Puigdemontek baztertu egin du hauteskundeetara deitzea 'berme ezagatik'
Carles Puigdemont Generalitatearen presidenteak atzera egin zuen Katalunian hauteskunde aurreratuetara deitzeko asmoan, goizean horixe egiteko asmoa bazuen ere, Espainiako Gobernuak 155. artikulua ez aplikatzeko bermerik eman ez diolako.
Atzoko eguna Kataluniako politika garaikidean izan den egun nahasienetako bat izan zen, gidoi aldaketa nabarmenekin, agerraldi atzerapenekin, etab. Independentisten artean tentsioa oso handia izan zen eta barne zatiketa sortzear izan zen une askotan.
Generalitateko Jauregian asteazkenean zazpi orduko goi-bilera egin ostean, goizak Puigdemonten eta bere kontseilarien bilerarekin argitu zuen, eta gero Junts pel Siren diputatuak batu zitzaizkien. Une horretan, Kataluniako presidenteak hauteskundeetara deitzeko asmoa helarazi zien diputatuei, horrela 155. artikulua saihestuko zuelakoan.
Erabakia hainbat bitartekariren laguntzari esker iritsi zen, tartean Iñigo Urkullu lehendakariaren bitartekaritzarekin. Izan ere, lehendakaria enpresari kataluniarrekin elkartu zen Puigdemonti hauteskundeen bitartez 155.a saihets zezakeela aholka ziezaioten. Era berean, Miquel Iceta, Jose Montilla eta Nuria Marin ere jo eta su aritu omen ziren Moncloaren eta Puigdemonten artean bitartekari lanak egiten.

Generalitatearen Jauregiko kanpoaldea. Efe
Atsekabea
Hauteskundeen iragarpena kolpe gogorra izan zen ERCko diputatuentzat, Democratesentzat eta PDeCATeko kide batzuentzat, tartean Albert Batalla La Seu d?Urgelleko (Lleida) alkatearentzat eta Jordi Cuminal CDCren komunikazio arduradun ohiarentzat. Azken horiek alderdia utziko zutela ere iragarri zuten sare sozialetan.
Junts pel Si osatzen duten alderdiek aparteko bilera egin zuten bitartean, Generalitateak iragarri zuen Puigdemontek agerraldia egingo zuela 13:30ean, eta hauteskundeak aurreratuko zituela espero zen, azkenean 17:00etan izan zen agerraldia.
Independentziaren aldeko oihuak, Puigdemonten agerraldiaren ostean

Ez da hauteskunderik izango
Baina 155.aren aurrean independentzia aldarrikatu behar zela iritzi ziotenak asaldatzen ari ziren unean, zalantza zabaltzen hasi zen, Puigdemonten agerraldia lehenik ordubete atzeratu eta gero bertan behera utzi zutelako.
Parlamentua desegin eta hauteskundeetara deituta ere PPk 155.ari eutsiko ziola jakin zenean, Kataluniako presidenteak 17:00etarako deitu zuen agerraldia; eta orduan bai, orduan adierazpen instituzionala egin zuen.
Puigdemontek Generalitateko Jauregiko Galeria Gotikotik azaldu zuenez, "hauteskundeak deitzeko prest egon naiz normaltasun osoz egiteko bermeak egonez gero, baina ez dago hauteskundeak justifikatuko lituzketen inolako bermerik".
Puigdemontek salatu zuen Espainiako Gobernuaren erantzuna ez dela "arduratsua" izan eta gainera, bere eskaintzaren aurrean "tentsioa handitzeko aprobetxatu" duela aukera.
Parlamentuak erabakiko du
Puntu horretara iritsita, "Parlamentuari dagokio 155.aren aplikazioaren ondorioen aurrean nola jokatu erabakitzea", azaldu zuen.
Hain zuzen ere, Junts pel Sik atzo Puigdemonti adierazi zion jarrera "argia" eta "bateratua" nahi zuela gaurko plenoan independentzia aldarrikapenaren alde.
Ordubete geroago Parlamentuko saioa hasi zen, eta oposizioaren kritikak entzun zituen bertan, erantzuteari uko eginda.
Osoko Bilkura Kataluniako Parlamentuan
Lluis Corominas Junts pel Siko (JxSi) presidenteak Kataluniako Parlamentuko osoko bilkuran aurreratu zuenez, urriaren 1eko erreferendumetik ateratako "mandatuarekin jarraitzea" proposatuko zuen haren taldeak gaurko, ostirala, bilkuran. Gaineratu zuenez, Kataluniako Parlamentuak "ez du onartuko" 155. artikuluaren aplikazioak berekin dakarren "erasoa".

