Independentziaren kontsulta ez egitea eskatu dio Barcinak Etxarriri
Nafarroako Gobernuak independentziaren inguruan egin behar duen herri-kontsulta bertan behera uzteko eskatu dio Etxarri-Aranazko Udalari, Estatuarena bakarrik den eskumena urratuko lukeela iritzita.
Bizilagun talde batek sustatutako ekimenak Udalaren onarpena jaso zuen iragan maiatzaren 10ean, eta honako galdera proposatzen du: "Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako estatu independente berri baten parte izatearekin?".
Udalak, orain, 15 eguneko epea du osoko-bilkuran hartutako erabaki hori atzera botatzeko.
Nafarroako Gobernuaren arabera, ordenamendu juridikoaren "kontrako elementuak ere" baditu kontsultak; izan ere, "Etxarri-Aranatz Euskal Herrian dagoela esatea, edo 'estatu independente berri bat' aipatzea, Espainiako nazioaren batasun printzipioaren kontra doa".