Estatu izateko subiranotasun adierazpena adostu dute CiUk eta ERCk
Urtarrilaren 23an Kataluniako Parlamentuan onartuko duten subiranotasun adierazpena hitzartu dute ostegun honetan CiUk eta ERCk.
Testuaren arabera, Katalunia ''subjektu politiko eta juridiko subiranoa'' da. Halaber, ''erabakitzeko eskubidea erabili eta Katalunia Europar Batasuneko Estatu berri gisa eratzeko asmoa'' jaso dute zirriborroan.
Testuak ''Kataluniako herriaren subiranotasun demokratikoa'' biltzen du, ''subjektu politiko eta juridiko gisa''. Halaber, ''herrien autodeterminazio eskubidearen agerpen gisa, erabakitzeko eskubidea bete ahal izateko prozesua abiatzeko eta Katalunia Europar Batasuneko Estatu berri gisa eratzeko asmoa'' jasotzen du.
Dokumentuaren arabera, ''subiranotasunaren aitorpena oinarri hartuta, Katalunia Estatu berri gisa eratzeko prozesua abiatzeko agindua mahai gainean jarri dute Kataluniako hauteskundeetako emaitzek''. ''Herriaren gehiengoak, galdeketa demokratiko baten bidez, legitimatu behar du prozesu hori'', testuan jasotzen denez.
Zirriborroan adierazi dutenez, subiranotasun adierazpena sei printzipiotan oinarritzen da: Kataluniaren subiranotasun legitimoa, gardentasuna, Gobernuarekin eta nazioarteko ordezkariekin elkarrizketa eta legezkotasuna eta EBren oinarrizko printzipioak, egon dauden oinarri legalak erabilita''.
Kataluniako Parlamentuko iturriek jakitera eman dutenez, hauteskunde programan ''erabakitzeko eskubidea'' zeramaten beste alderdiei helarazi diete testua (PSCri, ICV-EUiAri eta CUPi), babesak lortzeko. PPC eta Ciutadans alderdiek ez dute zirriborroa jaso, independentziaren inguruko edozein galdeketaren kontra agertu direlako.
PSCren babesa
PSCren babesa lortu ahal izateko, adierazpenean ''erabakitzeko eskubidea'' hitzak bakarrik erabiltzeko proposamena egin zuen ERCk; baina, azkenean, ''Estatu berria eraikitzeko asmoa'' bezalako adierazpenak daude bertan. Beraz, zailagoa izango dute sozialisten babesa lortzea.
Edonola ere, hilaren 23ko bozketan testuak aurrera egingo du (CiUren eta ERCren botoekin), eta litekeena da ICV-EUiA eta CUP alderdien babesa ere lortzea.
Argitzeke dago PSC zuzenketak sartzen saiatuko den, eta, lortzen ez badu, bozketan abstentzioa edo ezezkoa aukeratuko duen.
Zure interesekoa izan daiteke
Imanol Pradales atxilotutako gazteei buruz: "Nire alaba balitz, erantzukizunen bat hartuko nuke"
EHKSk Bilboko istiluetan parte hartu ez zuela dio: "Quiles ez etortzea lortu zenean, helburuak beteta zeuden"
Podemosek zuhurtzia eskatu du, baina ez du baztertzen infiltratutako poliziak edo ultraeskuindarrak egotea istiluen atzean
Mikel Irujo eta Aitana Duque EAJren hautagaiak izango dira Nafarroako Parlamenturako Geroa Bairen zerrendan
Deustu, istiluen biharamunean: 55.000 euroko kalteak zenbatu dituzte
ErNEk Alfonso Garaikoetxea kargugabetzea eskatu du, Bilboko istiluak direla eta
Insaustik ziurtatu du indarkeria ez dela itzuliko Donostiako kaleetara, Blocusen deialdien aurrean
Javier de Andrés: "Absentismo daturik txarrenak dituen erkidegoa gara"