KATALUNIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Siglarik gabeko eta independentziaren aldeko zerrenda bateratua proposatu dute

Abenduaren 21eko hauteskundeei begira, alderdietako ordezkariak, herritarrak, hautetsiak eta preso politikoak bilduko dituen zerrenda osatzea eskatu du Kataluniako herritar talde batek.
KATALUNIAKO ERREFERENDUMA REFERENDUM EN CATALUÑA EFE
Bi milioi katalanek baino gehiago parte hartu zuten urriaren 1eko erreferendumean. Argazkia: EFE

Abenduaren 21eko hauteskundeetarako siglarik gabeko hautesle elkartea sortzea proposatu du independentziaren aldeko zerrenda bateratua osatzearen alde dagoen herritar talde batek. Zerrenda horretan alderdietako ordezkariak, herritarrak, hautetsiak eta "preso politikoak" bildu nahi dituzte.

Zerrenda bateratuaren alde dauden Llistaunitaria.cat eta Respublica.cat plataformetako ordezkariek gaur goizean aurkeztu dute ekimena Bartzelonako Ateneoan, eta bertan izan dira, besteak beste, Francesc de Dalmases kazetaria, Aurora Madaula historialaria, Toni Morral Cerdanyolako alkate ohia, Pere Puges ANCko sortzaileetako bat dena eta Ferran Mascarell kargugabetutako Kataluniako Gobernuaren ordezkaria Madrilen.

Aurkezpena egin duten aretoko lehen ilarako aulkiak hutsik utzi dituzte eta kartzelan zein atzerrian dauden Kataluniako Gobernuko eta Kataluniako Parlamentuko kide kargugabetuen izenak jarri dituzte. "Ez litzateke ulertuko denak batera ez aurkeztea; zentzugabea eta kontraesankorra litzateke preso batzuen eta beste preso batzuen zerrenden artean aukeratu behar izatea", azpimarratu du.

Ekimenaren bultzatzaileek 55.000 sinadura behar dituzte azaroaren 17a baino lehen, hautesle elkartea erregistratu ahal izateko.

Urriak 1 hautagaitza bateratua izena jarri diote zerrendari, eta bertara batzeko deia egin diete alderdi politikoei, alkateei eta gizarte zibileko ordezkariei.

Halaber, hiru puntuko hauteskunde programa proposatzen dute: Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeari uztea eta autogobernua berreskuratzea, kartzelan daudenak aske uztea eta prozesu konstituziogilea abiatzea.

Azaldu dutenez, hautesle elkartea eta programa "sinatzaileena izango da", baina zerrenda hori alderdien esku utziko dute "hautagaiak eta kideak proposa ditzaten". Oraingoz PDeCAT, ERC eta CUP ez dira ados jarri, baina ekimenaren sustatzaileen iritziz, oraindik posible da ados jartzea. Gaineratu dutenez, beraiek zerrenda eta mekanismoak jartzen dituzte eta alderdiek ordezkariak bakarrik jarri beharko lituzkete.

Azkenean independentismoaren aldeko zerrenda bateratua egongo dela uste dute, hori baita, beren esanetan, "155. artikuluak inposatutako hauteskundeei duintasunez aurre egiteko modua".

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X