Pedro Sanchez: 'Ez dago ezkerreko Gobernu bat eratzeko gehiengorik'
16:30ak jota hasi da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentegai sozialistaren inbestidura hitzaldia Espainiako Diputatuen Kongresuan. Haren agerraldiarekin hasi da inbestidura saioa eta haren hitzaldia amaitzearekin batera bukatu da gaurko saioa; izan ere, haren hitzaldia zen eguneko gai bakarra.
Ordubete eta berrogei minutu inguru iraun duen hitzaldian, legegintzaldi berrirako programa aurkeztu eta Diputatuen Kongresuaren konfiantza eskatu du.
Sanchezek agerraldia amaitzean lehendabiziko saioa bukatutzat eman du Patxi Lopez Espainiako Diputatuen Kongresuko presidenteak.
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidente izateko hautagaiak mintzaldiaren hasieran azpimarratu duenez, "aldaketa", "elkarrizketa" eta "alderdi eta ideologia ezberdinak elkar ulertzeko" garaia da.
"Gaur ez gaude hauteskunde kanpainan", nabarmendu du Sanchezek. Haren esanetan, inbestidura saioa akordiorik gabe amaitzen baldin bada diputatuek beren lana "gaizki" egin dutela esan nahiko du, gehiengoaren babesa izango duen akordioa bilatzeko mandatua eman baitie hiritarrek ordezkari politikoei.
Dena den, ezkerreko Gobernu bat eratzeko gehiengorik ez dagoela ohartarazi du Sanchezek. PSOEko buruzagiak Podemosi ohartarazi dio "zentzugabea" dela "aulkiez" eta "botere banaketaz" hitz egitea, ezkerreko Gobernu bat eratzeko gehiengo nahikorik ez dagoela argudiatuta. "Baturak ez du ematen. Ezkerrak ez du hauteskunde hauetan diputatu nahikorik eskuratu kolore politiko bakarreko Gobernu bat osatzeko", adierazi du Sanchezek, aukera hori zegoenaren "esperantza faltsua" sortu dela azpimarratu ondoren.
Berbaldian zehar hainbat esaldi errepikatu ditu Sanchezek, ondorengo hau esaterako: "Hori guztia datorren astetik aurrera egin dezakegu". Esaldi hori Pablo Iglesias Podemoseko buruari zuzendutakoa ei zen, alderdi morearen babesa eskatuz.
Hala ere, "aldaketaren aldeko indar politikoek" gehiengo zabala eskuratu dutela nabarmendu du eta batasuna aldarrikatu du "aldaketaren gobernua" osatu ahal izateko, alderdikeriei muzin eginez. Sanchezen hitzetan, adostasunetara heltzeak ez du esan nahi ezeri uko egitea edota inori traizio egitea.
Espainiako Gobernuko presidentegaiak eskerrak eman dizkio Ciudadanos alderdiari "konponbiderako lehen pausoa" emateko "adorea eta ausardia" izateagatik. Haren esanetan, argi eta garbi gelditu da posible dela "ideologia eta programa ezberdinak dituzten bi alderdi politiko adostasunetara heltzea".
Aldi berean, hitz egiteko eta Estatuko gai nagusien gainean akordioetara heltzeko eskua luzatu dio PPri: lurralde batasuna, Konstituzioaren erreforma eta terrorismoaren kontrako borroka, kasu. Halaber, 'popularrek' sozialistak oposizioan egon direnean erakutsi ei duten leialtasun bera izango dutenaren itxaropena agertu du. Gainera, "hautsitako" adostasunak berregiteko deia egin du, Toledoko Ituna edota hezkuntza ituna esaterako.
Gobernu programa
Hautagai sozialistak azpimarratu duenez, Talde Sozialistak "ez du ezer eskatzen, ez dauka marra gorririk, uste sendoak baino". Segidan, haren gobernu programako ildo nagusiak eta proposamenak zerrendatu ditu.
PSOEko idazkari nagusiak zerga iruzurrari eta ezkutuko ekonomiari aurre egiteko plana proposatu du, amnistia fiskal berriak egiteko aukera baztertuko duena. Aldi berean, langileei zerga zama jaistea agindu du eta trukean bestelako zerga batzuk igotzea edota ingurumen zerga ezartzea iradoki du.
Halaber, errekuperazio ekonomiko jasangarri eta justuagoa egonkortzeko hiru konpromiso behar direla aldarrikatu du: lehenengoa, berrikuntzan eta produktibitatearen hobekuntzan oinarrituta egongo den hazkunde eredua ezartzea; bigarrena, Energiari buruzko Estatu ituna; hirugarrena, aurrekontu-egonkortasuna indartzea defizit publikoaren inguruko politikan aldaketak eginez.
Lan alorrean, haren balizko gobernuak 52 urtetik gorako langabeentzako diru-laguntza berreskuratzea eta iraupen luzeko langabeen arazoari aurre egiteko egitasmoa aurrera ateratzea hitz eman du. Halaber, behin-behinekotasunaren eta babesgabetasunaren hazia jarri zuen PPren lan erreformaren hainbat elementu indargabetuko dituela adierazi du. Ildo berean, gehienez ere bi urteko iraupena izango duen behin-behineko kontratua onartuko duela berretsi du.
Hipoteka legearen erreforma egiteko konpromisoa ere hartu du Sanchezek, gehiegizko klausulak bertan behera uzteko eta kaudimen gabezia duten pertsonek alokairu sozialeko etxebizitza baterako sarbidea izan dezaten. Hori ez ezik, lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera bat onartzea proposatu du.
