Fiskaltzak helegitea jarri du Konstituzionalean, Garcia Ortiz fiskal nagusi ohiaren aurkako epaiaren kontra
Ministerio Publikoaren arabera, Garcia Ortizen errugabetasun printzipioa urratu da prozesuan zehar eta ez dago froga nahikorik Alberto Gonzalez Amadorren abokatuak bidalitako mezu elektronikoa Fiskaltzak bidali zuela esateko.
Alvaro Garcia Ortiz, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE
Fiskaltzak helegitea jarri du Auzitegi Konstituzionalean, Auzitegi Gorenak Alvaro Garcia Ortiz Espainiako fiskal nagusi ohiari ezarritako epaiaren aurka. Alberto Gonzalez Amador enpresariaren abokatuak Fiskaltzari bidalitako mezu elektroniko bat filtratzeagatik kondenatu zuten.
Ostiral honetan ohar bidez jakinarazi duenez, Fiskaltzak babes helegitea aurkeztu du, eta Gorenaren epaia bertan behera uzteko eskatu dio Auzitegi Konstituzionalari.
Ministerio Publikoaren arabera, Garcia Ortizen errugabetasun printzipioa urratu da prozesuan zehar, eta ez dago froga nahikorik Gonzalez Amadorren abokatuak bidalitako mezu elektronikoa Fiskaltzak bidali zuela esateko.
Auzitegi Gorenak bi urteko inhabilitazioa ezarri zion Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusi ohiari, eta baita 7.200 euroko isuna eta 10.000 euroko kalte ordaina ere.