Sozialistak, Parisko Alkatetzari eusteko moduan
Emmanuel Gregoire buru duen ezkerreko koalizioak irabazi du, eta Anna Hidalgoren lekukoa hartzen saiatuko da bigarren itzulian.
Alderdi Sozialistak, Frantziako Alderdi Komunistak eta Ekologistak osatzen duten koalizioak botoen % 38,7 lortu ditu Parisko udal hauteskundeen lehen itzulian, Elabe Berger Levraultek egindako aurreikuspenen arabera.
Emmanuel Gregoirek gidatutako hautagaitzak Rachida Datiren errepublikanoen hautagaitzari gailenduko litzaioke, % 24,9ko babesa lortuta; eta Sophia Chikirou Frantzia Intsumisoko hautagaiak, berriz, botoen % 12,1 eskuratuko lituzke.
Laugarren postuan Horizons zentro-eskuineko alderdiko Pierre-Yves Bournazel legoke (% 11,6), eta bosgarren postuan Sarah Knafo, Reconquête alderdi ultraeskuindarreko hautagaia (% 9,6).
"Parisko herriak buruan jarri gaitu lehen itzuli honetan", nabarmendu du Gregoirek, "errepublikanoen eta aurrerakoien eremuko boto-emaile guztiei" dei egin aurretik, bigarren itzuliari begira. Izan ere, sozialistek Frantziako Estatuko hiriburuan 25 urte daramatzate agintean, azken 12 urrteetan Anna Hidalgorekin, eta jarraipena eman nahi diote horri.
Marseillan Benoît Payan izan da bozkatuena (% 36,7), Frantzia Intsumisorik gabeko ezkerreko koalizio baten buru, nahiz eta oraingoan Franck Allisio Bilgune Nazionaleko hautagaiari (%33,6) alde urria atera dion.
Nizan, Eric Ciottiren Errepublikanoak izan dira bozkatuenak (% 42,6), Christian Estrosi alkate ohiaren aurretik (Horizons, % 31,3).
Lyonen, orain arteko alkateak, Grégory Doucet ekologistak, botoen % 37,5 lortu ditu, Jean-Michel Aulas zentro-eskuinak babestutako independentearen kopuru bera. Atzetik Anaïs Belouassa-Cherifi Frantzia Intsumisoko hautagaia geratu da, % 9,7rekin, Ifop-Fiduzialen estimazioaren arabera.
Beste hiri batzuetan, Perpinyan kasu, Louis Aliot eskuin-muturreko alkateak botoen % 50,61 lortu ditu eta, beraz, bigarren itzulirik gabe lortu du Alkatetza. Antzekoa gertatu da Meauxen, Jean-François Coperekin (zentro-eskuina), Lensen Sylvain Robertekin (ezkerra) eta Cannesen David Lisnardekin (zentro-eskuina).
Calaisen Natacha Bouchart alkateak (eskuin independentea) ere bere karguari eutsiko dio eta Saint-Amand-les-Eauxen Fabien Roussel Frantziako Alderdi Komunistaren idazkari nazionalak jarraituko du alkate.