Sanchezek ez du lortu gehiengo osoa lehen bozketan
Pedro Sanchezek ez du lortu lehen bozketan gehiengo osoa emango lioketen 175 botoen muga gainditzea, hortaz, Espainiako Presidentetzarako hautagaiak ez du babes nahikoa lortu. Espero zen moduan, Sanchezek aldeko 166 eta kontrako 165 boto jaso ditu, 18 abstenitu egin dira.
Hala, Kongresuko araudiari jarraituta, bigarren bozketa asteartean egingo dute, 12:45ean. Orduan, ezustekorik ez badago, Sanchezek babesa lortu eta presidente kargua hartu ahal izango du.
Hauek dira igande honetan aldeko botoa eman duten alderdiak: PSOE, Unidas Podemos, EAJ, Mas Pais, Compromis, NC, Teruel Existe eta BNG; aurka PP, Vox, Cs, JxCat, UPN, CUP, PRC, Foro eta CC alderdiek bozkatu dute, eta ERC eta EH Bildu abstenitu egin dira.
Inbestidura eztabaidako bigarren saioko azken hitzaldian, eta lehen bozketa egin baino lehentxeago, Pedro Sanchez jarduneko Gobernu espainiarraren presidente eta inbestidurako hautagaiak "neurriz jokatu eta aurrera" egiteko eskatu die PSOEko eta Unidas Podemoseko diputatuei, eskuinaren "Apokalipsiaren" koalizioaren aurrean, eta, horrela, legealdi berrian "politika" aldarrikatu eta "itxaropenaren onena" ateratzeko.
Halaber, Sanchezek eskuina baztertzea eskatu du, hain zuzen, eskuinaren "gorrotoan eta bere zuri-beltzeko Espainian" baztertzea eskatu du, koalizio-gobernuan itxaropena dagoelako, ez dagoelako "inoren izenean oinarrituta, baizik eta herritarren gehiengoak babestutako printzipio eta baloreetan".
"Gorrotoa haiei utz diezaiegun, ez dute inoiz galtzen ikasi, eta orain badakite badagoela moderazioa, zorroztasuna eta errespetua ordezkatuko duena koalizio progresista dela, eta datozen lau urtetan aurrean egongo dela", nabarmendu du Sanchezek.
Gainera, hautagaiak azpimarratu du aro berrian erantzukizuna, leialtasuna nagusi izango direla, "iraintzen dutenekin ere hitz egin, hitz egin eta hitz egiteko asmoarekin", esan du eskuineko alderdiei zuzenduta.
Bozketaren ostean, Kongresuko korridoreetan, Pedro Sanchez ziur agertu da Gobernuko presidente izendatuko dutela, eta hala ziurtatu die kazetariei "noski baietz!" esanda.
Inbestidura eztabaidako bigarren eguna
Lehen eguneko saioa bukatu eta 12 ordu baino gutxiagoren ostean, EH Bildu izan da inbestidura eztabaidaren hurrengo saioa ireki duen talde parlamentarioa, Diputatuen Kongresuan.
Hitzaldian, ezker independentistarik gabe ezingo duela gobernua osatu gogorarazi dio Mertxe Aizpuruak Pedro Sanchezi. Horren ildotik, ohartarazi dioenez, ez badu Estatua demokratizatzen eta nazioaniztasuna eta autodeterminazio eskubidea ez baditu errespetatzen, aurrean izango du EH Bildu.
Aizpuruaren hitzaldia etengabe moztu dute PP, Ciudadanos eta Voxeko diputatuek botatako oihuek eta irainek, batez ere bozeramaileak Arnaldo Otegi aipatu duenetik aurrera. Eskuineko eserlekuetatik, zenbait diputatuk "hiltzaileak" eta "terroristak" oihukatu diote Aizpuruari.
CUP
Mireia Vehi CUPeko diputatuak justifikatu egin du bere alderdiak Sanchezen hautagaitzaren aurka emango duen ezezko botoa, hautagai sozialistak ez baitu aministia eta autodeterminazioa babesten, alegia, gatazka katalana konpontzeko bide bakarra, bere ustean.
"Huts egingo genieke gure hautesleei norabide horretan ez dihoan inbestidura bat babestuko bagenu", esan du talde mistoaren barruan egokitu zaion txandan.
Navarra Suma
Sergio Sayas Navarra Sumako diputatuak ere Pedro Sanchezen hautagaitzaren aurka egin du, EH Bilduko bozeramaileari emandako erantzunagatik. Sayasen ustean, Sanchezek "konplexuz betetako" erantzuna eman dio Aizpuruari, eta "otzan eta belauniko" agertu da.