Arrimadas, Parlamentuan. Efe
Gaurko osoko bilkura 12:00etan hasiko da, baina taldeek 10:30 arte dute ebazpenak aurkezteko aukera, eta baliteke orduan jakitea azkenean independentzia aldarrikapena bozkatuko de ala ez.
Bilkura horri begira, Junts pel Sik alkate guztiak gonbidatu ditu, 700 baino gehiago, eta dagoeneko 200dik gora izan dira bertan egongo direla ziurtatu dutenak.
Senatua 155. artikuluari buruz
Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpen "mailakatua" egingo du Katalunian, Senatuak onartu egin baitu PSOEk helburu horrekin aurkeztutako zuzenketa.
Santi Vila kontseilariak dimisioa eman du
Santi Vila Kataluniako Generalitateko Enpresa eta Ezagutza kontseilariak dimisioa eman du bart, Gobernutik jakinarazi dutenez.
Generalitateak independentzia aldarrikapenaren alde eginez gero, kargua utziko zuela esanda zien Vilak gertukoenei.
Bermeen Kontseiluak ez du babesten Gobernua kargugabetzea
Gainera, Estatutu Bermeen Kontseiluak ebazpena kaleratu zuen 155. artikuluaren aplikazioa dela eta. Ez du babestu Espainiako Gobernuaren proposamena, Kataluniako Gobernu osoa kargugabetzea, Parlamentuaren jarduera mugatzea eta Kataluniako administrazioko erakundeetan esku hartzea.
Kontsulta organo horrek lege kataluniarrak Konstituzioan egokitzen ote diren aztertzen du, eta bere ebazpenean oso kritiko agertu da Ministroen Kontseiluak proposatu dituen neurriekin.
Bermeen Kontseiluak azpimarratu du 155. artikulurako aurreikusitako neurriak "izaera eta aplikazio" mailakatua izan behar dutela, eta proportzionalak izan behar direla. Hala, "zigortzea ezin da izan helburua".
Konstituzioak aurreikusitako helburuak lortzeko bidean, Kontseiluak ez du uste horren barruan sartuko litzatekeenik "presidentea eta Generalitat osoa kargugabetzea, Parlamentuaren oinarrizko jarduerak mugatzea eta Kataluniako Administrazioan esku hartzea".
Zure interesekoa izan daiteke
Aragoiko parte-hartzea ia % 11koa da 11:00etan
Jarduneko gobernu autonomikoak emandako lehen parte hartze datuaren arabera, 107 040 aragoiarrek bozkatu dute lehen bi orduotan. Hautagai gehienek ere eman dute botoa, eta denek egin dute hauteslekuetara joateko deia.
Hauteskunde eguna dute Aragoin, PP-Vox lehia nola geratuko den ikuskizun
Hauteslekuak 09:00etan zabaldu dituzte, eta ez da aparteko gorabeherarik izan. 1,03 milioi pertsonak eman ahalko dute botoa. Inkesten arabera, PPk irabaziko ditu berriro hauteskundeak, baina aurrekoetan baino babes gutxiagorekin, eta, ondorioz, ultraeskuina beharko du gobernatzeko.
Hauteslekuak zabaldu dituzte Aragoin
Guztira 1.036 325 herritarrek dute boto eskubidea. Igande honetako hauteskundeek Aragoiko Gorteetako osaera berria zehaztuko dute.
Ruben Mugicak "memoria galdu izana" egotzi dio Sanchezi "gaizkileen oinordekoak bazkide bihurtzeagatik"
ETAk duela 30 urte hildako Fernando Mugica Herzog buruzagi sozialistaren senitartekoek, erakundeetako ordezkariek eta PSE-EEko kideek omenaldia egin diote gaur Donostiako Polloe hilerrian. Ekitaldian, Ruben Mugica semeak Pedro Sanchez kritikatu du "memoria galdu izana" eta "gobernuaren ekintza merkatu txiki bat bihurtu izana" egotzita. Horren ustez, "gaizkileen oinordekoak bazkide" egin ditu Sanchezek, eta ezberdin pentsatzen dutenei "faxista" deitu. Era berean, terrorismoaren biktimak berdin tratatzeko eskatu du, eta ezker abertzaleari "ezagutzen dituzten terroristen izen-abizenak jakinaraztea".
EH Bilduk salatu du Espainiako Estatuak ez duela oraindik aitortu Martxoaren 3an izan zuen parte-hartzea
EH Bilduk martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrena gogoratzeko antolatu duen kartelen erakusketa inauguratu du Gasteizko egoitzan. 1976ko langileen erreibindikazioek egun ere erreibindikazio izaten jarraitzen dutela salatu, eta garai hartan bezala gaur ere diktadoreak daudela esan dute, besteak beste Trump eta Milei aipatuz. Egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu, eta Espainiako Gobernuari ardurak aitortzeko eskatu diote berriz ere.
Juntsek ezkutu sozialaren aldeko botoa ematea espero du EAJk
Berrerorle eta etxegabetzeen inguruan EAJk Madrilen itxi dituen akordioek populismoaren aurrean politika egiteko beste modu bat badagoela erakusten dutela adierazi du Maribel Vaquero Kongresuko bozeramaileak. Jeltzaleek moderazioa eta zentraltasuna ordezkatzen dutela esan du, eta Podemosek azkenik babes sozialaren alde bozkatuko duela jakin eta gero, Junts ezezkotik ateratzea espero duela gaineratu du.
Aberri Egunaren aldeko ekitaldian parte hartzeko deia egin du Euskal Herria Batera ekimenak; martxoaren 28an, Lizarran
Aberri Eguna jai ofizial eta ospakizun egun bihurtzea eskatu dute antolatzaileek. "Nazio bat gara eta nazioek nazio izaera ospatu eta aldarrikatu behar dute. Gainerakoek bezala, guk ere gauza bera egin behar dugu", aldarrikatu dute.
Iriarte, zerga turistikoaz: "Berandu iritsi den neurri bat da, baina aztertu eta erantzukizunez jokatuko dugu"
EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak esan du koalizio abertzaleak aspaldi eskatu zuela neurri hori. "Dena den, zerga turistiko bat ez ezik, turismo ereduari buruzko hausnarketa bat ere behar dugu", nabarmendu du.
Sailburuak alarmismoetan ez erortzeko eskatu du, eta iraungitako txertoak segurtasunerako mehatxu ez direla ziurtatu du
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak EH Bilduk eta Voxek egindako galderei erantzun die ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean egindako kontrol saioan.
Garikoitz Aspiazu 'Txeroki' ETAko buruzagi ohia astelehenetik ostiralera aterako da espetxetik
2008an atxilotu zuten Frantzian, eta 400 urtetik gorako zigorra betetzen ari da hainbat atentaturengatik. 2024an, Frantziako Lannemezango espetxetik Martuteneko espetxera eraman zuten.