Erreakzioak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

JxCat eta ERC aurrez aurre, Torrentek inbestidura saioa atzeratu duela eta

Inbestidura berriro deitzeko eskatu dio Puigdemonten alderdiak Parlamenteko presidenteari. CUP bakarrik agertu da Ganberan, inbestidura saioa hastekoa zen orduan.
Kataluniako Parlamentuaren Mahaiaren bilera. EFE
Parlamentuko Mahaia, bilduta, Torrentek iragarpena eta gero. EFE

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak gaur iragarritakoak, Puigdemonten inbestidura atzeratzearen erabakiak, hautsak harrotu ditu Junts per Catalunya (JxCat) alderdiaren barruan, uste baitu badaudela "baldintza politikoak" bilkura gaur egiteko.

Salatu duenez, gainera, Torrentek ez die erabakia aldez aurretik jakinarazi: "Torrentek ez digu erabakiari buruz galdetu, ezta jakinarazi ere".

Halaber, Puigdemont ez den beste hautagairik ez aurkezteko Parlamentuko presidenteak hartutako konpromisoa ontzat hartu dute.

ERCk, ordea, Torrentek erabakia defendatu du. Oriol Junqueras alderdi errepublikanoko presidenteak txioa bota du kartzelatik Torrenti eskerrak emanez. "Eskerrik asko presidente demokratikoki aukeratutako diputatu guztien eskubideak defendatzeagatik. Eskerrik asko Kataluniaren, demokraziaren eta erakundeak berreskuratzearen alde erakutsitako konpromisoagatik", idatzi du

 

 

Sergi Sabria ERCko bozeramaileak ere atzerapena babestu du, inbestidura "modu erreal eta eraginkorrean" egin behar dela iritzita.

Horrez gain, Parlamentuko presidentearen gertukoek azaldu dutenez, Torrentek "bost aldiz deitu" dio Puigdemonti, baina hautagaiak ez omen dio hartu. JxCATeko iturriek esan dute presidentegaiak ez duela mezurik edo deirik jaso, eta Torrentek berarekin hitz egin nahi bazuen egiteko "mila modu" zituela.

Inbestidura berriro deitzeko eskatu dio JxCatek Torrenti

Inbestidura saioa atzeratzeko erabakia  aldatzeko eskatu dio Eduard Pujol JuntsxCateko bozeramailearen ondokoak Roger Torrent Parlamenteko presidenteari, are gehiago Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena ikusita, eta independentismoari “batasuna” eskatu dio.

Diputatuen eskubideak defendatzeko Torrenten “sen ona eta egokia eta bere eskumenen erabilera legitimoa” aldarrikatu ditu Pujolek; horregatik, inbestidura saioa berriz deitzea eskatu dio.

Nahiz eta saioa atzeratzeko borondatearen berririk ez izan, independentismoaren batasunaren aldeko apustua egin du JxCateko ordezkariak: “Batasuna ez den beste agertokirik ezin da izan. Carles Puigdemonten inbestidura posible egingo dugun 68 diputatuek jakin badakigu”.

Gemma Geis diputatuaren hitzetan, Konstituzionalaren erabakiak Giza Eskubideen Europako Auzitegira (GEEA) jotzeko atea zabalik utzi du.

CUP bakarrik agertu da Ganberan, inbestidura saioa hastekoa zen orduan

CUPeko diputatuak soilik sartu dira Parlamentean, 15:00etan, inbestidura saioa atzeratzeko erabakiaren aurka protesta egiteko. Azkenik, JxCat ez da azaldu.

Carles Riera, Natalia Sanchez, Vidal Aragones eta Maria Sirvent CUPeko lau diputatuak Ganberan sartu dira, kamera eta kazetari mordoaren aurrean.

Parlamentariak euren eserlekuetan jarri dira, eta ukabila altxatu dute. Aldi berean ukabilaren ikurrarekin kartelak erakutsi eta eserlekuetan jarri dituzte. Ondoren hemiziklotik atera dira.

CUP PARLAMENT PROTESTA EFE

Carles Riera, Natalia Sanchez, Vidal Aragones eta Maria Sirvent CUPeko lau diputatuak. Argazkia: EFE

ANCk alderdiei ohartarazi die: "Ez dugu borroka fratrizidarik onartuko"

Bestalde, Agusti Alcoberro Kataluniako Asanblada Nazionaleko (ANC) presidenteordeak alderdi independentisten batasuna eskatu du, erakundeak Parlament inguruan antolatu duen elkarretaratzean. “Ez dugu borroka fratrizidarik onartuko”, adierazi du.

ANCk elkarretaratzea deitu du 14:30erako Sant Jaume plazan, Generalitateko egoitzatik Parlament ingurura abiatzeko. Inbestidura saioa jarraitzeko pantailak jarri dituzte antolatzaileek. Baina Torrentek inbestidura saioa atzeratu du, “berme demokratikoak izan arte”.

“Gure indarra jendea da, baina baita batasuna ere. Borroka fratrizidarik ez dugu onartuko; senideen arteko edozein istilu eragotziko dugu. Guztiak baturik egotea beharrezkoa da”, esan du Alcoberrok manifestarien aurrean.

Bien bitartean, Miquel Iceta PSCko buruzagiak errespetua azaldu dio Torrentek hartutako erabakiari eta Puigdemonti "pauso bat atzera egiteko" eskatu dio.

Icetak uste du Parlamentuko presidenteak hartutako erabakia "zuhurra" dela eta legea eta ebazpen judizialak errespetatzen diren "seinale ona" dela. Buruzagi sozialistaren ustez, lehenbailehen eratu behar da Kataluniako Gobernua, elkarrekin hitz eginda eta "agintea errespetatuta" betiere.

Goizean inbestidura saioa bertan behera uzteko eskaera egin dio Icetak Torrenti.

Xavier Garcia Albiol PPCko presidentea Ciutadans alderdiari zuzendu zaio Torrenten erabakiaren berri izan eta berehala: "Utz diezaiola estatua bat izateari eta aurkez dezala hautagai konstituzionalista bat".

Albiolen esanetan, Parlamentuko presidenteak bilera sorta berri batera deitu beharko lituzke taldeak, beste hautagai bat posible den aztertzeko. Horren harira iragarri duenez, bilera eskatu die Ciutadans, PSC eta Catalunya En Comun-Podem alderdiei.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X