Josu Urrutikoetxea atxilotu dute, Frantzian
Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi politiko ohia atxilotu dute gaur Frantzian, Espainiako Barne Ministerioak ohar labur batean baieztatu duenez. Operazioan, beste pertsona bat ere atxilotu dute.
Oharraren arabera, Frantziako Alpeetan, Sallanches herrian, egin dute atxiloketa Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak. Oharrean zehaztu dutenez, goizeko lehen orduan atxilotu dute Josu Urrutikoetxea ospitalerako bidean zihoala.
Behin atxilotuta, Jendarmeriako mediku batek miaketa egin diezaiola eskatu du, eta ondoren, ospitalera eraman dute, Parisko Fiskaltzaren iturriak aipatuta Efe albiste agentziak jakinarazi duenez.
Bestalde, Europa Press albiste agentziaren arabera, Frantziako Poliziak galdeketa egin ostean aske utzi du Urrutikoetxearekin zioan gizona.
Fernando Grande-Marlaska jarduneko Espainiako Barne ministroak azaldu duenez, "kalean" atxilotu dute, aparkaleku batean. Haren osasun egoeraz galdetuta, atxiloketaren unean kalean, oinez, atzeman dutela eta, beraz, "itxuraz" dagoela ondorioztatu du. Atxiloketaren unean berarekin zegoen pertsonari dagokionez, Urrutikoetxearekin izan dezakeen harremana ikertuko dutela zehaztu du.
Sallanches udalerriko auzapezak France Bleu irrati katean emandako informazioaren arabera, ospitaleko aparkalekuan atxilotu dute, haren esanetan, osasun arazoak dituelako eta sarri joaten delako ospitalera.
Ugaon 1950eko abenduaren 24an jaio zen Urrutikoetxea, eta 2002tik zegoen ihes eginda.
ETAko kide historikoa izandakoa, erakunde armatuak abiatutako hainbat negoziaziotan hartu du parte. Besteak beste, Aljerreko elkarrizketetan edota PSOErekin 2006an Suitzan egindakoetan izan zen. 2018ko maiatzaren 3an berak eta Marixol Iparragirrek irakurri zuten ETAk bere amaiera iragartzeko egindako azken agiria.
2002tik ihes eginda
Urrutikoetxea 1989an atxilotu zuten lehen aldiz, Baionan. Frantziako justiziak 10 urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta 1996an Espainiako Estatuaren esku utzi zuen. Zigorra beteta, 1998an geratu zen aske. 2000 eta 2002. urteen artean Euskal Herritarrok (EH) taldeko legebiltzarkidea izan zen.
ETAk Zaragozako kuartel-etxearen kontra egindako atentatuarekin zerikusia zuelakoan, Auzitegi Gorenak (legebiltzarkide izaki) deklaratzera deitu zuen 2002ko azaroan. Agertu ez zenez, hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen nazioartean. Hain justu, agindu horren harira atxilotu dute gaur.
Espainiako justiziak 2017an auzi-ihesean epaitu zuen Urrutikoetxea: zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion. Frantziak, bestalde, zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion 2010ean.
Auzitegi Nazionalak 'Ternera' espainiaratzeko eskatuko du
Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxearen espainiaratzea eskatuko du lau auzirengatik epaitua izateko, atxilotzeko eta espetxeratzeko nazioarteko agindua baitauka, auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez.
Besteak beste, 1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartel baten aurkako atentatua agindu izana egotzi zioten; horretan, 11 lagun hil ziren, sei haur, tartean. 2002an Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko Instrukzioko epaitegi zentralak atentatu horrengatik prozesatu zuen.
Halaber, ETAk 1980an Luis Maria Hergueta Guinea Michelin enpresako agintariaren hilketa agindu izana egotzi zioten, eta 2005ean Auzitegi Nazionaleko 1. zenbakiko Instrukzioko epaitegi zentralak auzipetu zuen.
Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko Instrukzioko epaitegi zentralak gizateriaren aurkako delituak ere egotzi dizkio, 2004tik aurrera ETAko bost agintarik agindutako atentatuengatik.
Erreakzioak
Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria izan da Urrutikoetxearen atxiloketari buruzko iritzia ematen lehena. "Zuzenbide-estatuak normaltasunez funtzionatzen du eta gaizkileak atxilotu egiten ditugu", esan du. Gerora, errenkadan etorri dira Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren jarduneko presidentearen erreakzioa zein beste buruzagi politiko batzuena ere, Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariak, tartean. Halaber, alderdi politikoek ere beren balorazioa egin dute, EH Bilduk eta Sortuk, besteak beste.
Zure interesekoa izan daiteke
Italiatik datozen bidaiarien kontrol aleatorioak egiten jarraitzen dute Bilbon
Larunbat goizean ezarri dituzte kontrolak Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan, aldiz, ordu batzuk lehenago hasi ziren ausazko kontrolak egiten.
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.