KATALUNIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Turull eta Rullen defentsak horien askatasuna eskatu du, 155a onartu dutela iritzita

Jordi Turull, Josep Rull eta kargugabetutako beste sei kontseilari kartzelan daude azaroaren 2az geroztik.
Turull eta Rull, beste batzuren artean, Auzitegi Nazionalera iristen. Artxiboko argazkia: EFE
Turull eta Rull, beste batzuren artean, Auzitegi Nazionalera iristen. Artxiboko argazkia: EFE

Jordi Turull eta Josep Rull kargugabetutako Generalitateko kontseilariak aske uztea eskatu dio beren defentsa abokatuak Auzitegi Nazionalari, 155. artikulua onartu eta aintzat hartu dutela argudiatuta. Erresistentziarik jarri ez izana ere aipatu du abokatuak.

Auzitegi Nazionalaren aurrean jarritako bi salaketatan, Carmen Lamela epaileak beren kontra agindutako espetxealdia baliogabetzeko eskatu dute Jordi Turull eta Josep Rullek. Gauzak horrela, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea eta Mahaiko kideak bermea ordainduta aske uzteko erabilitako irizpideak aplikatzeko galdegin dute.

Jordi Turull, Josep Rull eta kargugabetutako beste sei kontseilari (Forn, Junqueras, Romeva, Mundo, Borras eta Bassa) kartzelan daude azaroaren 2az geroztik.

Jordi Pina bi kontseilarien abokatuak bere idatzietan argudiatu duenez, Rull eta Turull espetxera bidaltzeko delitua berriz egiteko arriskua aipatu zuen Lamela epaileak, baita ihes egiteko eta frogak deuseztatzeko arriskua ere; Pinak baztertu egin ditu; izan ere, nahiz eta “politikoki edukiarekin eta legitimotasunarekin” ados ez egon, Generalitateko kideek “Konstituzioko 155. artikuluaren neurriak obeditu dituzte, inolako erresistentziarik planteatu gabe”.

Abokatuaren hitzetan, Kataluniako Gobernuak “ez du akordiorik ezta neurririk adostu” 155.a aplikatu ondoren. Generalitatea “urriaren 27ko Parlamentu saioa amaitu ondoren bildu zen” (independentzia bozkatu ondoren) “inolako neurririk hartu gabe”, Pinak azpimarratu duenez.

“Kontseilari kargugabetuek” akordiorik onartu ez dutela nabarmendu du helegiteetan: “Generalitatearen Aldizkari Ofizialari begirada bat botatzearekin nahikoa da, Konstituzioaren artikulua aplikatu denetik ez dela ezer argitaratu egiaztatzeko”.

Generalitateko kideek “agertoki berriari erresistentzia bultzatu edo azaldu” ez diotela azpimarratu du abokatuak, “ostera, hauteskundeetara aurkezteko asmoa agertu dute (A21)”.

“Ondorioz, ez dago borondaterik, arriskurik ezta delitua berriro egiteko aukerarik ere, hauteskundeetako lehia demokratikoan helburu politiko legitimoak mantentzeko konpromisoa baizik; aniztasun politikoarenganako errespetu osoarekin”, erantsi dute Rullen eta Turullen helegiteek.

Jordi Pinak salatu duenez, Rullen eta Turullen kartzelaratzeak “herritarren hauteskunde askatasuna” urratzen du. Espetxean egongo ez balira, auziperatuek “zalantza barik” A21ko hauteskundeetan parte hartuko zuketela gogorarazi du.

Ihes egiteko arriskurik, ez

Independentzia aldarrikatu ondoren, Carles Puigdemont presidentak eta lau kontseilarik Belgikara alde egiteak gainerakoen ihes egiteko arriskua areagotzen duenik ez du uste Turullen eta Rullen defentsak. Horregatik, kartzelan mantentzea justifikatzerik ez dagoela gaineratu du.

“Hemen daudenak, (Belgikara) bertara joan beharrean, hemen daude”, goraipatu du defentsak. “Espainiako Justiziaren eskuetan geratzeko jarrera azaldu dute beti” Rullek eta Turullek.

Defentsa eskubidea

Gainera, espetxeratutako kontseilarien “defentsa-gabezia” salatu du Pinak; izan ere, Lamela epaileak baldintzarik gabe kartzelara bidali zituen “defentsa eskubideak argi urratuz”; “bidezko prozesu bat, berme guztiekin” izan ez zutelako, eta “ezin izan zutelako gutxieneko estrategia bat prestatu”.

Bestalde, auzipetuei matxinada leporatzeko oinarririk ez dagoela errepikatu du defentsak, prozesu soberanistan kaleetan indarkeriarik izan ez zelako; ezta sediziorik ere, ordena publikoa hausteko altxamendu eta istilurik izan ez zirelako.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X