Generalitateko presidente izateko gehiengoa duela jakinarazi dio Salvador Illak Rulli
Salvador Illa PSCko lehen idazkari eta Kataluniako Generalitateko presidentegaiak larunbat honetan iragarri duenez, presidente izateko beharrezkoa den gehiengoa duela jakinarazi dio Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteari, PSCk ERCrekin eta Comunsekin akordioa lortu ostean.
Presidente egiteko prozesua legearen arabera baina "ahalik eta azkarren" egiteko eskatu dio Illak, Kataluniak lehenbailehen izan dezan gobernu berria. PSCren Zuzendaritza Batzordeak gaur Bartzelonan egin duen bileran eman du Illak horren berri. Izan ere, PSCrekin adostutako akordioa asteazkenean onartu zuten "komunek" (bozketan parte hartu zuten kideen % 98,4ren babesarekin) eta ostiralean onartu dute ERCko kideek.
Illa "oso pozik eta itxaropentsu" azaldu da. "Politika onak irabazi du, eskuzabaltasun ariketa bat da, ez egoismoa", azpimarratu du.
Hautagai sozialistak ERCrekin eta Comunsekoekin hitzartutakoa "osorik betetzeko" konpromisoa hartu du. Alderdi horiekin "desadostasunak" ditu PSCk, baina "aurrera egiteko balioak" partekatzen dituela gaineratu du.
Presidentegai sozialistaren hitzetan, katalanek "politikarik onena" merezi dute, eta horren adierazle dira inbestidurarako lortutako akordioak. "Politika ona erantzukizuna, zorroztasuna eta zerbitzu publikoa da", esan du. Dena dela, itunak zabaltzean "eragozpenak eta zailtasunak" izan daitezkeela aitortu du.
Illaren ustez, sozialisten bakarkako gobernua ahalbidetuko duen hiruko aliantza horrek "itxaropenerako etorkizun kolektiboa" ekarri du, "blokeotik" ihes eginda eta "zortzi milioi katalanei aukerak" eskainiz.
Akordio horiek "Kataluniari bikaintasuna erakusten jarraitzeko aukera eman behar dute", Illaren aburuz. "Lan egiteko eta gobernatzeko garaia da", erantsi du.
Horrekin lotuta, Kataluniako Parlamentuko Presidentetzako iturriek jakinarazi dute datozen orduetan Rull talde parlamentarioekin harremanetan jarriko dela astelehenetik aurrera alderdiekin bilera-sorta abiatzeko.
Lehenengo bilera Illarekin berarekin egingo du, eta ERCko ordezkariekin eta Comunsekoekin bilduko da ondoren.
Akordioa arratsaldean sinatu dute
Bestalde, Illa Generalitateko presidente izendatzeko akordioa larunbat arratsaldean sinatu dute PSC eta Comuns alderdiek. San Ildefonso liburutegian elkartu dira, Cornella de Llobregaten (Bartzelona), 17:00etan, eta Salvador Illa PSCko lehen idazkariak eta Jessica Albiach Comunseko presidenteak sinatu dute.
Illaren inbestiduraren aurkako manifestazioak deitu dituzte ANCk eta CDRek astelehenerako Kataluniako Parlamentuaren aurrean.
Puigdemontek ziurtzat jo du atxilotu egingo dutela
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak ziurtzat jo du atxilotu egingo dutela Kataluniako Parlamentuan izango den inbestidura saiorako Espainiara itzultzen denean. "Bere asmoa aurrera ateratzen badute, badakit zer espero dudan eta zer egin behar dudan", esan du X sare sozialean zabaldutako gutunean.
Diru publikoa ustez bidegabe erabiltzeagatik atxilotzeko agindua indarrean dago Puigdemonten aurka, eta atxilotuz gero, kartzelan luze egon daitekeela aitortu du presidente ohiak.
"Badakit nire itzulerak atxiloketa eta espetxeratzea ekar ditzakeela, auskalo zenbat denborarako", adierazi du Puigdemontek. Dena dela, ohartarazi du ez duela utziko "negoziazio-gai" gisa erabil dezaten, ezta "Kataluniaren independentziaren aldeko borrokari uko egiten dion erabaki politiko bat ordaintzeko" ere.
Junts
Bestalde, Junts per Catalunyako Zuzendaritza Batzordea gaur bildu da, ezohiko bilera batean, eta Puigdemonten hitzak bere egin ditu.
"ERCk alternatibarik txarrenaren alde egin izana deitoratzen dugu, Illak historiako PSC espainolistena ordezkatzen duelako", azpimarratu du Carles Puigdemont presidente ohiaren alderdiak. "Gure botoak baliaraziko ditugu independentziarantz aurrera egiten jarraitzeko", ohartarazi du.
