200 euroko laguntza hilean seme-alabengatik eta Haurreskolak doakoak izango direla iragarri du Jaurlaritzak
Iñigo Urkullu lehendakariak zenbait proposamen aurkeztu ditu erronka demografikoari aurre egiteko, besteak beste, 200 euroko laguntza zuzena hilean ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko, hiru urte bete arte, eta Haurreskolen zerbitzua doakoa, 0-2 urteko etapan.
Hala adierazi du lehendakariak gaur, asteazkena, Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkura monografikoan, Demografia Estrategiari buruzko norabidea, lehentasunak eta ekimen garrantzitsuenak talde parlamentarioen artean eztabaidatu, partekatu eta zehazteko, EH Bilduk proposatuta.
Urkulluk Euskadiko egoera demografikoaren erradiografia egin du eta, nabarmendu duenez, "Euskadi, Espainiako Estatuarekin eta Italiarekin batera, jaiotza-tasarik baxuenak dituzten Europako herrialdeen artean dago". EAEkoa 1,28koa da emakume bakoitzeko; Frantzian 1,96 eta Suedian 1,85, esaterako.
"Negu demografikoa edota gainbehera demografiko gisa definitu daitekeen panorama honek okerrera egin du azken krisialdien eraginez", azaldu du lehendakariak.
Hala, Jaurlaritzak aurkeztutako estrategiaren baitan 37 ekintza daude jasota, horietako batzuk nabarmenak jaiotze-tasa eta gazteen emantzipazioa sustatzeko.
Lehendakariak azpimarratu dituen lau proposamen nagusiak hauexek dira:
-200 euroko laguntza zuzena hilean ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko, hiru urte bete arte, 100.000 eurorainoko diru-sarrerak dituzten familientzat.
-Gazteentzako epe luzeko mailegu subsidiatu edo interesik gabeko eta itzulketako programak, ekintzailetza, prestakuntza edo etxebizitza-proiektuetarako.
-Doakotasuna bermatzea 0-2 urteko etapan, Haurreskolen Partzuergoa indartuz.
-Arauetan, estrategietan, planetan edo inbertsio-programetan ikuspegi demografikoa txertatzea.
"Neurri horiei alokairurako laguntzak gehitu behar zaizkie, 275 eurorainokoak hiletan, Gaztelagun programaren bidez. Etxebizitza, formakuntza eta ekintzaletzarako maileguak; Haurreskola zerbitzuen doakotasuna 0-2 urteko etapan; eta kontziliazioa indartzeko neurriak baita ere", nabarmendu du.
3 urte baino gutxiagoko seme-alabak dituzten familiei zuzendutako diru laguntzak gauzatuz gero, "bi seme-alaba dituen familia batek, hiru urte dituzten arte, 6.900 euro jaso ditzake zuzeneko laguntza eta kenkari fiskalen bidez. Horrekin batera, etxebizitzaren alokairurako laguntzak, haurtzaindegiaren doakotasuna eta kontziliaziorako laguntzak ere jaso ditzake". Gainera, diru-sarrera baxuak dituzten familien kasuan, bateragarria litzateke DSBE laguntzarekin.
"Apustua laguntza-sistema iraunkor eta jasangarria bultzatzea da, baldintza egokiak sortuko dituena, emantzipaziorako zein familiek nahi dituzten seme-alabak izan ditzaten, baldintzen falta atzerapenik eragin gabe», nabarmendu du lehendakariak.
Hain zuzen ere, EAEko herritarrak 30,2 urterekin emantzipatzen dira, "Europako batez bestekoan, 25,9 urte, baino lau urte beranduago".
Azkenik, "Herri Plan gisa Legebiltzarreko aportazioekin artikulatzeko" asmoa erakutsi du Urkulluk. "Estrategia bat, begirada 2030ean jarrita".
"18 urtera zabaldu beharko lirateke"
Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak lehendakariari erantzun dio, proposamena entzun eta gero, eta, esan duenez, "politika natalistek porrot egin dute, ez dira egokiak aurrean daukagun erronkari aurre egiteko".
200 euroko diru-laguntzaren proposamena dela eta, "ez dago gaizki, zehaztasun gabeko jarrera batetik" UNICEFek planteatutako ildoak betetzeko urratsak eman izana, esan du Kortajarenak. Halere, nahiz eta "lehen aurrerapauso bat izan, 18 urtera zabaldu beharko lirateke", zenbait erakundek gomendatzen dutenez.
"Ezustean harrapatu du"
Laura Garrido Alderdi Popularraren kidearen esanetan, Exekutibo hau "ezustean harrapatu du gai honek". EH Bilduk 200 euroko diru laguntzaren proposamenaren inguruan esandakoaren ildotik, Garridoren iritzian "aurrerapausoa da 200 euroko laguntza iragartzea, eta bateragarria izatea gainerako laguntzekin, baina ez da nahikoa, anbizio handiagoa izan behar dugu. Aukerak egon, badaude, datu ekonomikoen eta aldundien diru-bilketa datuen errealitatea" aintzat hartuta.
