Puigdemont eta bere kontseilarien kontrako euroagindua bertan behera utzi du Gorenak
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak bertan behera utzi du Carles Puigdemont eta harekin batera Bruselan dauden lau kontseilarien (Antonio Comin, Lluis Puig, Meritxell Serret eta Clara Ponsati) kontrako euroagindua, auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez.
Erabakia lehenbailehen jakinaraziko diete Belgikako agintariei. Hain justu, Bruselako instrukzio epaileak atzo entzun zituen Kataluniako buruzagien argudioak, eta erabakia abenduaren 14an iragarriko zuela jakinarazi zuen. Bostak Espainiaratzea agin lezake Belgikako justiziak, baina zein delitu leporatuta zehaztu beharko luke. Hala, gerta liteke diru publikoa bidegabe erabiltzea bakarrik egoztea, sedizio eta matxinada delitua bazter utzita. Horixe saihestu nahi du Llarenak, Belgikak bostei egotzitako delituak murriztu edo mugatzea.
Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen presidentea eta kontseilari kargugabetuak bilatzea eta atxilotzea. Auzitegi Gorenak azaro amaieran hartu zuen bere gain auzia, eta orain etorri da euroaginduen inguruko erabakia. Llarenaren ustez, euroaginduak bertan behera geratu behar dira ikertzen ari dena "batasun juridiko banaezina duen delitu plurisubjektiboa" delako, hau da, erantzun bakarra eman behar zaio kontraesanak saihesteko.
Epaileak ohar batean gogorarazi duenez, aginduok azaroaren 3an eman zituen Lamelak. Gerora "ikertu guztiek bat eginda gauzatu ahal izan dituzten ekintzak jazo dira, denak ere batasun juridiko banaezina dutenak".
Hori horrela, betiere Llarenaren aburuz, "zigor erantzukizunak modu bateratuan zehaztu behar dira, hori egin ezean auziaren sendotasuna hauts daitekeelako eta erantzun kontraesankorrak eman".
'Puigdemontek ez du Belgika utziko'
Euroagindua bertan behera utzi duen arren, Espainiako Estatuan indarrean dago Puigdemont eta lau kontseilari kargugabetuak bilatzeko eta atxilotzeko agindua. Hala, bostak Estatura itzultzen badira, atxilotu egingo dituzte.
Paul Bekaer Puigdemonten eta kontseilarien abokatuak L'Echo Belgikako egunkariari adierazi dionez, presidenteak ez du Belgika utziko, euroagindua bertan behera geratu bada ere.
Bestalde, Jaume Alonso-Cuevillas Puigdemontek Katalunian duen abokatuak uste du beldurrez hartu duela erabakia Llarenak, "Belgikako justiziaren zaplaztekoa jasoko zuelakoan". "Masaileko itzela izango litzateke Europako beste herrialde bateko justiziak Espainian epaiketa justu bat bermatuta ez dagoela esatea", adierazi du.
Alonso-Cuevillasen hitzetan, "epaileak dio delitu jakin batzuengatik Espainiaratuko luketela, eta Katalunian geratu direnak baino egoera hobean geratuko litzatekeela, baina uste dut estradizioa ukatzearen beldur duela Llarenak".
Abokatuak azaldu du Puigdemontek pozez hartu duela erabakia, baina ezin duela Belgikatik atera: "Espainian hanka bat jartzen duenean, atxilotu egingo dute. Hori argi dago".
Carles Campuzano PDeCAT alderdiak Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak ziurtatu duenez, Carles Puigdemont presidentea nahi duenean itzul daiteke Kataluniara eta bere itzulera "erronka demokratikoa" litzateke Estatu espainiarrarentzat.
Belgikako Fiskaltzak bertan behera utzi ditu Puigdemonten eta bere kontseilarien aurkako kautelazko neurriak
Bruselako Fiskaltzak jakinarazi duenez, bertan behera utzi ditu Carles Puigdemont presidenteari eta berarekin batera dauden lau kontseilari kargugabetuei ezarritako kautelazko neurriak, hain justu, Auzitegi Gorenaren erabakiaren berri izan ostean.
"Formalki (lehen instantziako) epailearen erabakia falta da kasua itxitzat emateko, baina kautelazko neurriak bertan behera gelditu dira jada", azaldu dute Bruselako Fiskaltzaren iturriek.