CUP
Bestalde, Laia Estrada CUPeko diputatuak prentsaurrekoan azaldu duenez, Illaren inbestidurak "eredu turistiko bortitzena defendatzen duen alderdi baten esku uzten du Katalunia; etxebizitzaren espekulazioa, aldaketa klimatikoa ukatzen duena, zerbitzu publikoak desegitearen konplize da, eta ustelkeria kasuekin lotuta dago". "Akordio horrek Kataluniako prozesuaren heriotza egiaztatzen du", gaineratu du.
Illaren inbestidura zalantzan egon liteke
Illaren inbestidura zalantzan egon liteke, Mar Besses ERCko diputatu eta Jovent Republica gazte erakundearen kidea Illari ezezko botoa ematea aztertzen ari baita.
"Gazteen esparruan erreferente den ERCko erakunde politikoa" da Jovent Republica, baina bien arteko harremanen protokoloak ez du zehazten gazte horiek ERCko gainerako parlamentarien boto bera eman behar duten.
Hala ere, Jovent Republicak "ERCren ildo politiko orokorraren eta hauteskunde dinamikaren menpe" jardun beharko du. Bessesen botoari buruzko erabakia Jovent Republicaren batzar nazionalean hartuko dute, eta horretarako ezohiko bilera egingo dute astelehen arratsaldean.
Zure interesekoa izan daiteke
Otsoaren ehizari bide ematen dion txostenak autonomia-erkidego gehienen babesa jaso du
Kataluniak bakarrik bozkatu du kontra, eta Euskadik eta Gaztela-Mantxak abstenitu egin dira. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa ere proposamenaren aurka agertu da.
Zer rol betetzen zituzten Abalosek, Koldok eta Aldamak musukoen auzian epaitutako talde kriminalean?
Auzitegi Gorenak epaian zehaztu ditu buruzagi sozialista ohiak, Koldo Garcia aholkulariak eta Victor de Aldama enpresaburuak erakunde kriminalean betetzen zituzten rolak.
Erkidegoak Migrazio Itunaren aplikazioan sartzeko eskatu diote Europari Pradalesek eta Clavijok
Ursula Von Der Leyeni zuzendutako gutun batean, lehendakaria eta Kanarietako presidentea kexu dira ekainaren 12tik indarrean dagoen itun horren inguruan "ez dagoelako elkarrizketarik, ez koordinaziorik ezta plangintzarik ere Espainiako Gobernuarekin".
Feijook baztertu egin du Sanchezen aurka zentsura-mozioa aurkeztea, baina Gobernuko kideak estutu ditu
PPko buruak baieztatu du babes nahikorik gabe ez duela zentsura-moziorik aurkeztuko. Hala ere, Sanchezek hauteskundeek deitu ditzala exijitu diezaioten eskatu die Exekutiboaren kideei.
Lehendakariak eta Sanchezek aldebiko batzorde berri bat egingo dute abuztua baino lehen
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du balio handikoak direla adostutako bi eskumen eskualdaketak.
Auzitegi Gorenak 24 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Jose Luis Abalosi eta 19koa Koldo Garciari, ustelkeriagatik
Auzitegi Gorenak aho batez eman du epaia, eta Victor de Aldama enpresaburuari ere eragin dio, lau urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri baitiote.
Botere Judizialaren Kontseiluak atea zabaldu du Peinado epaileari espedientea irekitzeko, Poliziari egindako aipamenengatik
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak trafiko azterketen eta nekazaritza aseguruen transferentzia sinatuko dute astelehen honetan
Azterketen eta aztertzaileen antolaketa, zirkulazio-baimenak ematea eta ibilgailuen matrikulazioa eskualdatuko dira, baita bide-azterketa eta berreziketarako zentroen kudeaketa ere. Nekazaritzako aseguruei dagokienez, ENESAren funtzioak bere gain hartuko lituzte Jaurlaritzak.
Peinadori espedientea irekitzea aztertuko du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Poliziari buruz esandakoagatik
Begoña Gomez auzipetzeko kaleratutako autoan epaileak esan du Poliziak ihes egiteko laguntza eman liezaiokeela Espainiako Gobernuko presidentearen emazteari.
Peinado epaileak Begoña Gomez epaitzea erabaki du, eta pasaportea kendu dio
Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak ustez egindako delituak ikertzen ari da epailea, eta ahozko epaiketa abiatu aurretik hartu ditu kautelazko neurriak. Halaber, Espainiatik ateratzea debekatu dio, eta hamabostean behin epaitegian agertu beharko du. Defentsaren abokatuak helegitea jarriko du.