"Herri akordioa lortu behar dugu"
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren bozeramalearen arabera, "nahiko genuke gaur herri hitzarmena lortzea, eta horrek aipatutako arazoen aurrean analisi partekatua egin ahal izatea, begirada feminista batetik. Horrek ahalbidetuko luke zerbitzu eta prestazio konkretuetan, eta neurri fiskal konkretuetan gauzatzea neurriak, azken batean, familia, segurtasun espazio bat izan dezan".
"Joerari buelta ematea lortu behar dugu"
Gloria Sanchez PSE-EEko kidearen hitzetan, "ezinbestekoa da ahalik eta akordio zabalena lortzea, jaiotze-tasaren joerari buelta ematea lortu behar dugu, 2030rako % 15 igoera lortuta. Landa eremuan, despopulatzeari eta zahartzeari erantzun behar diogu".
"Neurri ausartak"
Joseba Diez EAJren bozeramaleak ere lehendakariak aurkeztutako proposamen zehatzak izan ditu hizpide. Diezen esanetan, "neurri ausartak dira, eta espero dugu esateko moduan egotea neurri egokiak izan direla, baina hori ezingo dugu esan bihar, ezta sei hilabete barru ere, neurri demografikoen eragina ikusteko pazientzia eta baretasuna behar da eta".
Zure interesekoa izan daiteke
EAJk salatu du pintaketak agertu direla Mendaroko batzokian
Pintura beltza baliatuz, besteak beste, "EAJ español. Faxistak kanpora!" idatzi dute pintaketa horietan, baita igitaiaren eta mailuaren irudia egin ere.
Omenaldia egin diete Gerra Zibilean hildako Iruñeko zinegotzi eta udal langileei
Gerra Zibilean fusilatu zituzten Iruñeko udal beharginei omenaldia egin diete gaur haien senitartekoek Nafarroako hiriburuan, eta gertatu zenari buruz kontatutakoa "gezurra" dela esan dute ekitaldian. "Ez da egia gerran denok galdu genuela, irabazleak egon baitziren. Horregatik, egia, justizia eta ordaina aldarrikatzen jarraituko dugu", azpimarratu dute.
Alain Iriart hautatu dute Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari
Hiriburuko (Lapurdi) ezker abertzaleko auzapeza bederatzi urtez lehendakari izan den Jean-Rene Etchegarayri gailendu zaio. Bigarren bozketan lortu du Iriartek Lehendakaritza, aurrenekoan ezein hautagaik ez baitu gehiengo osorik lortu. Iriartek alkate izateari utziko diola iragarri du, Elkargoan buru-belarri aritzeko.
Jean-Rene Etchegaray eta Alain Iriart, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari izateko borrokan
Bi hautagaiek bildu dituzte boto gehien lehen bozketan: Etchegarayk 99 eta Iriartek 80. Etxeleku jeltzalea eta Lesellier eskuin muturreko hautagaia ez dira bigarren bozketara aurkeztu, eta lehenengoak iragarri du Iriarten alde egingo duela.
Frantziako Fiskaltzak bete beharrekoa ez den bost urteko zigorra eskatu du Josu Urrutikoetxearentzat
Frantziako estatutik behin betiko kanporatzeko ere eskatu du fiskalak; defentsak, berriz, ez kanporatzeko deia egin du. Auzia epaiaren zain geratu da. Uztailaren 2an emango dute jakitera.
Sanchezek eskatu du EB-Israel akordioa bertan behera uzteko, eta Netanyahuk Espainia kanporatu du Gazarako koordinazio zentrotik
Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi du Israel nazioarteko zuzenbidea "nabarmen" urratzen ari dela Palestinan eta Libanon. Israelgo lehen ministroak, bestalde, Israelgo Armadako soldaduak difamatzea leporatu dio Espainiari.
Fiskaltzak ETAko buruzagi ohi Marisol Iparragirreri emandako erdi-askatasuneko erregimenaren aurka egin du
Fiskaltzak Espetxe Araudiaren 100.2 artikuluaren aplikazioa berrikusteko eskatu du; txostenak, baina, ez du Eusko Jaurlaritzaren erabakia eten.
Chivitek asteazkenean sinatuko du Hithiumen inbertsioa Nafarroan gauzatzeko akordioa, Pekinen
Horren helburua 400 milioi euroko inbertsioa eta 1.000 lanposturaino beharko dituen bateria enpresa ezartzeko urratsak aurreratzea da.
Fiskaltzak helegitea jarri du Konstituzionalean, Garcia Ortiz fiskal nagusi ohiaren aurkako epaiaren kontra
Ministerio Publikoaren arabera, Garcia Ortizen errugabetasun printzipioa urratu da prozesuan zehar eta ez dago froga nahikorik Alberto Gonzalez Amadorren abokatuak bidalitako mezu elektronikoa Fiskaltzak bidali zuela esateko.
Aitor Estebanek euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu du, “nazioarte mailan ikusgarritasuna izateko”
EAJren EBBko presidentea Mendozan izan da, Munduko Pilota Txapelketa antolatu duen hirian. Pilotako euskal selekzioaren ofizialtasuna lortu izanak duen “garrantzia” nabarmendu du bertan.