Erreakzioak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Omnium eta ANC, Gorenaren autoari buruz: 'Bete ditzagun hautetsontziak askatasunez'

JxCat, ERC, PSC, CatECP eta CUP alderdiek kritikatu egin dute Llarena epailearen erabakia. Ciudadanosek eta PPCk, berriz, 'errespetua' agertu diote ebazpenari.
Kontseilari kargugabetutako batzuk, Auzitegi Nazionalean. EFE
Kontseilari kargugabetutako batzuk, Auzitegi Nazionalean. EFE

Gorenak hala erabakita kartzelan jarraitu beharko dute Oriol Junquerasek, Joaquim Fornek eta bi 'Jordiek'. Erabaki horrengatik "amorrua" adierazi nahi izan du gaur Omnium Cultural elkarte subiranistak, eta haserre hori eraldatzeko deia egin die herritarrei: "Bete ditzagun hautetsontziak askatasunez abenduaren 21ean". ANCk auziaren kutsu politikoa nabarmendu du.

Marcel Mauri Omniumeko bozeramaileak Twitter bidez kritikatu du Pablo Llarena epailearen erabakia: "Bihur dezagun haserrea gizarte justu eta batua eraikitzeko energia, eta, batez ere, bete ditzagun hautetsontziak askatasun botoz". Preso politikoak etxera itzuli arte "atsedenik" ez dutela hartuko erantsi du Maurik.

 

 

Agusti Alcoberro ANCko presidenteordeak ere Twitter erabili du bere mezua helarazteko. Horren hitzetan, "oso argi dago hau auzi politikoa dela".

 

 

Erabakiaren aurkako jarrera erakusteko bilkurak deitu dituzte Kataluniako udaletxe guztietan, 20:00etan.

Carles Puigdemont presidente eta JxCat alderdiko zerrendaburuak Bruselako instrukzio epailearen aurrean deklaratu behar izan du gaur, baina tartea hartu du Llarenaren autoa salatzeko. Izan ere, alderdiak kaleratutako mezu bat bertxiokatu du. Txioan preso politikoen askatasuna aldarrikatu eta "etxera bueltatu arte lanean" jarraituko dutela azpimarratu dute.

 

 

ERCk ere Twitterren bota du bere iritzia: "Espainiako Estatuak injustizia berri bat egin du. Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez, etxean nahi zaituztegu, libre nahi zaituztegu".

 

 

Oso bestelakoa izan da Albert Rivera Ciudadanos alderdiko presidentearen balorazioa. Riverak adierazi duenez, bere alderdiak "errespetatu" egiten ditu "beti" epaileen erabakiak, ez alderdi independentisten moduan: "Guk ez ditugu epaileak presionatzen, ez dugu Kataluniako Auzitegi Nagusia inguratzen eta ez ditugu fiskalak estutzen".

Riveraren esanetan, batzuek "demokraziari kolpea eman nahi izan diote, eta justiziak independentziaz erantzun behar du, interes politikoak gorabehera".

Antzeko adierazpenak egin ditu Ines Arrimadas Ciudadanosen zerrendaburuak. Horren ustez, "epaileek esku hartze politiko barik egin behar dute lan".

Miquel Iceta PSCko buruaren ustez, aldiz, "albiste txarra" da Junqueras, Forn, Sanchez eta Cuixart kartzelan mantentzea. Icetak esan du bera beti egon dela buruzagi independentistak badaezpadako kartzelaldian edukitzearen kontra.

Llarenaren erabakiaren kontra mintzatu da Xavier Domenech CatECP alderdiaren Presidentetzarako hautagaia. "Ez da batere bidezkoa badaezpadako espetxeratze horiei eustea, ez zituzten inoiz kartzelan sartu behar", deitoratu du Twitterren botatako mezu batean.

 

 

Xavier Garcia Albiol PPCko presidenteak ontzat hartu du Gorenaren erabakia. Horren hitzetan, "erabakiak agerian utzi du Konstituzioa ez dela luza tenkatu daitekeen txikle bat". Junquerasek epaileari esandakoari erreferentzia egin dio, horrenbestez, buruzagi 'popularrak'. Presidenteorde kargugabetuak Llarenaren aurrean adierazi ei zuenez, "Konstituzioa nahikoa malgua da Kataluniaren subiranotasuna baimentzeko".

 

 

CUPek ere Twitter erabili du Llarenaren erabakia kritikatzeko. "Ezein isunek, ezein bermek, bidezkoa ez den ezein auzik eta ezein errepresio sistemak ezin du duintasuna geldiarazi. Preso politiko guztiak aske, baldintzarik gabe", aldarrikatu dute txio batean.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X