Elkarrizketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Estatuko Aurrekontuak babesteko, Kataluniako mahaian urratsak ematea jarri du baldintzatzat Aragonesek

Bestalde, hurrengo erreferenduma Estatuarekin adostearen alde agertu da, "nazioarteko komunitatearen onarpena izan dezan eta emaitza aplikatu dadin".
Pere Aragonès Kataluniako Gobernuko presidentea ETB2ko elkarrizketan.

Pere Aragones Generalitateko presidenteak adierazi du Estatuko Aurrekontuak onartzeko Kongresuan izaten ari diren negoziaketak Kataluniako gatazka politikoa konpontzeko elkarrizketa-mahaian eman daitezkeen urratsekin lotuta daudela.

ETB2ko '12 minutu' saioan, Aragonesek esan du "gatazka politikoa konpontzeko Espainiako Gobernuaren konpromisoa bere horretan mantendu beharko litzateke, Kataluniako Gobernua osatzen duten alderdiek Estatuen Aurrekontuen harira eman dezaketen botoa edozein izanda ere".

Hala ere, "badakigu horrelakoetan pizgarriak sortu behar izaten direla eta, agian, Aurrekontuak negoziatzen egoteak beste mahaian urratsak ematen lagun dezake", erantsi du. Ildo horretan, azpimarratu du "aurrerapausoak paraleloan" ematea ezinbestekoa dela.

Kataluniako Errepublika independentea lortzeko aldebakarreko bidea baztertu ote duen galdetuta, Generalitateko presidenteak adostutako erreferendumaren alde egin du.

"Beste erreferendum bat egongo bada, nazioarteko komunitateak onartzea nahi dut, erabakitzen dena aplikatu ahal izateko, eta horretarako onena erreferenduma Estatuarekin adostea da", azaldu du.

Edonola ere, balizko erreferenduma egiteko datarik jartzea baztertu du, "epeak ezartzea mugimendu independentistaren estrategiaren kalterako" izan daitekeela iritzita.

"Nazioarteko komunitateak onetsitako erreferenduma izango du Kataluniak eta horretarako abiatu dugu negoziaketa prozesu bat Estatuko Gobernuarekin. Gatazka politikoari irtenbide politikoa eman nahi diogu eta gure proposamena argia da: erreferenduma eta amnistia", berretsi du.

Bi gobernuen arteko negoziaketak eman dezakeenaz galdetuta, Aragonesek ohartarazi du horrelako prozesuetan "denbora eta diskrezioa" ezinbestekoak direla.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko PPren ustez, Espainiako erregearen hitzaldia "lezio bikaina" da demokratentzat

Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusi Esther Martinezen ustez, Felipe VI.a Espainiako erregearen Gabon gaueko hitzaldia "lezio bikaina" izan zen demokratentzat, demokrazia eta askatasuna defendatzeko egindako deiagatik. "Herritarren erantzukizunari dei egiteko lezio baliotsua, askatasunean oinarritutako bizikidetzatik abiatuta, erronkak eraiki eta aurre egin ahal izateko", ziurtatu du.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

EAJk faltan bota ditu diktadurari, euskal eta kataluniar nazioei eta euskarari buruzko aipamenak Erregearen diskurtsoan

Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak Felipe VI.aren Gabonetako diskurtsoan hainbat hutsune somatu dituela esan du, besteak beste, frankismoaren amaierari eta diktadura eta Trantsizioko dokumentuak desklasifikatu beharrari buruzko erreferentzia esplizituagoa, baita euskal eta kataluniar nazioaren aitortza ere. Vaquerok ere deitoratu du Erregeak ez aipatzea euskararen erabilerari lotutako azken eraso eta eztabaidak, aurten garrantzi berezia izan dutenak.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X