Katalunia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kataluniako Gobernuak errepublika aldarrikatzea eskatu dute JxSik eta CUPek

Parlamentuko Mahaiak onartu egin du proposamena. 12:00etarako zegoen deituta osoko bilkura, eta 13:25ean abiatu da.
PUIGDEMONT ENTRA PARLAMENT EITB 1280X720
PUIGDEMONT ENTRA PARLAMENT EITB 1280X720

JxSi eta CUP alderdiek Kataluniako Gobernuak errepublika aldarrikatzea eskatzeko proposamena aurkeztu dute ostiral honetan Kataluniako Parlamentuan. Hain zuzen ere, bertan defendatzen dute Parlamentuak Kataluniako Gobernuari eskatzea "beharrezkoak diren ebazpen guztiak bidera ditzala trantsiziorako legea indarren jartzeko eta errepublika sortzeko prozesu konstituziogilea abiatzeko".

Atzo, osteguna, abiatu zuten 155. artikuluaren aplikazioa jorratzeko osoko bilkura monografikoa Kataluniako Parlamentuan, eta ostiral honetan, urriak 27, ekin diote berriz saioari. 12:00etarako zegoen deituta, baina 13:25ean abiatu da.

JxSik eta CUPek aurkeztutako dokumentuak urriaren 10ean sinatutako independentzia aldarrikapena jasotzen du (Puigdemontek etenda utzi zuen adierazpena), eta azalpenen atalean proposatzen du "Estatu independente gisa Errepublika eratzea"; atal hau, baina, ez da bozketara eramango dutena.

Izan ere, JxSik eta CUPek bi proposamen aurkeztu dituzte, elkarrekin. Horietan independentzia adierazpen formala jasotzen da, batetik, eta Estatu berria eratzeko prozesu konstituziogilea, bestetik. Zehazki, JxSi alderdiko iturrien arabera, adostutako proposamen nagusiak Independentzia aldarrikapena, "prozesu konstituziogilea abiatzea" eta "trantsiziorako legea indarren jartzea" jasotzen ditu. Hala, bozketara eramango duten proposamenak ez du independentzia aldarrikatzen, baina Kataluniako Gobernuari hori egiteko deia egiten dio, nola egin zehaztu gabe, eta baita "prozesu konstituziogilea abiatzeko aldarrikapena egitea" ere.

Kataluniako Parlamentuko abokatuek Mahaiko kideei ohartarazi dietenez, erakundeak ezin du estatu independente bat aldarrikatzeko edota erreferendum eta trantsizio legeak garatzeko ebazpenik tramitera onartu. Hala egitekotan Auzitegi Konstituzionalak ezarritakoaren kontra egingo luke Mahaiak. C's, PSC eta PPC alderdiek dagoeneko aurreratu dute ez dutela JxSi eta CUP alderdien proposamena bozkatuko.

JxSik eta CUPek 155. artikuluaren kontrako proposamenak ere aurkeztu dituzte, 11:00etan.

Proposamenen aurkezpena atzeratuta

Kataluniako Parlamentuko taldeek 10:30era arteko epea zuten 155. artikulua jorratzeko osoko bilkuran proposamenak egiteko, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak hala ezarrita. JxSik eskatuta, baina, luzatu egin dute epe hori.

Proposamenak aurkeztuta, Mahaia horiek aztertzeko bildu da. Taldeek, gehienez, hiru proposamen aurkeztu ahal zituzten. Sei taldeek hiruna aurkeztu izan balituzte, 18 proposamen bozkatuko zituzketen.

PSCk hiru gauza eskatu ditu: Generalitateari independentzia aldarrikapena geratzeko, Senatuan 155. artikuluaren izapideak "gelditu eta bertan behera uzteko" eta Katalunian hauteskundeak deitzeko.

Independentzia aldarrikapena bozkatzeko balizko proposamen baten aurrean, bozketa hori sekretua izatea proposatu du PPCk, Kataluniako Alderdi Popularraren arabera Junts pel Si taldean "zatiketa" egon daitekeelako. Botoa sekretua izateko, bi taldek hala eskatu behar dute eta gehiengoak onartu.

C's alderdiak, bestalde, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde eta Ekonomia kontseilariaren dimisioa eskatzea proposatu dio Kataluniako Parlamentuari, enpresek ihes egin izana leporatuta. Halaber, hauteskundeak deitzea eta eskatzeak gaitzestea eskatuko dute.

Lluis Corominas Junts pel Si taldeko presidenteak atzo, osteguna, Kataluniako Parlamentuko osoko bilkuran aurreratu zuenez, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa baztertzea eta urriaren 1eko erreferendumetik ateratako "mandatuarekin jarraitzea" proposatu behar zuen bere taldeak gaurko bilkuran, prozesu konstituziogile bat abiatzeko.

Fiskaltza

Fiskaltzak independentzia aldarrikatzen duten Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideen aurkako kereila jarriko duela iragarri du, baina horren beharrik ez izatea espero duela adierazi du.

Osteguneko bilkura

Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren aurrean zer erantzun eman erabakitzeko osoko bilkura monografikoa egin zuten atzo arratsaldean Kataluniako Parlamentuan. Kataluniako Gobernuak eta Carles Puigdemont presidenteak hitza hartzeari uko egin ostean, talde parlamentarioetako ordezkarien txanda izan zen.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X