"Demokraziatik kanpo dagoen alderdirik baldin badago, Bildu da, hain zuzen ere", esan du Sayasek inbestidura eztabaidako bigarren saioan. Era berean, Gobernua "betirako" eta "edozein gauzaren truke" ziurtatzeko helburuarekin koalizio abertzalea "zuritu" nahi izatea gaitzetsi du Navarra Sumako bozeramaleak.
PSOE
Inbestidura saioetan azken hitza duen talde parlamentarioa hautagaiarena izaten da. Gauzak horrela, Adriana Lastrak hartu du hitza, eta Pedro Sanchezen Gobernua ultraeskuinari aurre egiteko "antidotorik onena" bezala aurkeztu du, baita ere "Espainia iraganera itzularaztea" eta herrialdea "zuri-beltzean" izatea helburu bakarra duen eskuinari aurre egiteko aukera gisa.
Gainera, Lastrak PP, Vox eta Ciudadanosen aurka egin du eta, hitzaldian, ERCri eta, zehatz-mehatz, Gabriel Rufiani eta Pablo Iglesiasi eskerrak emateko aprobetxatu du, inbestidurarako akordioa lortzeko orduan erakutsitako "ausardia eta konpromisoagatik".
Elkarrekin historia egingo dutela esan dio Iglesiasi, baina, zehaztu du: "Ea hurrengoan apur bat arinago egiten dugun historia". Halere, ziur agertu da Iglesias "kide leiala" izango dela.
"Zailena eginda daukagu, bidea ireki dugu, eta inbestidura honen arrakasta elkar ulertu dugunaren froga nagusia izango da", baieztatu du.
Lehen egunak emandakoa
Inbestidura eztabaidaren lehen saioa atzo hasi zen, eta Pedro Sanchez hautagaiak hartu zuen hitza saioa irekitzeko, eta inbestidurarako programa azaltzeko. Sanchezek Espainiaren batasuna izan zuen hizpide hitzaldiaren hasieran: “Ez da Espainia hautsiko, ezta Konstituzioa ere. Espainiako herritarrek demokratikoki hautatutako Gobernu progresistaren gaineko blokeoa da hautsiko dena".
Sanchezen hitzaldiaren beste ildo nagusietako bat elkarrizketaren aldeko apustua izan zen. Izan ere, hitzaldiaren lehenengo zatian, elkarrizketa Kataluniako "gatazka" konpontzeko "bide bakarra" dela defendatu zuen, eta esan zuen elkarrizketa hori Konstituzioak "babestuta" egon behar dela, "gatazkaren judizializazioa" atzean utzita eta "politikaren bidea berriz hasita".
Hautagai sozialistak Euskal Autonomia Erkidegoa ere aipatu zuen. Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egiteko konpromisoa hartu zuen gaur egungo Estatutuan jasota dauden eskumenak transferitzeko.
PP
Ondoren, alderdiak inbestiduraren aurrean euren jarrera azaltzen hasi ziren, handienetik txikienera. Hala, Pablo Casado izan zen lehena Sanchezi erantzuten. Casadok Katalunian 155. artikulua berriro ezartzea eskatu zion eta, egin ezean, auzitara joko zuela ohartarazi zion, prebarikazioa egotzita.
Bestalde, Gizarte Segurantzaren sistema hautsi nahi izatea eta "gastuaren desbideratze masiboa" egitea leporatu zion Casadok hautagai sozialistari. Horrez gain, pentsiodunak engainatzen dituela aurpegiratu zion.
Vox
Santiago Abascal Vox ultraeskuineko alderdiaren presidenteak Quim Torra Generalitateko presidentea atxilotzea eskatu zuen hitzaldiaren hasieran. Gainera, Pedro Sanchez presidentegaiaren aurka ere egin zuen, Abascalen ahotan, agintari sozialista "iruzurgile, gezurti eta kezkarik gabeko pertsonaia da".
Unidas Podemos
Inbestidura eztabaidako lehen saioaren arratsaldeko txandan Unidas Podemosi egokitu zitzaion hitza hartzea. Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruak esan zuenez, Espainiako koalizio-gobernuak gauzak ondo egin ahal izateko gizarte mugimenduen presioa beharko du.
Bestetik, Iglesiasek preso katalanen lana goraipatu zuen: "Badakit askok, espetxetik, akordioa eta elkarrizketa babesteko lan egin dutela, eta tribuna honetatik eskerrak eman nahi dizkiet", esan zuen.
C’s
Ines Arrimadasi dagokionez, Gabriel Rufian ERCko bozeramailearen "umiliazioaren" aurrean Pedro Sanchez presidentegai sozialistaren eta PSOEko diputatuen isiltasuna salatu zuen.
ERC
Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketa mahaia martxan jartzen ez baldin badute legealdirik ez dela izango ohartarazi zion Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak presidentegai sozialistari.