Hauek ziren epaileak ezarri zizkien kautelazko neurriak: instrukzio epailearen baimenik gabe Belgikatik ateratzeko debekua, non bizi ziren esatea edota deitzen zieten audientzia guztietara agertzea.
Orain Belgikan irekitako auzia etetea eskatuko dio Fiskaltzak epaileari, Ministerio Publikoak ohar bidez jakinarazi duenez. Beraz, Bruselako auzitegiak auzi-saio bat deitu beharko du, etete hori ofizialki gauzatu dadin. Oraingoz datarik zehaztu ez badu ere, Ministerio Publikoko iturrien arabera, litekeena da abenduaren 14an, 09:00etatik aurrera, egitea.
Zure interesekoa izan daiteke
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gazte batzuek Felipe VI .a erregearen irudi bati burua moztu ziotela eta
Gertakariak igandean jazo ziren, Ernaik faxismoaren kontra deitutako martxan. Donostiako alkateak eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak ekintzok gaitzetsi dituzte.
Anduezak, estatutu berriaz: "Adostu beharrekoa Konstituzioaren barruan egongo da"
Halaber, jeltzaleei beste abisu bat ere helarazi die: EH Bildurekin hizkuntza eskakizunen inguruan akordioa sinatzea "oso larria" izan zela eta halako "leialtasuna eza" ezin dela errepikatu esan die.
PSOEk irabaziko lituzke hauteskunde orokorrak CIS inkestaren arabera, Ceutako krisiaren ostean bi puntu jaitsi arren
Iraileko CIS inkestak aurreikusi du PSOEk botoen % 31 lortuko lukeela, PPk % 25,5 eta Voxek % 16,6. Alderdi Popularrak lau hamarren egingo luke behera; ultraeskuinak, berriz, 1,3 puntu gora. Halaber, EH Bildu EAJren aurretik geldituko litzateke, hurrenez hurren, botoen % 1,3 eta 0,7 lortuta.
Chivitek agerraldia egingo du asteazkenean Nafarroako Parlamentuan, Belateko obren geldialdia dela eta
Legebiltzarreko Mahaiak premiazko bilkura finkatu du oposizioko hainbat taldek eskatuta, lanak erabat geldirik daudela eta 8,5 milioiko gainkostuaren ordainketa juridikoki blokeatuta dagoela.
Donostiak lore eskaintza batekin omendu ditu frankismoaren biktimak Memoria Historikoaren Egunean
Jon Insausti alkateak ekitaldian azpimarratu du "Donostia erreferentea da memoria demokratikoan", eta berretsi du gerraren eta diktaduraren ondorioz indarkeria, errepresioa eta erbestea jasan zutenei errekonozimendua eta ordaina emateko konpromisoa dutela.
Segurtasunaren gaineko azterketa sakona aldarrikatu du Diez Antxustegik, alarmismoetatik aldenduz
ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan, Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi duenez, beharrezkoa da EAJk eta PSEk eskatutako batzar monografikoa egitea.
Lander Martinez: "Egia da aurrekontuak aurkeztu egin behar direla, eta gu horretan tinko egongo gara"
Sumarreko diputatuak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan nabarmendu du PSOEri beren eskariak mahai gainean jartzeko lanean ari direla. "Aurrekontuak aurrera joaten ez badira, pentsatu beharko dugu zer egin, baina aurrera ateratzen ditugun gauzekin uztailera arte heltzeko moduan gaude", adierazi du.
Pradalesek "erantzukizuna" eskatuko die alderdiei ostegun honetan, nazioartean dagoen ziurgabetasunari aurre egiteko
Lehendakariak gatazka geopolitikoen, inflazioaren eta eraldaketa teknologikoaren testuinguruan kokatuko du politika orokorreko osoko bilkura, eta euskal eredua defendatuko du zerbitzu publikoak, ekonomia eta ongizatea indartzeko bide gisa.
Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko osoko bilkura, zuzenean
09:30etatik aurrera, Eusko Legebiltzarrak ikasturte politikoari hasiera emateko osoko bilkura egingo du.
Albiste izango dira: lehendakaria ELArekin eta LABekin bilduko da, oposizioak irabazi du Suedian eta Euskal Zinemaren Galaren aurkezpena
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.