Europako Parlamenturako hauteskundeak: Zer da jakin behar duzuna?
450 milioi europar inguru daude deituta bozkatzera ekainean, Europako Parlamentuaren X. Legegintzaldia osatuko duten 720 eurodiputatuak aukeratzeko. Herritar askok urruneko kontua bailiran ikusten dituzte hauteskunde hauek, baina Europako erakunde horretan eztabaidatzen eta erabakitzen dira gure egunerokotasunean eragina duten arau asko, hala nola, ekonomia, nekazaritza eta arrantza, ingurumena, migrazioa, eskubide sozialak eta beste hainbat gaietako erabakiak.
Hauteskunde hauek badituzte gauza komun batzuk Europar Batasuna osatzen duten herrialde guztietan. Adibidez, legezko gutxieneko adina betetzen duten EBko herritar guztiek dute botoa emateko eskubidea. Era berean, herritarrek eskubidea dute botoa non eman nahi duten aukeratzeko, beren naziotasun-herrialdean edo bizilekua duten herrialdean, hau beste bat baldin bada.
Hala ere, gauza asko aldatzen ari dira herrialde batetik bestera. Adibidez:
Zenbat eurodiputatu aukeratzen dira herrialde bakoitzean?
Oraingoan, 720 eurodiputatuk osatuko dute Europako Parlamentua, aurreko legegintzaldian baino 15 gehiagok. Herrialde guztiek ez dute hautetsi kopuru bera bidaltzen. Alemania izango da eurodiputatu gehien izango dituen herrialdea (96), eta Zipre, Luxenburgo eta Malta, aldiz, izango dira gutxien izango dituztenak, bakoitzak 6 bidaliko baititu.
Euskal Herriko herritarrok Espainiako Estatuari dagozkion 61 eurodiputatuen eta Frantziako Estatuari dagozkion 81 diputatuen artean izango ditugu gure ordezkariak.
Nola aukeratzen da herrialde bakoitzeko eurodiputatu kopurua?
Herrialde bakoitzari, gutxi gorabehera, bere populazioarekiko proportzionala den eurodiputatu kopurua dagokio, baina, kopuru zehatza zehazteko, proportzionaltasun beherakorrari jarraitzen zaio. Alegia, herrialde populatuenek populazioz dagokiena baino ordezkaritza txikiagoa izatea onartzen dute, biztanle gutxien dituzten Estatuen ordezkaritza handiagoa izan dadin. Horrez gainera, arauak dio herrialde bakar batek ere ezin duela 6 hautetsi baino gutxiago izan, ezta 96 baino gehiago ere.
Guztira, gainera, eurodiputatuen kopurua ezin da 751tik gorakoa izan, Lisboako Tratatuan (2007) xedatu zenez.
Bestetik, hauteskundeak egiteko herrialde bakoitzak bere barneko hauteskunde-araudia jarraitzen du eta, ondorioz, batetik bestera aldeak egoten dira hainbat alderditan.
Hauteskunde egunak
Europako erakundeek ezarri dute hauteskundeak 2024ko ekainaren 6tik 9ra egingo direla. Euskal Herrian ekainaren 9an izango dira, Estatu espainiarrean zein frantsesean, herrialde gehienetan bezala, hauteskundeak igandeetan egiten direlako.
Hala ere, herrialde batzuetan astegunetan bozkatu ohi da. Esate baterako, holandarrek ostegunean, ekainaren 6, bozkatuko dute, eta irlandarrek eta txekiarrek ostiralean, ekainaren 7. Eslovakian, Letonian, Maltan eta itsasoz haraindiko Frantziako lurraldeetan larunbatean, ekainaren 8, bozkatuko dute. Azkenik, Italian bi hauteskunde egun izango dituzte, hilaren 8a (larunbata) eta 9a (igandea).
Botoa emateko gutxieneko adina
Hori da herrialde batetik bestera dagoen aldea markatzen duen beste puntu bat. Herrialde gehienek 18 urterekin ezartzen dute botoa emateko gutxieneko legezko adina. Salbuespenak honako herrialde hauek dira: Austria eta Malta (16 urtekoa da hauetan legezko adina); Kroazia, Eslovenia eta Hungaria (hauetan ere 16 urtekoa da baina baldintza batzuk bete behar dira) eta Grezia (kasu honetan adina 17 urtetan dago).
Hauteskunde-sistema: barrutiak
Halaber, Estatu bakoitzak bere sistema propioa aukeratzen du esleituta dituen eserlekuak banatzeko. Gehienek D 'Hont sistema aukeratzen dute, besteak beste, Espainiak eta Frantziak.
