Transferentziak negoziatzeko egutegia jaso du Jaurlaritzak
Gernikako Estatutuan jasotako transferentzien negoziazio egutegia ezagutu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Egutegi horretan, hurrengo 12 hilabeteetan landu beharreko gaien edukia eta negoziaziorako datak zehaztu ditu Espainiako Gobernuak.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurreko batean iragarri duenez, otsailaren hasieran jasoko dute aurreneko "proposamena", lehendabiziko zazpi transferentziak eskualdatzeko.
Alabaina, Erkorekaren esanetan, "egutegiak ez du Gizarte Segurantzaren Ekonomia Erregimenaren Kudeaketa (19.2 artikulua) barne hartzen". "Puntu horretan, bi gobernuen arteko desadostasuna erabatekoa da, gure lehentasunetako bat delako", adierazi du Erkorekak.
Gauzak horrela, Jaurlaritzako bozeramaileak ziurtatu du sentsazio "gazi-gozoak" dituztela, egutegia jaso badute ere, bi gobernuen arteko "desakordioa" begi-bistakoa baita. "Ez dira eskumen guztiak azaltzen, eta gainera, espetxe politikaren gaineko transferentziak ez du lehentasunik", laburbildu du.
"Jaurlaritzarentzat transferentzia horrek lehentasuna dauka, eta horixe jakinarazi diogu Gobernuari. Izan ere, ez dugu ulertzen Espainiako Gobernuak Martuteneri eta Zubietako kartzela berriari buruzko erabakiak bere kasa hartu izana", gaineratu du.
Kezka eta aurkakotasuna izan dira, beraz, Erkorekaren prentsaurrekoan indarra hartu duten bi hitzak.
Halaber, Erkorekak azpimarratu du Euskadiri dagozkion 33 transferentziak eskualdatzeko "nahikoa denbora" dagoela, Pedro Sanchez 2020 ekainera arte egongo omen delako presidente karguan.
"Argi dago bidean zailtasunak eta oztopoak aurki ditzakegula, beraz, ezin dugu eskumen guztiak eskualdatuko direnik ziurtatu", esan du.
Dena dela, pozik azaldu da Espainiako Gobernuak Jaurlaritzak aspaldidanik egindako eskaria gauzatu duelako, alegia, 37 transferentzien eskualdatzea martxan jarri duelako.
Egutegi horretan, baina, ez dira Jaurlaritzak exijitutako lau eskumen agertzen: Lan eta Segurtasun Ikuskaritza, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionala. Itsasoko Gizarte Institutua eta erregimen ekonomikoaren kudeaketa, hain justu.
Epeka sailkatuta, egutegiak zehazten du martxorako ondorengo transferentziak izango dituela Euskadik: Produktu farmazeutikoen legedia, eskola asegurua, enplegu erregulazio espedienteengatik kaltetutako langileen erretirorako aurretiko laguntzak, aldirietako eta FEVEko trenbide zerbitzuen bi linea, eskola ibiltariak, herri lanen ikasketa zentroa eta berrikuntza teknologikoak.
2019ko uztailerako, berriz, gai hauei eutsiko diete: errepide garraioa, AP-68 autobidea, segurtasun zerbitzu pribatuak, aseguruak, kreditua eta banka, itsas salbamendua, laborantza aseguruak, Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatean partaidetza, zinematografia babes funtsa, meteorologia eta ikerketa zentroak eta laguntza teknikoa.
Bukatzeko, 2020ko urtarrilerako espetxe politikarekin, immigrazioarekin, kostaldearen kudeaketarekin, kreditu ofizialarekin, unibertsitateko atzerriko ikasketekin eta ISBNren eta ISNNren esleipenekin lotutako akordioak itxi nahi dituzte.
Ordurako, baita, aireportuekin, balio merkatuekin, turismo paradoreekin, gidatzeko baimenekin eta ibilgailuen matrikulazioekin, udal hauteskunde erregimenarekin, interes orokorreko portuekin, hidrokarburoekin, arrantza produktuen merkatuarekin eta itsas ikuskaritzarekin zerikusia duten transferentziak jasoko ditu Euskadik.
EH Bildu: "Hau adarjotze bat da"
Bestalde, EH Bilduk uste du eskumenak transferitzeko Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari bidali dion negoziazio-egutegiak ez duela inolako sinesgarritasunik.
"Urtebetean ez dakit zenbat eskumen Eusko Jaurlaritzaren esku utziko dituztela esatea adarra jotzea da, ez du inolako sinesgarritasunik. Alde batetik, historiak hala dela erakusten duelako, eta bestetik, inork ezin dezakeelako ziurtatu urtebete barru Pedro Sanchezek Moncloan jarraituko duen", ohartarazi du Pello Urizarrek.
Halaber, Gizarte Segurantzaren eskumena berriro ere kanpoan geratu izana kritikatu du: "Argi dago PPk ez ezik, PSOEk ere ez duela inolako asmorik Gernikako Estatutua osorik betetzeko eta Gizarte Segurantzaren eskumena transferitzeko, nahiz eta PSEk Urkullurekin sinatu zuen gobernu akordioan hori lehentasunezkoa zela esaten zuen. Genekiena baieztatu dute: EAJ-PSE akordioaren balioa hutsaren hurrengoa da".
EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, "aferaren oinarrian Euskal Herria eta Espainiaren arteko harreman eredua dago, menpekotasunean oinarritzen den eredua, hain zuzen ere; Madrilen erabakitzen dute Estatutua, lege organiko bat, bete ala ez, eta gaur, azken 40 urteotan bezala, argi utzi dute berriro ez dutela bete nahi".
Urizarren iritziz, transferentzien kudeaketa "onartezina da, hemen galtzen ateratzen garenok Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritar guztiok garelako, gure ongizatea hobetzea ekarriko luketen tresnak ukatzen zaizkigulako".
Hori horrela, "hemen irtenbide bakarra dago, Estatus Politiko Berriaren oinarrietan jaso genuena, hain justu: Estatus Berria behar dugu, berdinen arteko harremana, gure eskumen eta eskubide guztiak blindatu ahal izateko. Hori da modu bakarra euskal gizartearen ongizatea hobetzeko bidea gutxieneko bermeekin egiteko", erantsi du.
Mendia: "Alderdi Sozialistak Estatutua betetzeko konpromisoa erakutsi du"
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren iritziz, ostera, "Alderdi Sozialistaren gobernuak ahalbidetzen dute Gernikako Estatutua betetzeko transferentziak egitea".
Mendia pozik agertu da eskumenak transferitzeko egutegia prest dagoelako, eta azpimarratu du Pedro Sanchezen Gobernuak egin duela egutegi hori.
"Beste behin ere argi geratu da sozialistok Estatutua betetzeko dugun konpromisoa", nabarmendu du.
Covitek Espainiako Gobernuaren erabakia salatu du
Espetxeen eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku utzita, Espainiako Gobernuak "EAJren xantaiaren aurrean amore eman" duela esan du Covite terrorismoaren biktimen elkarteak.
"Beti egin diote uko kartzelari izateari eta espetxeak kudeatzeari, baina orain kartzelari izan nahi dute, preso dauden ETAko kideak espetxetik ateratzeko, hots, inpunitatea izateko", adierazi du Consuelo Ordoñozek ohar batean.
"Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak ETArekin negoziatu zuen ibilbide-orria betetzeko azken exijentzia da hori; beste biak beteta daude jada: ETAren beso politikoaren legalizazioa eta garaile eta galtzailerik gabeko amaiera", erantsi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.
Ceutan, desagertutako senideen bila ari dira familia ugari, eta gorpuak identifikatzeko toki bat ireki dute
Oraingoz, 72 hildako zenbatu dituzte, baina urpekariek gorpu gehiago aurkitu dituzte.
Ceutako muga normaltasuna berreskuratzen ari da pixkanaka, baina hildakoak 67 dira jada
Migratzaile batzuek esan dute berriro saiatuko direla, eta "Poliziaren estrategia" kritikatu dute, saltokiei ixteko eskatu dietelako. 50.000 etorkin inguru itzuli dira Marokora.
Zergatik alda dezake hesi berriak Ceutako mugaren kudeaketa?
Azpiegitura berriak 500 metro ditu, eta berehalako itzulketen inguruko auzi juridiko bati erantzun nahi dio.
Marlaskaren arabera, Maroko "ez da mehatxua", eta Ceutara iritsitako migratzaileek ezingo dute euren egoera erregularizatu
Barne ministroak adierazi du Espainiako Gobernua lanean ari dela uztailaren 30ekoa bezalako sarrera masiborik berriro gerta ez dadin, baina onartu du ezin duela bermatu halakorik berriro ez gertatzea.
Sanchezek EBko Barne ministroen premiazko bilera eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren harira
Espainiako Gobernuko presidenteak "kezka larria" helarazi dio Ursula von der Leyeni Europako zenbait gobernuren erreakzioagatik, eta Italiak iragarritako mugen itxiera gogor kritikatu du.
Espainiako Gobernuak hesi bat jarri du Ceutan, mugako morruan
Auzitegi Gorenak ebatzi zuen "mugako elementuak" gainditzen dituztenak bakarrik itzul daitezkeela heldu eta berehala. Hesia jarrita baldintza hori bete nahi dute.
Milaka migratzaile Marokora itzuli dira jada, Ceutara masiboki iritsi ondoren
Armadak bere tankeak jarri ditu kai-muturretik hirirako sarbidean, sakabanatzea eragozteko. Hildako etorkinak 57 dira jada. Pedro Sanchezek Espainiaren lurralde-osotasuna urratu dutela salatu du Ceutatik.
Italiak Schengen akordioa eten du Espainiarekin, eta kontrolak ezarri ditu portu eta aireportuetan
Gutxienez hilabetez, kontrolak ezarriko dizkie Espainiatik doazen eta europar jatorria ez duten bidaiariei; Europar Batasuneko gainerako herrialdeetatik doazenek, berriz, ez dituzte kontrol horiek gainditu beharko.