Euskal Hirigune Elkargorako duen proiektua aurkeztuko du Alain Iriartek asteartean, Etchegaray garaitu asmoz
Jean Rene Etchegaray Baionako auzapezak 2017tik dihardu karguan. Iriart "Bil Gaiten" hautagaitzaren ordezkari izango da eta hurrengo egunetan jakingo da Pello Etxeleku Kanboko auzapeza ere aurkeztuko den ala ez. Bozketa apirilaren 11n izanen da.
Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen ondotik, hurrengo hitzordu nagusia apirilaren 11n izango da, egun horretan berrituko baita Euskal Hirigune Elkargoaren zuzendaritza, Iparraldeko Mankomunitatea deiturikoarena, alegia.
2017an sortu zen erakundea, 158 udalerrirentzat egituraketa administratibo bateratua lortzeko helburuz, eta Baionan du egoitza. Frantziako Estatuaren legediari jarraiki, elkargoaren barneko udalerriei eskumen gehiago ematen zaizkie. 100 milioi euroko aurrekontu du eta Jean Rene Etchegaray Baionako alkatea izan da hasieratik lehendakaria.
Etchegarayk faboritoa izaten jarraitzen du, baina oraindik ez du bere hautagaitza ofizialki aurkeztu eta laster egin beharko luke, aste bakarra falta baita bozketarako.
Ostegunean, apirilaren 2an, Alain Iriart Hiriburuko alkateak bere hautagaitzaren berri eman zuen eta astearterako, apirilaren 7rako, deitu zituen komunikabideak bere proiektuaren berri emateko.
2022an EH Bai barnean zalantzak izan ziren Alain Iriart aurkeztu edo ez Etchegarayri elkargoaren lehendakaritza lehiatzeko. “Bil Gaiten” taldea sortu zen, EH Bairen inguruko 30 bat hautetsirekin baina ezezkoa erabaki zen. 2026an, barne eztabaida baten ondoren, EH Bai ados legoke.
Bestalde, Kanboko alkate berriak, Pello Etxeleku jeltzaleak, zer egingo duen argitzea ere falta da. Izan ere, 2022an "Elkarrekin Herriarentzat" taldea osatu zuen, 40 hautetsi ingururen babesarekin. Zentroko eta eskuineko hautetsiek osatutako plataformak ere laster formalizatu beharko luke Mankomunitateko lehendakaritzarako hautagaitza.
158 ordezkaritza eta boto
Herriko bozetako emaitzen arabera osatzen da Euskal Hirigune Elkargoa. Herri gehienek -143 herrik- ordezkari bakarra dute batzar orokorrean eta handiagoek tamainaren arabera: Bidartek, Kanbok, Ziburuk, Mugerrek eta Hiriburuk 2; Bokalek, Hazparnek, Senperek eta Uztaritzek 3; Urruñak 4; Donibane Lohizunek 6; Hendaiak 7; Biarritzek 11, Angeluk 17 eta Baionak 22.