Bestalde, osasun ituna aldarrikatu du, Espainian bizi diren pertsona guztiek Espainiako Osasun Sistemarako sarbidea izan dezaten berriz ere, "horien jatorria edo egoera" kontuan hartu gabe.
Erregenerazio demokratikoari dagokionez, "benetako iraultza" bultzatzeko konpromisoa aldarrikatu du. Horien artean, Parlamentuak edota Gobernuak izendatzen dituen Estatuko karguen izendapena egiteko modua aldatzea proposatu du. lldo horretan, Moncloa Jauregira iristen bada, ustelkeria edota genero indarkeria delituengatik zigortutakoei indultua ukatuko diela azpimarratu du.
Sozialistak alderdi politiko guztiei eskua luzatu die Espainiako Konstituzioaren erreformari heltzeko eta bide horretan hilabeteko epean Diputatuen Kongresuan azpibatzorde bat sortzea proposatu du, erreforma horren perimetroa zehaztuko duena.
Azkenik, Kataluniako auzia ere hizpide izan du eta katalanen eta gainerako espainiarren arteko elkar ulertzea bultzatu nahi duela esan du. Haren hitzetan, elkarrizketa falta izan da "urte askoan" Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Generalitatearen artean. Gainera, Generalitatearen eskari batzuekiko konpromisoa erakutsi du, hala nola, Dependentzia Legea, enplegu politika aktiboetarako aurrekontua igotzea edota landa-garapen programetarako diru funtsak berreskuratzea.
berreskuratzea.Zure interesekoa izan daiteke
Mendozaren eta Asensioren arteko ika-mika gogorra, Ayesa afera dela eta
Ayesa operazioaren inguruko ikuspuntu ezberdinek lehertu dute xextra Gipuzkoako Aldundiko bazkideen artean. Jose Ignacio Asensio PSE-EEko kideak "lidergo falta" egotzi die Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusi eta Jon Insausti Donostiako alkate jeltzaleei. Mendozak "desleialtasuna" leporatu dio Jasangarritasuneko diputatuari.
Ciriza, Belateko tunelen lanen esleipenari buruz: "Ez nuen ezer ikusi"
Santos Cerdanek ezer agindu zionik ukatu du, eta lanen esleipena erabat legezkoa izan zela ziurtatu du. Bere hitzetan, ez zen egon inolako esku-hartze politikorik.
Adamuzeko eta Gelidako istripuetan gertatutakoa "erabat" argitzeko konpromisoa hartu du Puentek
Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroak barkamena eskatu die Rodaliesen zerbitzuaren erabiltzaileei eta zerbitzuaren egoera azaldu du.
Burujabetza eta XXI. mendeko nazioa aztertuko ditu Gure Eskuk bigarren konferentzia subiranistan
Iaz Irunen egin zuen lehen konferentziaren ondoren, otsailaren 28an Bilbon egingo du bigarrena eta, besteak beste, Omnium Cultural-eko lehendakaria, Xavier Antich, izango dute gonbidatu.
Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak espetxeratzeko agindu du Auzitegi Nazionalak
Zuluetari zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten, ETAko kide izatea, armak eta lehergaiak izatea, eta Halboka egituraren buru izatea egotzita. Enparantza, berriz, lau urteko kartzelara zigortu zuten, ETAko kide izatea leporatuta.
Melgosa: "Euskadi pantailen gaineko herri-estrategia integral bat prestatzen ari da, erantzun sinpleez harago"
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak astearte honetan adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak "pantailei eta ongizate emozionalari" buruzko eztabaida du agendan, eta "erantzun sinple edo isolatuetatik harago" doan "herri-estrategia integrala" lantzen ari da.
Eusko Jaurlaritzak "irizpide teknikoengatik" egin zuen Alfredo De Migueli hirugarren gradua ematearen aurka
Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi ohiaren kexa baten ostean, espetxe-zaintzako epaileak Tratamendu Batzordearen ebazpenari beste modu batean erantzun zion, eta Eusko Jaurlaritzak, "Zuzenbide Estatuetan egin behar den moduan", ebazpen judizial irmoa betearazi besterik ez zuen egin, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi duenez.
Alokairuan etxebizitza bakarra duten jabeei ezkutu soziala zabaltzea adostu du EAJk Espainiako Gobernuarekin
EAJrekin lotutako akordio horren funtsa astearte honetan Ministroen Kontseiluak onartutako ezkutu sozialaren errege lege-dekretu berriaren barruan dago. Lege-dekretu horrek aurreikusten du, besteak beste, errentatzailea edukitzaile handi bat edo funts putre bat denean etxegabetzeko prozedura eta bonu sozial energetikoa 2026ko abenduaren 31ra arte luzatzea.
Pentsioak eta etxegabetzeak bi dekretutan onartuko ditu Espainiako Gobernuak
Espainiako Gobernuak pentsiodunek otsaileko nominan aurreikusitako igoera galtzea saihestu nahi du, Kongresuak omnibus dekretua onartzeari uko egin ostean. Dekretu horrek ezkutu sozialerako neurriak biltzen zituen.
Pasaiako portuaren eskumena arrazoi "ideologikoengatik" eskatu izana leporatu dio Itxasok EAJri
Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuak ere hitz egin du azken egunotan sozialistek eta jeltzaleek Pasaiako portuaren harira izan duten ika-mika politikoaren inguruan. EAJk Pasaiako portuaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku egotea eskatzeak abiatu zuen polemika.