Era berean, Irlanda bezalako herrialde batzuek hainbat barrutitan banatzen dute beren lurraldea, eta hautagaitzak barruti batean edo gehiagotan aurkezten dira. Beste batzuek, aldiz, barruti bakarra egiten dute.
Espainia eta Frantzia azken horien artean daude. Horrek esan nahi du Extremadurako edo Kantabriako boto-emaile batek Coalicion Canariaren zerrenda aukera dezakeela edo Proventzako batek EAJko hautagaien zerrendaren alde bozka dezakeela.
Zerrendak barruti osorako komunak diren arren, Espainiaren kasuan, hautagai-zerrendek hiru eskaera egin diezazkiokete Hauteskunde Batzordeari: autonomia-erkidego bakoitzerako izena edo ikurra aldatzea, erkidego bateko zerrendetan lurralde horretako hautagaien izenak bakarrik adieraztea eta euren boto-orriak Estatu osora ez zabaltzea.
Zenbat hautagaitza?
EBko edozein biztanlek du aukera hauteskunde hauetan nahi duen herrialdean aurkezteko. Hori horrela, Espainiako estatuan 33 hautagaitza onartu dira. Horietako batzuk estatu mailako alderdienak dira: PP, PSOE, Podemos edo Sumarrenak, adibidez.
Beste kasu batzuetan, hainbat alderdi politiko elkartu dira eta Estatu osorako plataforma bakarra eratu dute. EAJk, adibidez, zerrenda bat osatu du Coalicion Canariarekin batera Coalicion por una Europa Solidaria (CEUS) izenarekin. Bestalde, EH Bilduk plataforma bat osatu du ERCrekin eta BNGrekin batera, Orain Errepublikak/Ahora Repúblicas izenarekin.
Autonomia-erkidego mailako beste alderdi batzuek eurek bakarrik osatu dute zerrenda bat barruti osorako. Esaterako, Junts i LLiures per Europa, Ahora Andalucía edo Juntos por Extremadura alderdiek hautagaitza bat aurkeztu dute eta, hala nahi badute, euren boto-paperak beste edozein autonomia erkidegoetan ere eskuragai egongo dira.
Bestalde, Frantziako estatuko boto-emaileek 37 hautagairen artean aukeratu ahal izango dute. Kasu honetan, EAJ/PNBko ordezkariak Écologie Positive et Territoires koalizioan aurkeztuko dira. EH Baik, aldiz, hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki du.
Alderdiak Europako Parlamentuan
Hala ere, hauteskundeak egin ondoren, beren kidetasun eta ideologiaren arabera, estatu arteko talde politiko handietan antolatzen dira eurodiputatu gehienak, nahiz eta taldeetara ez atxikitu eta euren kontura lan egiteko aukera ere badaukaten.
Amaitzen ari den legegintzaldian, eurodiputatu gehienak 7 bloke parlamentario handiren inguruan bildu ziren: Europako Alderdi Popularraren Taldea (PP), Europako Parlamentuko Sozialisten eta Demokraten Aliantza Aurrerakoiaren Taldea (PSOE), Renew Europe Group (EAJ), Berdeen/Europako Aliantza Librearen Taldea (BNG, ERC), Europako Kontserbadoreen eta Erreformisten Taldea (VOX), Identitatea eta Demokrazia Taldea eta Europako Parlamentuko Ezkerraren Taldea (EH Bildu, Podemos).
Talde bat osatzeko derrigorrezkoa da gutxienez EBko herrialdeen laurdenetakoak diren 25 eurodiputatu biltzea.
Zer egiten dute eurodiputatuek?
Europako Parlamentuaren esku dago Batasuneko botere legegilea eta Erkidegoko beste hiru erakunde nagusiekin partekatzen du. Hauek dira Kontseilu Europarra (estatuburuek eta gobernuburuek osatua), Europar Batasuneko Kontseilua (herrialde bakoitzeko gobernuetako ministroek osatua) eta Europako Batzordea (EBko gobernu gisa jarduten duen komisario talde bat, aurreko legegintzaldian Ursula von der Leyen buru izan duena).
Gainera, EBko erakunde-sistemaren barruan daude baita ere EBko Justizia Auzitegia, Europako Banku Zentrala eta Europako Kontuen Auzitegia.
Parlamentuaren eta eurodiputatuen eginkizunen artean daude, besteak beste, Batzordearen proposamenez prestatzen diren EBko legeak onartzea, barne-akordioei buruz eta batasuna zabaltzeari buruz erabakitzea, EBko aurrekontuak ezarri eta onartzea, Erkidegoko gainerako erakundeak gainbegiratzea, herritarren eskaerak aztertzea...
Parlamentuaren zeregina da, halaber, Batzordeko lehendakaria aukeratzea eta datozen bost urteetan batasuna zuzenduko duten komisarioen taldea onartzea.
