Bilera
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eskualdatu gabeko eskuduntzen egutegia izan dute hizpide Erkorekak eta Batetek

15:00etan Transferentzien Batzorde Mistoa bilduko da. AP-1 autobidearen Armiñon eta Burgos arteko zatia eta Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbo-Basauri trenbide lineak EAEren esku utziko ditu Espainiak.
Batet eta Erkoreka, gaur goizean, Bilbon. Argazkia: EFE.
Batet eta Erkoreka, gaur goizean, Bilbon. Argazkia: EFE.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eta  Meritxell Batet Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak bilera pribatu bat egin dute, gaur goizean, Bilbon. Gasteizko Gobernuak ohar bidez jakitera eman duenez, "bi gobernuen artean negoziatzeke dauden 37 eskumenen gaineko lan egutegiaz hitz egin dute" batzarrean.

Bi buruzagiok arratsaldean elkartuko dira, berriz, Transferentzien Batzorde Mistoan. Zazpi urtez egon da batzorde hori bildu gabe.

Joan den asteartean, azaroaren 20an, AP-1 autobidearen Armiñon eta Burgos arteko zatia eta Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbao-Basauri trenbide lineak EAEren esku uzteko "aurreakordioa" hitzartu zuten Madrilek eta Gasteizek, eta gaurko bileran gauzatuko dituzte transferentzia horiek.

Pedro Sanchezen Gobernuak "pozik" hartu zuen aurreakordioa, PPren agintaldian "zazpi urteko atzeraldia" izan ondoren, eta Jaurlaritzak ere txalotu egin zuen akordioa, bi administrazioen arteko "negoziazioa desblokeatzea ahalbidetzen duelako", oraindik transferitu gabe dauden transferentziei begira.

Egutegia

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak duenez, gaur arratsaldeko bileran Espetxeen eta Gizarte Segurantzaren eskuduntzak eskualdatzeko "egutegi bat" mahai gainean jartzea nahi du Eusko Jaurlaritzak.

"Egutegi bat proposatu beharko lukete, gutxienez, eztabaidari ekiteko", esan du sailburuak. Horren hitzetan, Gasteizko Gobernuak eskatzen duena "ez da behin betiko egutegi zehatz bat, transferitu beharreko eskuduntzen lehentasuna ezarriko duen gutxi gorabeherako planifikazio bat baizik".

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Tapiak esan du gaurko bileran adostuko diren transferentziak ez direla Jaurlaritzarentzat "pisu politiko handiena" dutenak. Halere, "zazpi urtez eskuduntzen inguruan aurrerapausorik eman gabe" egon eta gero, gaurkoa urrats "garrantzitsua" dela esan du, "beste jokaleku bat zabaldu delako".

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X