Jean-Rene Etchegaray eta Alain Iriart, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari izateko borrokan
Bi hautagaiek bildu dituzte boto gehien lehen bozketan: Etchegarayk 99 eta Iriartek 80. Etxeleku jeltzalea eta Lesellier eskuin muturreko hautagaia ez dira bigarren bozketara aurkeztu, eta lehenengoak iragarri du Iriarten alde egingo duela.
Martxoko udal hauteskundeen ondotik, Euskal Hirigune Elkargoaren kontseilu berria bildu da gaur, erakundeko lehendakaria aukeratzeko. Hasiera batean lau hautagai izan badira ere, lehen bozketan ezein hautagaik ez du gehiengo osoa lortu, eta bigarren bozketarako, Etxelekuk eta Lesellierrek hautagaitza erretiratu dute. Kanboko auzapezak, gainera, iragarri du Iriarten alde egingo duela. Horrenbestez, Etchegarayren eta Iriarten artean egongo da lehia.
09:00etan hasi da bilkura, eta hasierako eztabaidan hautagai bakoitzak bost minutuko tartea izan du bere proposamenak aurkezteko. Lehen bozketan, ezein hautagaik ez du lortu beharrezkoa zuen gehiengo osoa (114 boto), eta, hala, bigarrenean aukeratuko dute nork gidatuko duen erakundea.
Hauxe izan da bozketaren emaitza: Etchegarayk 99 boto lortu ditu; Iriartek, 80; Etxelekuk, 49; eta Lesellierrek, 1. Iriartek eskatuta, 15 minutuz eten dute saioa.
Jean-Rene Etchegaray (Renaissance, Baionako auzapeza) Elkargoaren egungo lehendakariak hirugarrenez aurkeztu du hautagaitza. Euskal Elkargoak orain arte jorratutako bideari eusteko asmoz eta zerbitzu publikoak herri txikietara iritsarazteko xedez aurkeztu du bere burua, “zentroko hautagai bakar” gisa. Kostaldearen eta barnealdearen oreka faltaren auzia onartuta, bide horretan lan egiteko lehendakariordetza bat sortuko duela iragarri du. "Auzapezekin eta Elkargoko lurralde ordezkaritzekin harreman zuzena izateko lehendakariorde bat izendatuko dut, batez ere udalerri ttipietako alkateen ahotsa entzun dadin. Mezuak entzuten ditut, horra froga", esan zuen Etchegarayk bere hautagaitza aurkeztu zuenean.
Elkargoaren orain arteko bi agintaldietan hautagai bakarra izana zen Etchegaray, baina, oraingoan, gutxienez beste hiru hautagai izango ditu lehian. Hala, parean izango du Alain Iriart (EH Bai, Hiriburuko auzapeza). Ezkerreko abertzalea deszentralizazioaren aldekoa da (politikoa, administratiboa nahiz ekonomikoa), eta, Etchegarayk bezala, kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka du jomugan. Hori dela eta, beharrezkotzat jo du kostaldean tentsioa arintzeko barnealdea garatzea, besteak beste, etxebizitza soziala eta aktibitate ekonomikoa sustatuz. Halaber, lehendakari hautatua izanez gero, Hiriburuko auzapez kargua utziko lukeela iragarri du.
Hautagaitza aurkeztu du Peio Etxeleku EAJko kide eta Kanboko auzapezak ere. Lurralde desorekak zuzentzearen aldeko jarrera iragarri du. Elkargoaren “bigarren fase” batera pasatu eta Frantziako Estatuak lurraldeen kohesiorako diseinatua duen SCoT (Lurralde Koherentzia Eskema) estrategia martxan jartzea bilatuko luke, ehun ekonomikoa garatu, dibertsifikatu eta orekatzeko. Deszentralizaziorako proposamena da berea, hautetsiei erabakimena emateko, gastuak murrizteko eta barnealdeari “merezi duen lekua” emateko.
Azken orduan iragarri du bere hautagaitza Pascal Lesellier (RN, Batasun Nazionala) Baionako eskuin muturreko hautetsiak ere. Elkargoan auzapezak kasik botererik gabe geratu direla salatzeko aurkeztu dela azaldu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik