Iñarrituren "Carne y Arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari, besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.
"Carne y arena". Argazkia: Enmanuel Lubezki.
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro G. Iñarritu mexikar zinema zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”. Hotzez eta lurrean barreiaturiko hamarka zapata maiztu eta desparekatuk inguratuta, AEBko mugako patruilaren atxiloketa zentro baten errekreazioan.
Ehunezko lekuko isil baina zinez esanguratsuak dira hareak eta eguzkiaren indarrak zarpaildutako oinetakook, mexikarrek eta erdialdeko amerikarrek abiatzeko urgentziaz eta inoiz ez iristeko arriskupean egindako ibilaldi gaiztoaren testigu bakanduak. Zeharkaldiaren hondarrok hondartuta aurkitu zituzten hainbat boluntariok, Kaliforniako basamortuan, ikusi nahi ez dutenentzat irrealegia, birtualegia, den errealitate baten oroigarri nekaezin piltzarrok.
"Carne y arena". Kreditua: Legendary. Argazkia: Chachi Ramirez
Beste bat izatea, hurkoaren zein arrotzaren “zapatetan sartzea”, da edozein sormen lan eraldatzaileren funtsa, arima, lan hori kazetaritza, literatura, musika edo antzezlana zein “esperientzia” izan. Hortik, besteon gaineko ezagueratik, zabal dezake nork bere mundua. Bada, hain zuzen ere, ikuskera horretan txertatzen da Iñarrituk 2017an sortu zuen errealitate birtualeko instalazioa; haren hitzetan, “ulertu hitza maitatu esateko beste modu bat da. Ulertzeko gai ez bazara, ezingo duzu maitatu”.
Irrika horretatik, “Carne y arena” instalazioan, Amores perros, Babel eta Birdman film ezinbestekoen zuzendariak oinetakoak erantzi eta bigarren gela batera sartzeko gonbita egiten dio bisitariari, sentikariaren objektu eta, aldi berean, subjektuari. Bigarren espazio horretan, hareazko zoruaren gainean ortozik, ibilbidea, izua eta babesgabezia partekatuko ditu, sei minutuz, Eduardo Galeano uruguaiar idazleak “ezdeusak” deitu zituen eta, zilegi bazait, honezkero deuseztatuak deituko ditugunekin, berbari subjektu isilaren maskara zurigarria kenduta.
Biografia
Alejandro Gonzalez Iñarritu, irudiaren bardoa
Amores perrosekin goizetik gauera zinemagintzaren panorama inarrosi zuenetik Bardo (o falsa crónica de unas cuantas verdades) azken filmera arte, EITBren Bilboko egoitzan Carne y arena instalazioa erakutsiko duen mexikar zinemagileak ezinbesteko ibilbidea egin du XXI. mendeko autore zinemagintzan.
Instalazioaren espazio multinarratiboan, zinemak berezkoa duen enkoadraketa desagertuta, estimuluak biderkatzen dira eta sentimendua goretsi, “esperientziaren” talka emozionala sublimatu (subjektibitatearen aroan bizi gara, eta irudi luke protagonista izatea dela ulertzeko bide bakarra). Hala ere, lanaren helburua da –hala uste dut– kolpe emozional horri hausnarketak jarraitzea eta, modu horretan, errealitatearen, horren errepresentazio birtualaren eta errealitaterako bueltaren hara-hona gauzatzea, itzulera horretan, bestearen azalean sartu ondoren, bisitariaren mundu ikuskera zabalagoa dela.
Horretarako lagungarria da, badenez, instalazioaren azken urratsa: basamortuko zeharkaldian lagundu ditugun, esperientzia narratiboan barru-barrutik ezagutu ditugun, pertsonen lekukotasunak erakutsiko dizkigute pantaila batzuetan, gerora Iñarrituren kameren aurrean berrinterpretatu zuten hil edo biziko benetako bidaiaren protagonistak hobeto ezagutzeko.
