KATALUNIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Forcadell ez da berriro Kataluniako Parlamentuko presidente izango

Haren iritziz, "garai politiko berri honek" eskatzen du "epaiketarik ez duen pertsona bat"; diputatu gisa jarraitu du, ERCrekin.
18:00 - 20:00
Forcadellek uko egin dio Kataluniako Parlamentuko presidente izateari

Carme Forcadellek (ERC) uko egin dio berriro ere Kataluniako Parlamentuko presidente izateari; izan ere, prentsaurrekoan ostegun honetan azaldu duenez, "garai politiko berriak" eskatzen du "epaiketarik ez duen pertsona bat". Halaber, Ganberaren burujabetzaren alde egin duen lana nabarmendu du, eta esan du baimendu duela "parlamentu-eztabaida egotea, zentsurarik gabe".

"Harro esan dezaket aurre egin diogula zentsurari , ez dugula etsi, eta tinko eutsi diegula gure beharrei, hau da, parlamentu-eztabaida bermatzeari", esan du Forcadellek Kataluniako Parlamentuan. Baieztatu duenez, jarraituko du diputatu moduan, ERCrekin, eta ez du politika utziko, nahiz eta Parlamenteko presidentetzan ez jarraitzeko erabaki pertsonala hartu duen.

Forcadell auzipetuta dago, egun, eta behin behineko askatasunean, matxinada egotzita, Auzitegi Gorenak bideratutako auzi batean; haren iritziz, Ganberako presidente berriak ez luke izan beharko inolako loturarik auziren batekin. Esan duenez, ez daki zein ekimen aurkeztuko diren hastear dagoen legealdi berrian.

Presidente berriak, Forcadellen iritziz, "Kataluniako Parlamentuaren burujabetzaren alde egin beharko du"; une honetan, alderdi independentistak eztabaidatzen ari dira ea aukerarik dagoen, Araudia ikusita, Carles Puigdemont modu telematikoan inbestitzeko.

"Zentsurari noizbait atea irekitzen badiogu, ezin izango dugu ate hori itxi; erakunde honen buruan dagoenak bermatu behar du kaleko eztabaida guztiek aukera izatea Ganberan ere egoteko", esan du.

Ekimen- eta adierazpen-askatasunaren aldeko lana

Forcadellek Parlamenteko presidente moduan egindako lana goraipatu du, eta esan du Ganberaren burujabetzaren alde egin izan duela beti: "Ekimen- eta adierazpen-askatasuna defendatzeko lan egin izan dut, dagokion moduan jardun dut", nabarmendu du.

Espainiako Gobernuak eta Estatuak berak ez dute nahi "hitza eta elkarrizketa" protagonista izatea; horren aurrean, Forcadellek adierazi du aurreko legealdiko "erronka nagusia" Parlamenteko burujabetzari eustea izan zela; bere iritziz, hala egin zuten, 155. artikuluak Ganbera deuseztatu zuen arte.

Dena dela, Forcadellek onartu du hainbat "marra gorri" gainditu zituztela, ikuspegi politiko batetik ikusita, eta akatsak egin izateko aukera dagoela; izan ere, gauzak "beti ahal dira hobeto egin".

Forcadellek ez du "jarduera politikorik" baloratu nahi izan, esate baterako Puigdemonten balizko inbestidura telematikoa, eta aseguratu du inork ez diela eskatu Ganberako abokatuei aukera horren gaineko txostenik, ez berak ez parlamentu-talderen batek.

Ziklo baten amaiera

Parlamentuko presidentzia legealdi "labur, ez ohiko, bizi eta tentsio handi" baterako onartu zuela aitortu du, eta karguan berriz errepikatzeari uko eginda "zikloa" ixten duela esan du.

Bestalde, abenduaren 21eko hauteskundeak baino lehen etorkizunari buruzko gogoeta eginda zuela esan du, eta kargua uzteko aukera "esan beharreko pertsonari esan ziola" gaineratu du.

Era berean, bere burua Kataluniako Gobernu berriaren barruan ikusten ote duen galdetuta, Forcadellek esan du "oraingoz" ERCko diputatu gisa baino ez dela ikusten.

 

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X