Uribetxebarria auziaren kronologia
Josu Uribetxebarria Bolinaga ETAko presoa hil egin da gaur goizaldean, minbiziak jota. Honako hauek dira auziaren data nagusiak:
2005 urtea
- Apirila: Minbizia atzeman zioten Josu Uribetxebarriari, giltzurrun batean. Puerto II (Cadiz) espetxean zegoen preso une horretan.
2012 urtea
- Abuztuak 1: Espetxe Zuzendaritza Nagusiak Josu Uribetxebarria Leongo kartzelako osasun zentro batetik Donostiako Ospitalera eramatea erabaki zuen.
- Abuztuak 8: Presoak gose greba hasi zuen aske uztea eta kartzelatik kanpo tratatua izatea eskatzeko. Espainiako eta Frantziako kartzeletako 30 bat presok bat egin zuten baraualdiarekin.
- Abuztuak 9: Barne Ministerioak azaldu zuenez, Uribetxebarriak ez zuen parte hartzen bere egoera zein zen jakiteko frogetan. Ondorioz, kasuaren inguruko edozein erabaki hartzeko oinarria izatea "zaila" zen.
- Abuztuak 13: Uribetxebarriak froga medikuak egitea onartu zuen, eta, horren ostean, auzitegiko medikuek gaixotasun sendaezina duela egiaztatu zuten.
- Abuztuak 17: Espetxe Zuzendaritzak 3. gradua eman zion Uribetxebarriari.
- Abuztuak 22: Uribetxebarriak bertan behera utzi zuen gose-greba, hasi eta 15 egunera. Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiak eta Francisco Mugika Garmendia Pakito ETAko buruzagi historikoak ere berdin egin zuten.
- Abuztuak 27: Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza presoari baldintzapeko askatasuna ematearen aurka agertu zen.
- Abuztuak 30: Jose Luis Castro epaileak baldintzapean aske utzi zuen Uribetxebarria.
- Irailak 12: Carmen Baen Auzitegi Nazionaleko medikuak ukatu egin zuen presoaren gaixotasuna sendaezina zela. Egun horretan berta, Uribetxebarria aske geratu zen.
2014 urtea
- Apirilak 3: Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak Uribetxebarria etxean giltzapetzea agindu zuen, 1986an Antonio Ramos guardia zibila hiltzea egotzita.
- Ekainak 18: Zigor Aretoak baliogabe utzi zuen Moreno epailearen erabakia, "neurrigabea" zela argudiatuta.
2015 urtea
- Urtarrilak 13: Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 29 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Uribetxebarriarentzat, Antonio Ramos guardia zibilaren hilketagatik.
- Urtarrilak 16: Hil egin da Josu Uribetxebarria, minbiziaren ondorioz.
>