Horrela, ez bagenekien edo jakin nahi ez bagenuen, jakingo dugu, adibidez, Linak bost seme-alaba utzi zituela Guatemalan, alaba gazteenak 3 urte zituenean, eta, AEBra iritsi zenean, banan-banan eraman zituela seme-alabok bere ondora hogei urtez, aldian-aldian dirua bilduta, gazteenak 23 urte zituenean familia berriz batu zuten arte. Astindu egiten zaituzte lekukotasunok.
Errealitatearen eta fikzioaren artean orekan ari den obra da “Carne y arena (birtualki presente, fisikoki ikusezina)”, efektu bereziko eta afektu bereziko lan bat, zeinetan haragiz eta duintasunez janzten baitira mamu izatera zigortuta daudenak. Etorkizuneko artea da, berandu baino lehen iragana izan beharko lukeen mundu baterako.
"Carne y arena (birtualki presente, fisikoki ikusezina)" EITBren egoitzako 5. platoan bisita daiteke ekainaren 20ra arte. Sarrerak.
Zure interesekoa izan daiteke
Albiste izango dira: Oscar sariak, EAEko aireportuen kudeaketari buruzko bilera Madrilen eta udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Aldarrikapen politikoek ez dute Oscarren bataila irabazi
Munduko egoera geopolitiko eta humano aldrebesak ez du Conan O’Brienek aurkeztu duen galako erdigunea hartu, Javier Bardem espainiar aktoreak gerraren kontra eta Palestinaren askatasunaren alde eginiko aldarri argiaz haratago.
Oscar sarien 98. edizioko palmaresa
One Battle After Another filmak sei Oscar lortu ditu, gaueko sari nagusia barne, film onenarena; Sinnersek, 16 ataletan izendatuta egonik, lau estatuatxo erdietsi ditu.
Oscar sarietako unerik onenak
Oscar sariek une gogoangarriak eta look apurtzaileak utzi dituzte. Hemen adibide batzuk.
“One Battle After Another” Paul Thomas Andersonen filma nagusi, Oscar sarietan
Estatubatuar zuzendariaren filma izan da Hollywoodeko sarien 98. edizioaren gaueko izarra, sei sari bereganatuta; besteak beste, film, zuzendari eta gidoi egokitu onenen ataletan irabazi du.
Gemma Cuervo aktorea hil da, 91 urte zituela
Antzokietako oholtza gainean egindako lanagatik eta telebistako programa zein telesailetan agertzeagatik oso ezaguna zen Bartzelonan jaio eta Madrilen hil den aktorea.
Hollywood, Oscar sarien 98. ekitaldirako prest
"Sinners" filmak markak hautsi ditu 16 izendapen jasota, eta "Sirat" Nazioarteko Film Onenaren saria jasotzeko izendatu dute. Emma Stone, Jessie Buckley, Rose Byrne, Timothee Chalamet, Leonardo DiCaprio eta Benicio del Toro izango dira galan protagonista nagusiak.
“Argi gorriak” seriea martxoaren 20an estreinatuko da Primeran plataforman
Itziar Ituño protagonista duen komedia garratza ordu erdiko zortzi atalez osatuta dago. Martxoaren 18an hiru atal estreinatuko dituzte, Kursaalen. Alex Merino, Alejandra Arróspide eta Alberto Gastesi dira seriearen sortzaileak, eta Gastesik berak zuzendu du. Antzeztaldea Iñigo Gastesi, Yangxi Chen, Iñigo Rodríguez, Klara Badiola, Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Ziyi Yang, Guiomar Puerta, Aitor Beltran eta Jon Lukas Puertas aktoreek osatzen dute. Elena Mugika izeneko bikoizketako aktorearen rola betetzen du Itziar Ituñok. Bere urterik sutsuenak atzean utzita, errutinan murgilduta bizi da. Baina iktusa izan duen eta heriotza-mehatxu arriskutsu batean nahastuta dagoen senar ohiaren itzulerak dena aldatuko du.
Aranzazu Calleja musikagileak FANT zinema jaialdiaren ohorezko saria jasoko du
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdia La casa en el árbol Luis Calderonen filmak irekiko du.