Jaurlaritzaren komunikazio buruak dimisioa eman du, inputatu dutelako
Iñaki Bernardo Eusko Jaurlaritzaren komunikazio zuzendariak dimisioa eman du behin behinean "higiene politiko eta demokratikoagatik"; izan ere, Gasteizko auzitegiak deklaratzera deitu du UPyDk jarri dion kereila baten harira. "EAJren gertuko" hedabideei, albiste jakin batzuk argitaratzearen truke, egindako ordainketa irregularrak leporatzen dizkiote.
Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, Bernardok ez du dimisioa eman beharrik legez, baina erabaki hori hartu du, egoerak ez dezan "eztabaida politikoan eraginik izan".
Gainera, Lehendakaritzaren Komunikazio Zuzendaritza denez publizitatea daraman batzordearen arduradun nagusia, Iñaki Bernardok ez du parte hartuko publizitateari dagozkion erabakietan.
Hala eta guztiz ere, Bernardok laguntza ematen jarraituko du Lehendakaritzan aholkulari gisa, "eta behin behinean ez du kudeatuko publizitate kontraturik".