Estatuko fiskal nagusiak dimisioa eman du Gorenak zigortu ostean
Alvaro Garcia Ortizek utzi egin du Estatuko fiskal nagusi kargua, Auzitegi Gorenak sekretuak ezagutarazteagatik bi urteko gaitasungabetzea ezarri ostean. Ebazpenaren arabera, 7.200 euroko isuna eta 10.000 euroko kalte-ordaina ordaintzea ere jasotzen da.
Estatuko fiskal nagusi Alvaro Garcia Ortiz. Argazkia: EFE
Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiak dimisioa eman du, Auzitegi Gorenak Alberto Gonzalez Amador Isabel Diaz Ayusoren bikotekideari buruzko informazio konfidentziala filtratzeagatik bi urtez gaitasungabetu ostean.
Igorri duen gutunean, Garcia Ortizek kargutik kentzeko eskatu dio Justizia ministroari, hark hala eskatuta, "epaiaren arrazoien berri jakin arte itxaron gabe". Oraingoz, epaia baino ez da jakitera eman.
Orain arte Estatuko fiskal nagusi izan denak "ebazpen judizialekiko" eta agintaldian "beti" izan duen borondatearekiko "errespetu sakona" adierazi du gutunean, eta "Espainiako Fiskaltza eta fiskalak babestea" funtsezkoa dela azpimarratu du.
"Nire erabakia jakinarazi zaidan epaiak zuzenean eragin badu ere, ni harro nago kide izan naizen erakundeari zintzo zerbitzatu diodalako, zerbitzu publikorako bokazio argiarekin, betebeharrazko jokabidearekin eta leialtasun instituzionalarekin", dio.
Garcia Ortizek eskerrak eman dizkio Espainiako Gobernuari "jarritako konfiantzagatik". Haren ustez, orain konfiantza hori itzuli behar dio, "behin epaia ezagututa, erantzukizun handiko jarduna uzteko unea" delako.
Epaiak 7.200 euroko isuna eta 10.000 euroko kalte-ordaina ezarri dizikio kalte moralengatik, epaiketaren kostuak ordaintzeaz gain. Goreneko Zigor Arloko Salak Estatuko fiskal nagusi bat kondenatu duen lehen aldia da.
Ana Maria Ferrer eta Susana Polo magistratuek aurkako boto partikular bana eman dute, eta Andres Martinez Arrieta Salako presidenteak aurkeztu du. Epaia datozen egun edo asteetan jakinaraziko da.
Zigorra gorabehera, Garcia Ortizek deuseztasun-intzidentea eginda errekurtsoa jar dezake Gorenaren aurrean. Izapide horrek oso gutxitan egiten du aurrera, baina Konstituzio Auzitegira jotzeko aukera emango luke gero.
Espainiako Gobernuak iragarri du datozen egunetan fiskal nagusi berria izendatzeko prozesua hasiko duela, eta izendatutako pertsonak arlo juridikoan ahalik eta ospe profesional handiena izango duela ziurtatu.