Apirilak 13-16
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean

Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.   

"El viejo roble / The old oak" Ken Loachen filma

Ostegunean, "The Old Oak" Ken Loachek zuzendu eta Lavertyk idatzitako filma proiektatuko da

Martxoak 3 Elkarteak antolatuta, Langilearen Inguruko Zinema Astea apirilaren 13tik 16ra egingo da Gasteizen, Arkabia aretoan, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak eta LAN Langilearen Inguruko Bilboko Zinema Jaialdiak lagunduta.

Jaialdiaren itxiera galan, Paul Laverty eskoziar gidoilariak saria jasoko du, “zineman langile klasearen alde egindako ibilbideagatik”. Laverty, Ken Loachen film gehienen gidoilari eta Iciar Bollainen lankidea, solasaldi batean ere arituko da, saria jaso aurretik, eta The Old Oak film ezagunaren emanaldiak burutuko du jardunaldia.

Jaialdiaren lau egunetan, publikoak langileen inguruko hainbat film ikusi ahalko ditu doan (gonbidapena aurretiaz hartuta), nola nazioarte mailakoak hala bertokoak, eta Estibaliz Urresola eta Irati Gorostidi zinemagileek ere hartuko dute hitza Gasteizko zinema jaialdian.

Apirilaren 13an hasiko da astea: Made in EU (Stephan Komandarev, 2025) pelikula proiektatuko dute, eta Europako Batasuneko periferietan emakume langileek pairatzen duten esplotazioari buruzko solasaldia egingo dute jarraian; asteartean, apririlak 14, Disonancia (Raquel Larrosa) eta Room Without A View (Roser Corella) dokumentalak ikusiko dira.

Asteazkenean, apirilak 15, bi saio egingo dituzte Arkabian. Lehenengoan, Irati Gorostidik Contadores aurkeztuko du, eta Estibaliz Urresolak beste hainbeste egingo du Cuerdas filmarekin. Bigarren saioan, Inor Ez ikusiko da, Martxoak 3 Elkarteak saraskiaren 50. urteurrenaren harira ekoitzi duen fikziozko film laburra. Horren ondoren, La batalla de Euskalduna LAN jaialdiak zaharberritutako pelikula (Iñaki Cortazar, Iñaki Markiegi, 1985) izango da ikusgai.

Ostegunean, apirilak 16, Bertha Gaztelumendi kazetari eta zinemagileak Paul Lavertyrekin hitz egingo du jendaurrean, Martxoak 3 Elkarteak saria emango dio Paul Lavertyri eta, azkenik, The Old Oak Ken Loachen filma proiektatuko dute. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X