Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu Athleticen elastikoaren aurkako bi ekimen
Adierazpen instituzionalerako bi proposamenetan, UPNk eta Voxek Parlamentuari eskatu diote Athleticek ekipazio berrian Nafarroa Euskal Herriko mapan sartu izana salatzeko.
Athleticen ekipamendu berrian Nafarroa Euskal Herriko mapan sartzea gaitzesteko eskatzen zuten adierazpen instituzionalerako bi proposamen atzera bota ditu gaur Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak.
UPN eta Vox alderdiek aurkeztu dituzte ekimenok. Erregionalisten proposamenak PPren eta Voxen aldeko botoak jaso ditu; PSN abstenitu egin da, eta EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak kontra bozkatu dute.
Eskuin muturreko alderdiak aurkeztutako testuak, berriz, UPNren eta PPren babesa jaso du, eta PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurkako boza eman dute.
Bere testuan, UPNk zioen Nafarroarekin bat ez datorren "errealitate instituzionala" agertzen dela Athleticen elastiko berrian, eta klub bizkaitarrari irudi hori kentzea eskatzen zion.
Ildo beretik, Voxek ere idatzian ganberari eskatzen zion Nafarroa Euskal Herriko mapan sartu izana gaitzesteko, lurraldetasuna eta Foru Erkidegoaren historia erabat "desitxuratzen" duen aldarrikapen politiko "onartezina" dela iritzita.
Bileraren ondorengo agerraldian, Javier Esparza UPNren eledunak gogor kritikatu du PSN abstenitzea erregionalistek aurkeztutako proposamenaren aurrean.
Bere aldetik, Pablo Azcona Geroa Baiko bozeramaileak umore tonuan esan du Vox eta UPN "marketin kanpaina" egiten ari direla Athletici. "Geroa Bai taldean Osasunaren kamiseta janzten dugu, lehen mailan euskarazko izena duen talde bakarra", erantsi du.
Javier Garcia PPko kideak, berriz, errespetu falta iritzi dio Athleticek Nafarroa Euskal Herriko mapan sartzeari. Haren hitzetan, Nafarroako Foru Erkidegoaren errealitate instituzionala mespretxatzea du irudiak.
Zure interesekoa izan daiteke
1936ko irailetik azarora Hernanin fusilatu eta lurperatu zituzten 200 pertsonei omenaldia
Irungo komisarian jarraitzen dute terrorismoa leporatuta atxilotutako bi lagunek, eta ikerketapean dagoen hirugarrena IRArekin lotura lukeen irlandar bat da
Euskadiko PPk EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, Antondegin ez direla etxebizitzak eraiki salatuz
Lehendakariak "gure historiatik ikasteko" deia egin du ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera