
"Los domingos" filmean egindako lanari esker antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Goya saria jaso berritan, azpeitiar aktorearekin hitz egin dugu. "Oso gauza politak pasatu zaizkit, eta oso eskertuta nago", esan du.