Kokapenari dagokionez, Parlamentu honek hiru egoitza ditu. Nagusia Estrasburgokoa da, baina osoko bilkurak han eta Bruselako hemizikloan egiten dira. Era berean, Idazkaritza Nagusiak Luxenburgon du egoitza.
Zure interesekoa izan daiteke
GKSk milaka gazte mobilizatu ditu Bilbon eta Iruñean, "faxismoaren aurka"
"Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka" lelopean manifestazio jendetsuak egin dira bi hiriburuetan. Dozenaka bandera gorri eraman dituzte bertaratuek eta faxismoaren zein inperialismoaren kontrako oihuak bota dituzte.
EAJk liskarretik at dagoen euskal politika defendatu du, Anduezak Pasaiako Portuari buruz egindako adierazpenen ostean
Datozen hauteskundeen atarian PSE-EE urduri egon daitekeela uste du Joseba Diez Antxustegik, EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, eta azpimarratu du jeltzaleek ez dutela liskar politikotik sustatuko euskal politikan.
EAJk eta EH Bilduk ikuspuntu kontrajarriak dituzte iraungitako txertoen inguruan
Zer gertatu den eta zer egin behar den argitu ostean kaltetuekin hitz egin dutela esan du Joseba Diez Antxustegik, Eusko Legebiltzarreko EAJren bozeramaileak. EH Bilduk horren berri jakitera eman izan ez balu, paziente horiek berriro txertatuko ote lituzketen galdetu du Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkideak.
Zaldibar Argitu plataformak auziaren mamia ikertzeko eskatu eta hortik "desbideratzeko ahaleginak" salatu ditu
Arantza Baigorri EH Bilduren Zaldibarko alkate ohia ikerketapean dagoela jakin ostean, oharra atera du herritarren plataformak. Horren ustez, alkate izandakoak edo horren alderdiak azalpenak eman beharko dituzte, baina lehentasuna da luizia eta bi langileren heriotza eragin zuten faktoreak ikertzea.
Andueza: "EAJk Pasaiako portua elitetik atera eta mailaz jaitsi nahi du"
PSE-EEko idazkari nagusiak uste du portuen eta aireportuen titulartasuna Estatuarena dela, baita Gizarte Segurantza ere. Anduezak azpimarratu du "eragin negatiboa" izango lukeela Pasaiako portuak interes orokorreko portutzat izateari uzteak.
EAn primarioak deitzeko eskatuz Maiorga Ramirezek jarritako alegazioa atzera bota du Arabako Probintzia Auzitegiak
Justiziak arrazoia eman dio Eusko Alkartasunari eta hortaz ez du hauteskunde primarioetarako deialdirik egin beharko. Eba Blanco EAko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, bera buru duen zuzendaritzak" barne demokrazia eta legea betez jardun du". Bestalde, Blancok iragarri du ez duela karguan jarraituko aurten egin behar den ohiko kongresutik aurrera.
Sumarrek irmo gaitzetsi du Bizkaiko lau eskola publiko fusionatzeko Hezkuntza sailak hartutako erabakia
Alba Garcia Euskadiko Sumarren buruak esan du Jaurlaritza demografiaren beherakadaren aitzakia ari dela erabiltzen zentro publikoak ixteko.
GKSko bi kide Iruñeko Erorien Monumentutik zintzilikatu dira eta eraisteko eskatu dute
GKSk ohar batean azaldu duenez, "Erorien Monumentua frankismoan hainbeste langile hil zituzten faxistak omentzeko eraiki zuten". "Horregatik, eraistea defendatzen dugu", adierazi dute.
Aitor Esteban: "Ez dago arrazoirik Getxoko alkatearen dimisioa eskatzeko, ez dago ikerketapean"
Aitor Esteban EBBko lehendakariak Euskadi Irratian azaldu duenez, eskura duten inofmazioaren arabera, "alkateak ez zuen inoiz eraikina botatzeko baimenik eman" eta promotoreari leporatu dio ekintza hori. Udalean "dena egin da legearen barruan" bere hitzetan, baina ziurtatu duenez, bestelako informaziorik ateratzen bada, eurak izango dira "lehen interesatuak gauzak argitu daitezen".
'Herritu' ekimena aurkeztu die Gure Eskuk gizarte eragileei
Euskal komunitatea sendotzeko beste jauzi bat emateko sortu zen udazkenean 'Herritu' dinamika, eta atxikimendu gehiago eskuratzeko lanean jarraitzen du Gure Eskuk. Gaur Euskal Herriko hainbat gizarte eragileren aurrean egin dute aurkezpena, Bilbon. "Norberaren euskal herritartasuna adierazteko tresna bat da eta euskal komunitatea trinkotzea du helburu", esan du Gure Eskuk.