EAJ
Jeltzaleek itxi zuten inbestidura eztabaidako lehen saioa, eta euren txanda Sanchezi babaesa berresteko erabili zuten. Aitor Estebanen hitzetan, hautagaiari babesa "ondorio guztiekin" emango diote. Ondorioz, "konpromisoa ez da inbestiduran bukatzen", egonkortasuna eta "gutxieneko sendotasun" bat duen Espainiako Gobernua beharrezkoak direlako.
Zure interesekoa izan daiteke
PSOE bat dator Felipe VI .ak elkarbizitzarako egindako deiarekin, estremismoen mehatxuaren aurrean
Cristina Narbona PSOEko presidenteak bat egin du Espainiako erregeak Gabonetako mezuan egindako "administrazio publikoen eta alderdi politikoen erantzunkidetasunerako deiarekin", eta bere alderdiak bere ekintzetan "eredugarritasunik handiena bermatzeko lan egiteko" konpromisoa agertu du.
Podemos Euskadi: "Zein erraza den bizikidetzaz aritzea jauregi batetik egiten duzunean"
Podemos Euskadik Felipe VI.aren Gabonetako hitzaldia kritikatu du. Leticia Jimenezek azaldu duenez, elkarbizitzan oinarritu da hitzaldia, gehiengo sozialaren benetako arazoak alde batera utziz.
Euskadiko PPren ustez, Espainiako erregearen hitzaldia "lezio bikaina" da demokratentzat
Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusi Esther Martinezen ustez, Felipe VI.a Espainiako erregearen Gabon gaueko hitzaldia "lezio bikaina" izan zen demokratentzat, demokrazia eta askatasuna defendatzeko egindako deiagatik. "Herritarren erantzukizunari dei egiteko lezio baliotsua, askatasunean oinarritutako bizikidetzatik abiatuta, erronkak eraiki eta aurre egin ahal izateko", ziurtatu du.
EAJk faltan bota ditu diktadurari, euskal eta kataluniar nazioei eta euskarari buruzko aipamenak Erregearen diskurtsoan
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak Felipe VI.aren Gabonetako diskurtsoan hainbat hutsune somatu dituela esan du, besteak beste, frankismoaren amaierari eta diktadura eta Trantsizioko dokumentuak desklasifikatu beharrari buruzko erreferentzia esplizituagoa, baita euskal eta kataluniar nazioaren aitortza ere. Vaquerok ere deitoratu du Erregeak ez aipatzea euskararen erabilerari lotutako azken eraso eta eztabaidak, aurten garrantzi berezia izan dutenak.
Mazonek Feijoori bidalitako mezuak, Goidiaren egunean: "Hau hondamendi bat izango da, presi"
Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidente ohiak Alberto Núñez Feijoo popularren buruzagiarekin hitz egin zuen Goidiaren egunean, 20:08tik 23:29ra. Gauak aurrera egin ahala aitortu egin zion: "Hondamendi itzela izango da hau, presi".
Felipe VI.ak eztabaida politikoan tentsioak sortzen duen gogaitasunaz ohartarazi du eta elkarrizketa eskatu du elkarbizitza "hauskorra" babesteko
Gabonetako Mezua, bere erregealdiko laburrena, ezohiko formatuan eta tonu zuzenean egin du. Errege Jauregiko zutabe-aretotik, konfiantza-krisia, erakundeen eredugarritasuna eta herritarrak kezkatzen dituzten arazo nagusiak izan ditu hizpide.
Euskararen aurkako "oldarraldia marra gorri guztiak gainditzen" ari dela salatu du EH Bilduk
Euskalgintzaren Kontseiluak larunbat honetarako Bilbao Arenan antolatu duen ekitaldian parte hartzeko deia egin du koalizio subiranistak, "euskaltzaleen indar eta batasun erakustaldiarekin" bat egiteko.
Jon Insausti: "Politika ez da pankartetatik edo sare sozialetatik egiten"
Urriaren 29an hartu zuen Gipuzkoako hiriburuko aginte-makila, Eneko Goiak uko egin ostean, baina dio ez duela "minutu bat ere" galdu.
Ibarrola eta Garcia Adanero Iruñeko zinegotzien dimisioa eskatu dute, "diskurtso xenofoboak" egiteagatik
EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek egindako dimisio eskaera babestuko du PSNk. Sexu-eraso bat leporatzen zitzaien gizonen eta Udal Gobernuaren aurka, "kontrastatu gabe eta zorroztasunik gabe, gezurrak eta faltsukeriak" zabaltzea leporatu diete Ibarrolari eta Garcia Adanerori.
Eusko Legebiltzarrak "eztabaidak errespetuz" egiteko deia egin du, De Andresi aipamen berezirik egin gabe
PPko presidenteak EH Bilduren "sarraskia" etorriko zela esan ondoren, koalizio abertzaleak babesa eskatu zion Legebiltzarreko Mahaiari baina honek ez dio zigorrik ezarri De Andresi.