Milaka lagun batu dira Bilbon, sakabanaketaren amaiera eskatzeko
Milaka pertsona batu dira larunbat honetan, Bilbon, sakabanaketa politikaren amaiera eskatzeko.
Manifestazioa deitu duen Sare euskal presoen eskubideen aldeko herri plataformak ez du parte-hartze zifrarik eman, baina azpimarratu du herritarrek ibilbide guztia bete dutela. Bestalde, Bilboko Udaltzaingoak emandako datuen arabera, 75.000 lagun elkartu dira.
17:50ak aldera atera ziren, aldi berean, Bilboko udaletxetik eta La Casillatik abiatutako bi zutabeak eta Zabalburu plazan bat egin zuten. Manifestazioaren buruan, Mirentxin furgonetak joan dira, presoen senideak kartzelatara eramaten dituen ibilgailuak.

Mirentxin furgonetak. Argazkia: J. Zaballa.
Bi zutabeek amnistiaren eta presoak Euskal Herriratzearen aldeko oihuen eta txaloen artean egin zuten ibilbidea, eta 18:15ean aldera iritsi ziren Zabalburu plazara. Amaieran, ekitaldia egin zuten eta bertan parte hartu zuten Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza bertsolariek eta Agus Barandiaran, Rafa Rueda eta Aire Ahizpak musikariek.

Argazkia: J. Zaballa
Halaber, Fermin Muguruza eta Saroi Jauregi aurkezleek eta Hegoa Arakama eta Maite Mangado senideek komunikatu bat irakurri zuten eta presoak Euskal herriratzea eskatu zuten.
Dispertsioarekin amaitzeko, aktiboak izatea eskatu diete herritarrei
"Legez, euskal presoek Euskal Herrian egon behar dute; gizatasunagatik, beren senideen alboan egotea dagokie eta bakea lortzeko bidean, euskal herritarrengandik gertu egotea dagokie, orain", azpimarratu zuten euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez irakurritako komunikatu batean.
"Oinarrizko zutabea, sentsibilitate ezberdinetako herritarrak batuko dituen sarea josten eta sakontzen jarraitzea dela uste dugu; sigletatik eta helburu politiko zehatzetatik haratago joango dena", gaineratu zuten.
Ildo berean, azpimarratu du "gizarte osoari interpelatzen dion giza eskubideen auzia" dela eta mezu bateratu bat luzatu behar zela: "Now, Euskal Herrira". Halaber, Hegoa Arakama senideak dei egin zien giza eskubideen alde dauden guztiei, dispertsioarekin amaitzeko aktiboak izan daitezen.
Sakabanaketaren aurkako azken manifestazioa izatea espero du Sarek
Atzo, presoen eskubideen alde egindako manifestazioan, "sakabanaketaren aurkako azkena" izateko itxaropena agertu zuen Joseba Azkarraga Sareko bozeramaile eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak.
Manifestazioa hasi aurretik egindako adierazpenetan, Azkarragak azaldu zuen milaka eta milaka herritar mobilizatzen direla bidezko auzi baten alde, "ideologia ezberdinetako herritarrak, alderdietan afiliatutakoak edo afiliatu gabeak" eta guztiek ere ezaugarri bat dutela komunean, eskubideen urraketarekin amaitzeko garaia dela oihukatzen dutela, alegia".
Halaber, azpimarratu zuen indarra hartzea dela, atzo, helburua "herriz herri lanean jarraitzeko, ahalik eta konplizitate gehienak batzen saiatzeko; izan ere, hau ez da abertzale eta ez abertzaleen arteko eztabaida, giza eskubideen defentsakoa baizik. Beraz, giza eskubideen urraketaren kontra dagoen orok dauka lekua Saren".
Manifestazioan, gizarte zibileko zein alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariek parte hartu zuten, tartean, Hasier Arraiz Sortuko burua eta Maribi Ugarteburu zein Niko Moreko ezker abertzaleko kideak, Oskar Matute eta Rebeka Uberako EH Bilduko legebiltzarkideak, Joan Tarda ERCko diputatua, Adolfo "Txiki" Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LABeko idazkari nagusiak eta CCOOko Euskadiko ordezkaria.
Hasieran, Hasier Arraiz eta Joan Tarda politikariek eta Adolfo "Txiki" Muñozek eta Ainhoa Etxaidek, ELA eta LABeko idazkari nagusiek, kazetarien aurrean hitz egin zuten.
Hasier Arraiz Sortuko buruzagia oso pozik mintzatu zen: "Oso gustura gaude hemen egoteaz eta, pozik, presoak etxean nahi dituen herri bat ikusteaz". Espainiako eta Frantziako Gobernuen harresien gainetik, konbentzituta agertu zen helburua lortuko dela "euskal herritarrek horrela nahi dutelako". Bestalde, EH Bilduren izenean, besarkada beroa eta estua bidali nahi izan zien, atzoko manifestazioan parte hartzeko, senideak bisitatu gabe gelditu diren presoen senideei.
Joan Tardà ERCko diputatuak presoen dispertsioak suposatzen duen "mendekuarekin" amaitzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta "suminduta" agertu zen "salbuespenezko" kartzela politikari eusten zaiolako, jakinda ere, ETA ez dela itzuliko. "Eskubide zibilek bidea ireki dutenean, euskal gizartea berradiskidetzerako ahalegin handia egiten ari denean, lotsagarria da Espainiako Gobernuak mendekuan oinarritutako kartzela politikari eustea", gaineratu zuen.
Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusiak adierazi zuen gizarte mobilizazioa "ezinbestekoa" dela presoen sakabanaketarekin amaitzeko. Salatu zuenez, Espainiako Estatuak Euskal Herriko agenda politikoari trabak jartzeko eusten zion sakabanaketa politikari. "Atentzioa ematen du, ETAk behin betiko jarduera armatua amaitu eta, hiru urtera, espetxe politikaren zentzugabea mantentzea. Eta Estatuak horri eusten dio, ez presoen eskubideak murriztu nahi dituelako bakarrik, baita Euskal Herriko agenda politikoa mugatu nahi duelako ere", baieztatu zuen.
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak azaldu zuen Madril ez dela "aitzakia" kartzela politika aldatzeko bidean, hiritarren babesean, pauso ausartagoak eta eraginkorragoak emateko".
Zure interesekoa izan daiteke
Italiatik datozen bidaiarien kontrol aleatorioak egiten jarraitzen dute Bilbon
Larunbat goizean ezarri dituzte kontrolak Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan, aldiz, ordu batzuk lehenago hasi ziren ausazko kontrolak egiten.
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.