Gorenak Garcia Ortiz zigortu du, Ayusoren bikotekidearen mezu elektronikoa filtratzeagatik eta Fiskaltzaren prentsa oharragatik
Auzitegi Gorenak frogatutzat jo du berak edo bere inguruko norbaitek, bera jakitun zela, Madrilgo Erkidegoko presidentearen bikotekide den Alberto Gonzalez Amadorren abokatuaren mezu elektronikoa filtratu ziola Ser irrati kateari.
Alvaro Garcia Ortiz, Estatuko fiskal nagusi ohia, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Gorenak Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusi ohia zigortzen duen epaia argitaratu du, eta horren arabera, Alberto Gonzalez Amadorren (Isabel Diaz Ayusoren bikotekidea) abokatuaren mezu elektronikoa filtratzeagatik eta Fiskaltzak 2024ko martxoaren 14an bidalitako prentsa oharragatik zigortu du.
Epaia gaur argitaratu bada ere, Auzitegi Gorenak pasa den azaroaren 20an aurreratu zuen zigorra. Horren arabera, bi urteko inhabilitazioa ezarri zion Estatuko fiskal nagusi kargurako, bai eta 7.200 euroko isuna ere, Gonzalez Amadorren datu erreserbatuak plazaratzeagatik.
Epaimahaiak frogatutzat jo du berak edo bere inguruko norbaitek, bera jakitun zela, Gonzalez Amadorren abokatuaren mezu elektronikoa filtratu ziola Ser irrati kateari. Mezu horretan Ogasunari iruzur egin eta bi delitu fiskal egin izana aitortzen zuen Diaz Ayusoren bikotekideak.
Hala ere, Gorenak ez du erabakia aho batez hartu, izan ere, Ana Ferrer eta Susana Polo magistratuek boto partikularra eman dute. Horien esanetan, ezin da frogatutzat jo Garcia Ortizek filtratu zuela mezu elektronikoa.
"Estatuko fiskal nagusiak ezin dio faltsua den albiste bati delitua eginez erantzun", jasotzen du epaiak.
Horrez gain, Fiskaltzak plazaratutako oharra ere delituaren parte dela uste du, filtrazioa "ofizializatu" egin zuela iritzita.
Erreakzioak
Margarita Robles Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak "erabateko konfiantza" duela azpimarratu du Auzitegi Gorenean, eta erakunde "guztietan" konfiantza izan ezean, "demokraziak ez duela funtzionatzen" gaineratu du.
Epaia ez duela irakurri adierazi ondotik, Roblesek gogorarazi du 5 magistratuk sinatu dutela epaia eta beste bik boto partikularra eman dutela.
Ester Muñoz PPko bozeramaileak, bere aldetik, Garcia Ortiz "gaizkile" deitu ahal zaion Estatuko lehen fiskal nagusi ohia dela nabarmendu du.
Kongresuan emandako prentsaurreko batean, Muñozek onartu du ez duela epaia irakurri oraindik eta Auzitegi Gorenak Estatuko fiskal nagusi ohia zigortzeko emandako argudioak ezagutzeko irrikitan dagoela.