Epaiketa prozesu soberanistari
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Romeva: 'Europaren printzipioak mehatxatzen dituztenak akusazioen artean daude'

Bestalde, independentzia aldarrikapena “borondate politikoaren adierazpen” bat izan zela azaldu du Jordi Turull Presidentetzako kontseilari ohiak Auzitegi Gorenean.
18:00 - 20:00
Romeva: 'Preso politiko bat naiz'

Europaren printzipioak, hala nola, askatasuna eta berdintasuna, defendatzen dituzten politikariak akusatuen aulkian izatea deitoratu du gaur Raul Romeva Governako Kanpo Ekintza kontseilari ohiak; bitartean balio horiek “mehatxatzen” dituztenak akusazioen artean eserita daude. Romevaren ahotan, horrek “demokratak haserretu beharko lituzke”.

Zentzu horretan, bera bezala Europaren balioak defendatzen dituztenak gaur akusatuen aulkian izatea “kezkagarria” dela uste du Atzerri kontseilari ohiak. Aldi berean, printzipio horiek mehatxatzen dituztenak “akusazioen artean esertzea” kritikatu du Romevak, Voxen herri-akusazioari erreferentzia argia eginez.

“Horrek demokratak haserretu beharko lituzke, ez bakarrik independentistak; bizitzen ari garen errealitate hain paradoxikoa ulertzen zaila da”, gaineratu du.

Proces auziko epaimahaiaren aurrean, Romevak “preso politiko” bezala aurkeztu du bere burua. Horrela, aurretik Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohiak egindakoa errepikatu du Romevak, eta ez die Fiskaltzaren galderei erantzun. “Epaiketa politiko baten” aurrean dagoela esan du kontseilari ohiak.

Aulkiko kideek orain arte egin bezala, Kataluniako prozesu soberanistan indarkeriarik erabili ez dutela esan du Romevak, “desiragarria” soilik ez, “benetan zentzuzkoa” ez delako baizik.

Romevaren hitzetan, Governak ez zuen “sekula indarkeria bultzatu”: “Erabat ukatzen dut”. “Errepresioaren aurrean, indarkeriarik ez”, hori izan zen Generalitateak zabaldu zuen “agindu zibiko, politiko eta instituzionala”, kontseilari ohiaren arabera. Ez bakarrik uste ideologikoagatik, “bidezko helburua lortzea errazagoa zelako, mekanismo ez biolentoak erabiliz”, erantsi duenez.

“Indarkeria desiragarria bakarrik ez, guztiz baztertu beharrekoa da, benetan ez delako batere zentzuzkoa”, adierazi du kontseilari ohiak. Romevari 16 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu dute, matxinada eta diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzita.

Romeva: "Arma bakarrak Guardia Zibilarenak izan dira"

Romevaren ahotan, “arma bakarrak Guardia Zibilarenak izan dira”. Horregatik, “altxamenduaz hitz egitea kaltegarria da, gertakariek kontrakoa demostratzen dutelako”, gaineratu du.

Atzerri kontseilari ohiaren esanetan, U-1ean indarkeria izan zen, baina Segurtasun Indarren aldetik; justifikaziorik gabe, “gordintasunarekin”, eta herritarren “kalterako” erabili zuten indarkeria. Horren aurrean, herritarrek “erresistentzia baketsuarekin” erantzun zutela goraipatu du Romevak. “Biktima zibil ugari izan ziren, mila bat inguru”, salatu du.

“Ez da herrialde demokratiko baten Polizia demokratiko baten jokabidea”, azaldu du. “Espainiako demokraziaren historian orban handia da”, esan du.

Bestalde, diru publikoak bidegabe erabiltzea leporatzea “eldarnioa” dela uste du Atzerri kontseilari ohiak, Kontseilaritzaren gastu guztiak “legezko ekimenetan” izan direlako.

Romevaren hitzetan, akusazioak zerrendatu dituen gastu gehienak “hitzaldiak, mahai-inguruak…” dira.

“Europako Parlamentuan hitzaldi bat ematea nola izan daiteke legez kontrakoa? Are gutxiago, urraketa bat”, esan du ERCko diputatuak. “Ezkutatzeko ezer ez dut”, azpimarratu du.

Azkenik, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuaren inguruan 2010ean hartutako erabakia prozesu soberanistan “une garrantzitsua” izan zela gogorarazi du gaur Romevak, “haustura emozional dramatikoa” izan baitzen.

“Ni 2010era arte, beste asko bezala, ez nintzen independentista, federalista baizik”, azaldu du Romevak.

18:00 - 20:00

Bestalde, Parlamentak 2017ko urriaren 27an onartu zuen aldebakarreko independentzia aldarrikapena “borondate politikoaren adierazpen” bat izan zela azaldu du Jordi Turull Presidentetzako kontseilari ohiak, “herriko gehiengoaren iritziaren isla”.

Besteak beste, Jaime Moreno fiskalaren galderei erantzun die kontseilari ohiak. Carles Puigdemonten Governak U-1ko erreferendumaren emaitzak Parlamentera eraman zituela azpimarratu du kontseilari ohiak Gorenean. Ondoren, “adierazpen politiko” bat bozkatu zutela gaineratu du.

Joaquim Forn Barne kontseilari ohiak iragan astean markatutako ildoari heldu dio Turullek. Horrela, 2017ko urriaren 6an, galdeketa egin eta egun batzuk geroago, berak, Oriol Junqueras presidenteorde ohiak eta Raul Romeva Atzerri kontseilari ohiak U-1ko emaitzak Parlamentera eramatea eskatu zutela onartu du.

Turullen ahotan, “zehaztasun juridiko-parlamentarioak alde batera utzita”, independentzia aldarrikapena “borondate politiko baten adierazpena da, herriko gehiagoaren iritziarekin bat”.

“Independentzia adierazpen bat zen? Ez zen bakarrik formala izan?”, galdetu dio fiskalak. “Borondate politiko baten adierazpena” eta “adierazpen politiko” bat dela berretsi du kontseilari ohiak.

Esquadra Mossoek erabaki judizialak ez betetzeko aukera sekula “burutik pasa” ez zitzaiela ziurtatu du Turullek.

Carles Puigdemonten Governa “azken minutura arte” U-1ko erreferenduma Exekutibo zentralarekin “adosten” saiatu zela adierazi du Presidentetzako kontseilari ohiak. Gainera, “erreferendumean eurorik xahutu” ez zutela ziurtatu du.

Epaiketaren bosgarren saioa asteazken honetan, 10:00etan, hasiko da. Rull galdekatuko dute, ondoren Bassa eta Borras.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X